Administrazio auzitegiak kolpea Zizur Nagusiari
Administrazio auzitegiak kolpea Zizur Nagusiari –
Argi eta garbi, Administrazioen eskumena da zehaztea zein lanpostutan den nahitaezko euskaraz jakitea. Hona hemen zer dioen abenduaren 15eko 18/1986 Euskarari buruzko Foru Legeak, III. kapituluan, euskara eremu mistoan erabiltzeari buruz:
“17. artikulua. Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Administrazio Publikoei zuzentzeko. Eskubide honen erabilera bermatzeko, aipatu Administrazioek honako hau egin dezakete: a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zein lanpostutarako izanen den nahitaezko euskaraz jakitea zehaztu. b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskararen ezagupena merezimendutzat baloratu”.
Horrexegatik, Nafarroako Administrazio Auzitegiak Zizur Nagusiko Udaleko 7 lanposturi hizkuntz profila baliogabetzeari oso larria deritzogu. Nafarroako Administrazio Auzitegiak, UPNren errekurtsoari erantzuna ematean, bere ahalmenak gainditu ditu. Zizur Nagusiko biztanleen ordezkarien borondatearen gainetik igaro da, Euskararen Legeari muzin eginda.
Zizur Nagusiko Udalari eskatzen diogu horrelakorik ez onartzeko, eta ebazpena errekurritzeko, injustizia hori zuzendu dadin.