Absentismoa

Absentismoa –

Rikardo Arregi, Noticiasen.


Urtean pare bat aldiz, gutxienez, enpresaburuek absentismoaren gaia ateratzen dute oso modu sentsazionalistan, horrelakoetan datu beldurgarriak plazaratu eta ia-ia apokalipsia iragartzen dute. Enpresaburuen elkarteei kasu eginez gero, badirudi inor ez doala lanera. Kontua apur bat aztertzen bada, argi eta garbi ikusten da absentismoaren definizioan dena sar daitekeela, baita gaixorik dagoelako etxean geratzen den jendearen kasua ere; izan ere, guzti-guztiari deitzen zaio absentismoa.

Absentismoa
Pascal Gómez eta Iñigo Urkullu. JOSU CHAVARRI ERRALDE

Ekainaren hasieran Arabako enpresaburuen elkartearen txanda izan zen: Urkullu lehendakariari urrezko domina emateko antolatu zuten ekitaldian (bide batez, zenbat domina eman diote Urkulluri azken aldian?) elkarteko presidente Pascal Gómezek adierazi zuen absentismoa dela euskal enpresen “krisi berria”, “balio falta” izugarriarekin lotu zuena, eta “guztion artean” aterabidea bilatu behar diogula arazoari, “honek ezin duelako horrela jarraitu”. Urkulluk, jakina, bat egin zuen kezkaturik kargua ere uztekotan zegoen Gómez jaunarekin. Betiko datu beldurgarrien artean hauxe: batez bestea eginez, Arabako langile bakoitzak 25.5 egun dago bajan urteko; baja horien artean amatasun-bajak daude, gaixoaldi-, istripu-, aitatasun-bajak, baimenak (legezkoak, lan-hitzarmenetan daudenak) eta abar, den-dena. Ez da matematika asko jakin behar atzemateko amatasun-bajak berez luzeak direla, eta estatistika loditzen dutela. Bilera berean “erronka demografiko” delakoaz aritu ziren, baina badirudi inork ez zuela pentsatu horrek amatasun eta aitatasunarekin zerikusia duenik.

Laburbilduz, gehiegi gaixotzen garela (eta haurdun gelditzen), eta medikuek bajak barra-barra ematen dituztela goxoki merkeak izango balira bezala, zeren langile guztiek ondo baino hobeto baitakite zer gerta dakiekeen lanera joaten ez badira arrazoirik gabe.

Beharbada gaixorik egonda ere (mina, sukarra… ) lanera joateko izan dugun ohitura, “balio” hori, galtzen ari da. Ondo galduta, nire ustez. Kalbinismorik gabeko kalbinistak izan gara askotan Euskal Herrian.

Absentismoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude