Adierazpen askatasuna. Mozal Legeari ez! Mozal hiriari ez!
Adierazpen askatasuna –
Ia zazpi urte ditu oraintxe bertan Madrilgo Kongresuko Lan Taldean indar politikoek eztabaidatzen ari diren PPek bideraturiko Mozal Legeak eta urteotako datuek argi eta garbi erakutsi dute Eskubide Sozial, Zibil eta Politikoei frenoa jartzeko nolako tresna errepresibo garrantzitsua eta indartsua den Estatu espainolarentzat zein botere ekonomikoentzat.
2015eko uztailaren 1ean indarrean sartu zenetik ez dute etenik izan eskubide sozial, zibil eta politikoen aurkako polizia ezberdinen erasoek, ezta COVID19 pandemia garaian ere. Protesta sozial, sindikal zein politikoaren aurkako jazarpen judiziala nahiz poliziala eta jendarte kontrol soziala etengabe indartu dira Estatu espainolean Mozal Legea indarrean jarri zenetik.
Ia zazpi urte hauetan adierazpen askatasunak, mobilizazioak egiteko eskubideak eta informazio.
LEHENA. Mozal Legea, prozedura administratiboetan oinarrituta izanik, bere aplikazioan desagertu egiten dira zehapen-prozedura edo zigor-prozedura guztietan dauden berme nagusiak, besteak beste, epailearen presentzia. Ondorioz, erabakia beti ekintzaile sozialaren kaltean ematen da.
BIGARRENA. Mozal Legeak biltzeko, manifestatzeko, adierazteko eta informatzeko askatasun eskubideak murrizten ditu segurtasunaren izenean, beti ekintzaile sozialaren kaltean.
HIRUGARRENA. Agentearen segurtasun pertsonala -edota hauen familiena- dela medio, Mozal Legeak Poliziaren irudiak, datu pertsonalak edota profesionalak jasotzea ez, baina baldintza zehatz batzuetan ez bada zabaltzea, debekatzen du. Ondorioz, defentsa frogabide garrantzitsu bati ateak ixten dizkio, beti ekintzaile sozialaren kaltean.
LAUGARRENA. Mozal Legeak Poliziaren froga-balioa arautzean hauen hitzari froga balioa ematen dio, berdintasun prozesalaren printzipioa eta defentsa-eskubideari zein errugabetasun-presuntzioa hautsiz, beti ekintzaile sozialaren kaltean.
BOSGARRENA. Mozal Legearen aplikazioan legezkotasun-printzipioa hausten da, botere publiko baten egikaritza oro, indarreko legearen eta haren jurisdikzioaren arabera egin beharrean, Polizia agenteen borondatearen arabera egiten delako, beti ekintzaile sozialaren kaltean.
SEIGARRENA. Datuek adierazten dute mugimendu sozialak edo horiekin lotutako dinamikak zigortzeko joera argia dagoela, eta horren arrazoia izan daitekeela zigorgabetasun-esparru bat sortzea Poliziarentzat, hauek epaile eta alderdi bihurtzen baititu Mozal Legeak, beti ekintzaile sozialaren kaltean.
Eta, ZAZPIGARRENA. Esandako horretatik guztiarengatik ondorioztatzen da Poliziak eta administrazio guztiek zigor-zuzenbidea argi eta garbi erabiltzen dutela egungo status quo-a defendatzeko eta, oro har, zalantzan jartzen duten mugimendu eta erakundeen aurkako errepresio-arma gisa erabiltzeko, beti ekintzaile sozialaren kaltean.
Eta hori gertatu da 766.416 aldiz 2015-2019 urte bitartean Estatu espainolean, hau da, 2020ko martxoan Covid19aren pandemia sartu artean. Estimaziorik serioenek, milioi bat espediente zabaldu direla esaten dute eta isunetan jasotako dirutza ehunka miliotakoa dela.
Hego Euskal Herri osoan ere emaitza izugarria da. Polizia Nazionalek, Guardia Zibilek eta Udaltzaingoak herriz-herri ekintzaile sozialen aurka jarritako beste milaka zigor daude. Denetara, lau herrialdeetan 28.000 espedientetik gora zabaldu izana da estimaziorik ziurrena. Hauetatik, 8.000tik gora eskubide sozial, zibil eta politikoekin zuzenean lotutakoak, 2015-2019 bitartean. Hemen ere 2020 eta 2021ean datuak asko okertu dira.
Poliziei berdin izan zaie etxebizitzaren eskubideen aldeko mugimendua kolpatzea, mugimendu ekologista, mugimendu feminista, euskal presoen aldekoa, langabetu eta prekaritzatuen mugimendua, ama hizkuntza erabili nahi izan dutenak zigortzea, errefuxiatuak espultsatzea… Dena bihurtu dute delitu: biltzea, manifestatzea, abestea, idaztea, hitz egitea, informatzea, protestatzea… Horregatik guztiarengatik, Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politiko gehienek Mozal Legearen indargabetzea eskatu dute behin eta berriro. Baina kasurik orain arte.
BAINA ORAIN POSIBLE DA. Madrilen osatu zen gehiengo parlamentario berriarekin, Sanchezen Gobernuak Mozal Legea indargabetzeko benetako aukera du eta hala egingo zuela esan zuen bere programan. Ez dugu eskatzen mugimendu sozialen aurkako 155. artikulua den Mozal Legea “demokratizatuko” duten ekimen erreformistarik, Mozal Legearen indargabetzea da eskatzen duguna.
Gauzak horrela, behean izenpetzen dugun eragile sozial, sindikal eta politikook Madrilgo Kongresuan parte hartzen duten euskal indar politikoei dei egiten diegu Lan Erreforman egin zuten moduan, Mozal Legean bozketan ere ez diezaiotela inolako babesik eman Mozal Legearen indargabetzea ez den proposamenari, baldin eta Lege horren benetako eraldaketa ez badakar behintzat.
Hori aldarrikatzeko, Satorralaia, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Gure Esku Dago, Bizilagunekin, Bilgune Feminista, Bake Ekintza Antimilitarista, Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, Alde Zaharreko Gazte Asanblada, Ernai, ELA, LAB, Steeilas, ESK, EH Bildu, Sortu, Equo Gipuzkoa, Podemos, Tabernarien Plataforma, eta PIZTU Donostiak datorren abenduaren 15ean, 19:00etan, Donostiako Bulebarrean PIZTU Donostiak antolatutako PROTESTALDIAn parte hartzeko dei egiten diegu herritarrei, eskubide sozial, zibil eta politikoak baitaude jokoan.
SINATZAILEAK
Maria Luisa SANCHEZ, Andoni RODRIGUEZ, Joseba ALVAREZ, Urko SEISDEDOS eta Loren ROCA PIZTU Donostiaren izenean.
Donostia, 2022ko abendua