Abian dira CAF-Elhuyar sariak, aurten berrikuntza ugarirekin

po36-caf-elhuyar


Dibulgazio–artikulu originalak kategorian 2.000 €-ko bi sari emango dira inoiz argitaratu gabeko dibulgazio-artikuluei; bata dibulgazio-artikulu orokorrei dagokiena, eta bestea egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluari dagokiona. Gazteei zuzendutako zientzia-narrazioak kategorian, 5.000 €-ko sari bat izango da gazteei zuzendutako euskarazko literatura-lan hoberena aurkezten duenarentzat. Lan horiek zientzia- edo teknologia-gaien presentzia izan beharko dute, betiere. Azkenik, Zientzia-kazetaritzaren arloko lanak kategorian, 2.000 €-ko sari bat egongo da jokoan, eta 2009. urtean argitaratu diren kazetaritza-lanak aurkeztu ahal izango dira, edozein formatu eta generotakoak.

CAF-Elhuyar sari berriek Elhuyarren CAF-Elhuyar Sariak eta Basque Research Tesi Sariak dituzte oinarri. CAF-Elhuyar Sariak zientzia-gaien euskarazko dibulgazioa eta, bereziki, idazle berriak sustatzeko sortu ziren; Tesi Sariak, berriz, euskal ikertzaile gazteen lanak ezagutarazteko. CAF-Elhuyar Sari berriak bi sariketa horiek bildu ditu, eta bi esparru berrietara zabaldu da: gazteentzako zientzia-narrazio lanetara, batetik, eta komunikabideek euskaraz egiten duten zientzia-kazetaritzara, bestetik.

Epaimahaia zientzia eta teknologiako adituek zein literatura- eta kazetaritza-munduko adituek osatuko dute, eta 2010eko apirilaren 30a baino lehen jakinaraziko ditu irabazleak.

CAF-Elhuyar sarietan parte hartzeko epea azaroaren 1ean ireki da, eta oinarriak www.elhuyar.org/zientziaren-komunikazioa webgunean daude eskuragarri.

Sariketa honek Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailaren diru-laguntza jaso du