AEK-k Korrika 17 aurkeztu du

Korrika 17 Trebiñun hasiko da 2011ko apirilaren 7an eta Donostian amaituko da apirilaren 17an. MAITAU, IKASI, ARI… EUSKALAKARI izango da Korrikaren lelo nagusia, eta honako hau 17. Korrikarekin AEK-k zabaldu nahi duen mezuaren laburpena: “Euskal Herrian bizi dena euskal herritarra bada eta euskalduna euskaraz dakiena, nola deitu behar diogu euskara maitatu, ikasi eta erabili egiten duenari? Nola, euskaraz bizi denari? AEK-k eta Korrikak horiei guztiei izena ipini nahi diete Korrika 17rekin: euskara maite duena, ikasten eta erabiltzen duena, EUSKALAKARIA da. Hauxe da, Euskaltzaindiaren “baimenarekin”, EUSKALAKARI hitzaren definizioa: euskara maitatu, ikasi eta erabiltzen duena. Euskara erabiltzeko helburuz, euskara maitatuz, euskara ikasi, eta hobetzeko ahaleginak egiten dituena. Horretarako urratsak ematen dituena.

Korrika egiteko, grina eduki, oinez jakin eta abiatu egin behar da. Erortzeko beldurrik gabe. Euskaraz egiteko, maitatu, ikasi eta aritu egin behar da. Hanka sartzeko beldurrik gabe.

Tipi-tapa, tipi-tapa… Euskal Herria euskalduntzeko herritar bakoitzaren egitekoa, garrantzia eta protagonismoa aldarrikatu nahi ditugu.

Tipi-tapa, tipi-tapa… Bakoitzaren abiapuntua zeinahi dela ere, herritar guztiak euskalakari izango diren Euskal Herria da Korrikaren azken helmuga. Euskal Herri euskalduna da AEKren azken helburua. Maitatu, ikasi, ari… euskalakari!”

Edizo honetako omendua berriz, Euskaltzaindia izango da. AEK-k eta Korrikak Euskaltzaindiak euskararen egitura linguistikoa eta gramatikala eraikitzeko egiten duen lanaren errekonozimendua egin nahi dute, eta euskalkiak bazter utzi gabe, euskara batuak euskararen biziraupenari eta erabilerari berari ekarri dien onura eta jendartearen eta bizitzaren esparru moderno guztietan izan duen eragina azpimarratu. Besteak beste, euskalduntze lana bere osotasunean ulertuta (corpus gramatikala, sustapena, irakaskuntza eta erabilera), euskararen batasuna erabakigarria eta ezinbesteko tresna izan dela gogoraraziz.

17. Korrikaren berrikuntzen artean EUSKALAKLIP lehiaketa dago, edozein adin tarteko jendeak, baina bereziki gazteek, ikus-entzunezko baliabideekiko duten hurbiltasuna kontuan edukita, 2011n burutuko den Korrika Kulturala 17ren barnean ikus-entzunezkoen sorkuntzari lekua egin nahi dion bideo lehiaketa berezi eta berritzailea.

korrika 17, aurkezpena

Irudia | korrika 17, aurkezpena | Korrika | LGPL