Abiapuntuaren garrantzia analisi zuzenak egiteko
Abiapuntuaren garrantzia analisi zuzenak egiteko –
BERRIA egunkarian idatzitako artikulu batean (“Deriba erreakzionarioa geldiarazi”, 2024-10-17an) (www.berria.eus/iritzia/artikuluak/deriba-erreakzionarioa-geldiarazi) Andoni Olariaga filosofoak migrazioaren eta kolonialismoaren arteko harremanaz jardun zuen. Bertan, besteak beste, hau aipatzen zuen: “Iparralde globalean bizi garen herri eta pertsona garen aldetik, Hego globalaren esplotazioan oinarritutako bizi-eredu batean oinarritzen garela jakitun, migrazioaren gaiari modu emantzipatzailean erantzuteko erantzukizuna dugu”.
Bat gatoz Olariagarekin eskuin muturrak migrazioarekiko duen jarrera salatzeko. Giza eskubideen erabilera maltzurra egiten dute eskuin muturreko ideologoek, eta orain mespretxatu egiten dituzte historian zehar politika inperialisten bidez modu basatian zapaldu eta esplotatu zituzten herrialdeetako herritarrak.
Hala ere, migrazioen auziak ertz asko ditu. Olariagak bere artikuluan aipatzen duena egia izanik ere, ez da egia osoa. Migrazio-fenomenoaren azterketa integralaren falta sentitzen dugu, maila berean jartzen baititu estatuak eta gurea bezalako estaturik gabeko nazioak erantzukizunak banatzerakoan. Eta hori ez da bidezkoa.
Olariagari eta immigrazioaren gaia jorratzen duten beste aditu euskaldun batzuei gauza garrantzitsu bat ahazten zaie, analisi horretarako funtsezkoa dena: eztabaidaren abiapuntua. Ahaztu egiten zaie aipatzea Euskal Herria estaturik gabeko nazio zapaldua dela, nazio ukatua, zatitua eta kolonizatua. Ez dakigu Olariagak eta besteek abiapuntu hori onartuko duten, baina gure ustez funtsezkoa da hori gogoan hartzea migrazioari buruzko eztabaida behar den bezala kokatzeko. Gure egoera ez da Espainiakoa, Frantziakoa edo Alemaniakoa, hots, estatua duten lurraldeena. Horiek burujabetza osoa dute haien politika propioak egiteko, tresnak eta baliabideak dituzte migranteak integratzeko eta, batez ere, haien kulturak eta hizkuntzak ez daude egoera zaurgarrian, eta -horrenbestez- migrazioak ez ditu haien hizkuntza hegemonikoak higatzen. Gu, bistan da, ez gaude egoera berean.
Gure mendekotasun nazionala aintzakotzat hartu gabe, nekez egin daiteke migrazio-fenomenoaren eta bere ondorioen azterketa objektiborik.
Guk uste osoa dugu immigrazioaren eztabaida egokia eta zentzuzkoa egiteko ezinbestekoa dela abiapuntu horretatik hastea. Gure zapalkuntza nazionalaz abstrakzioa egiten badugu, eztabaida jatorritik kutsatuta dago. Izan ere, abiapuntu oker batetik ateratzen diren ondorioak ezin dira inoiz zuzenak izan.
Euskararen egoera eta estatusa Euskal Herrian, adibidez, ez dira espainierarena Salamancan edo Cuencan. Horregatik, immigrazioaren ondorioak ere ezberdinak dira bi kasuetan. Gurea bezalako babesik gabeko gutxiengo nazional batek immigrazioa jasotzen duenean, haren ondorioak askoz latzagoak dira immigrazio hori burujabea den gehiengo nazional batek (Frantzia edo Espainia, esaterako) jasotzen duenaren aldean. Immigrazioa ez da berez kaltegarria, baina emaitza ezberdinak eragiten ditu testuinguruaren arabera. Gai honetaz idazten diren lan askotan ez da alderdi hori aipatzen, gure ustez oso garrantzitsua dena.
Dudarik gabe, gaur egungo Euskal Herria kultur-anitza da. Onar dezakegu aniztasun horrek gizarte aberatsagoa eta dinamikoagoa egiten duela. Baina ez dago zalantzarik aniztasun horrek ere arrisku bat dakarrela, euskal idiosinkrasia bera ahultzea, hau da, euskaldunok euskaldun bezala Euskal Herrian bizi ahal izateko zailtasun gehiago izatea. Zilegi da gure nortasun kolektiboaz kezkatzea mundu gero eta globalizatuago batean, are gehiago gure mendekotasun nazionala eta burujabetzarik eza kontuan hartuz gero.
Nabaria da euskalduntasuna Euskal Herrian ezin dela aniztasun horren atal bat gehiago izan beste askoren artean, baizik eta, gure identitate nazionalean oinarrituta, mundu globalizatu bati dagokion aniztasun guztien topagunea, autoktonoen eta etorri-berrien artean eraiki behar duguna.
Lekutan gaude eskuin muturreko jarreretatik, gure Herrian beti anti-euskaldun eta unionista espainiar (edo frantses) izan direnetatik. Haatik, uste dugu premiazkoa dela Euskal Herrian demografiari buruzko eztabaida zuhur, lasai eta sakona burutzea, bateragarriak izan beharko liratekeen bi printzipio zuzen eta etikoak uztartzeko: etorkinek bizimodu hobe eta duin bat edukitzeko duten eskubidea, alde batetik, eta Euskal Herriak bere hizkuntza, kultura eta nortasun kolektiboari eusteko duen eskubidea, bestetik. Inork ez du galtzaile irten behar afera honetan.
Behar beharrezko irakurketa. Estatu egitura gabe desagertzera kondenaturik gaude.
Lehenik eskerrik asko Naziogintza taldeari euskaltzale asko, agerian ez bada isilean bederen, xifritzen dituen gai honi atakatzea gatik. Bizpahiru ohar eginen ditut:
Konprenitzen dut artikuluak atsolutuki erakutsi nahi duen eskuin muturretik bereizi nahi izaite hori baina egiari zor eskuin muturrak du jendearen arreta erakarri imigrazio masiboaren ondorioen gainera eta ez da beti izan erraiten diren arrazoi higuingarri batzuengatik baizik eta orai guhaur beranduxe diskubritzen ari garen zentzu onezko arrazoi nabarientzat.
Gero ez uste ukan estatua duten herri gotorrek fenomenoa menperatzen dutenik. Ez da bakarrik indar eta baliabide kontua baizik eta ideologia kontua ere. Eta boterean duten elite globalizatuak immigrazioaren alde da erabat bere-bereak dituen arrazoientzat. Herri horien populuak ere jadanik noraezean daude eta ez dugu dena ikusi.
Bada gauza bat beti ahanzten duguna, kantitatearena daalegia. Gauza guzientzat bezala, immigrazioan ere bada neurriaren edo kopuruaren arazoa. Imigrazio neurri bat ongi da, imigratuentzat eta indigenoentzat, asimilazioa egin daitekeelako, baina emigrazio masiboa kaltegarria denentzat: imigratuentzat miserian biziko baitira eta indigenoentzat beren identitatea perilean jartzen dutelako.
Nahasmendu politiko eta sozial asko ekarriko du ezinbestez.
Beharrean eta perilean den urkoa behar ginuke pertsonalki salbatu gure kultura judeo kristauak eskatzen digun bezala, aski da samaritanoaren parabola gogoratu bainan oraiko imigranteen etorrera masiboa ezda gehiago moral kontua zinezko problema kultural politiko latza estatuen eskuen artean, hitz horiek zerbait erran nahi badute.
Beraz guretzat estaturik gabekoentzat arazo latzagoa da oraindik. Ez dago gehiago ez dakigula erraiterik.
Gai hau pentsatu beharra dago gure artean manera arrazoitu eta orekatuan bestenaz ez du merezi erraitea euskal herriaren etorkizunaz arduratzen garenik.
Adeitasunez
Naziogintzak transmititu nahi digun mezua, hasteko, bi aldetatik egiten du herren.
Alde batetik imigrazioari buruz dagokionez, egungo “Estatuek” ere ez dute gai hori kudeatzeko ahalmenik. Gai horretan eta pixkanaka beste guztietan erabateko boterea Europar “Batasunaren” esku dago, komisioa buru duela, benetako talde kriminal antolatua.
Beste aldetik, Euskal Herria Estaturik gabeko naziotzat hartzea labirintotik irteteko inolako ikuspegirik ez izatea da.
Gezurra dirudi gogoratzea gure Estatu-erakundeak bahituta daudela gaur egun, gure lurralde okupatuak eta gure herri azpiratua, eta horrek seriotasun, koherentzia eta erabakitasun falta adieratzen du horrelako proposamenetan.
Nabarrako Estatu baskoia da euskaldunok geuretzat aitortzen dugun Estatu bakarra, eta ordutik ez dugu gurea bezalako beste inor aitortzen
Gure Estatu-enteari jarraipena ematea, Frantzia-Espainiako delinkuentzia inperialista antolatuaren eskuetatik erreskatatuz da gure asmoak betetzeko baliabide guztiak jarri behar ditugun helburu programatikoa.
Immigrazioari buruzko eztabaidak sarritan erraietatik egiten dira, eta ez burutik. Baina artikulu hau oso zentzuduna iruditu zait. Bat nator artikulugileekin: beharrezkoa da eztabaida lasaia eta orekatua gai honetaz, eskuin-muturreko jarreretatik aldenduta baina kontuan hartuz immigrazioaren eragina gure hizkuntzan eta kulturan. Eta politika eraginkorrak bilatuz migranteen integraziorako euskal gizartean.
Ados naiz erabat , Euskaltzale, gogoeta (eztabaida baino) lasai eta orekatua eraman behar dugula gai erabakigarri horri buruz. Beharbada gu iparraldean zuen aldean partikulazki hunkituak gara pairatzen dugun frantses erdaldun inbasioagatik.
Baina harritzen nauena da nola “eskuin-muturreko jarreretatik aldenduta” erreserba hori berehala geitu behar duzun .
Orekatua izaitekotan ez ote zinuen erran behar “eskuin-esker mutur guzietatik”.
Ene inpresioa da urteetan ideologia ezkertiar batek itsutu gaituela pundu bateraino nun ez baiginen gehiago kapable bereitzeko imigrazio masibo bat bere behin betiko desmasiekin imigrazio normal, asimilagarri eta onugarri batetik.
Kontu horretan, anitzetan bezala, kantitatea edo kopurua erabakigarria da eta neurri bat pasatu ondoren “migranteen integraziorako plitika euskal gizartean” gezur hutsabilakatzen da. iruzurra ez bada.
Adeitasunez.