Abian da 2025eko CAF-Elhuyar sariketa, kategoria berrituekin
Abian da 2025eko CAF-Elhuyar sariketa –
- CAF-Elhuyar sariketa Elhuyarrek antolatzen du, CAF enpresarekin batera eta NEIKERen babesarekin.
- Aurtengo edizioan kategoriak berritu dira, eta Begi berriz kontatzeko izango da leloa.
- Lanak aurkezteko epea 2025eko uztailaren 1era arte egongo da zabalik.
Abian da CAF-Elhuyar sariketaren edizio berria. Sariketa honen helburua da zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa eta kazetaritza bultzatzea, saritzea eta aitortzea, eta gai horiek gizartera hurbiltzea, argazkilaritza-lanak ere aitortuz. Elhuyarrek antolatzen ditu CAF-Elhuyar sariak, CAF enpresarekin batera eta NEIKERen babesarekin.
Aurtengo edizioaren leloa Begi berriz kontatzeko da, berrituta baitator CAF-Elhuyar sariketa. Gizartearen etengabeko bilakaerarekin bat eginez, kategoriak egokitu dira; artikuluak eta audioak saritzeko kategoriei, argazkilaritza zientifikoarena gehitu zaie. Gazteek leku berezia izango dute kategoria horretan, eta argazkien bitartez beren ikuspegia ematera gonbidatuko dituzte.
Kategoria hauek osatzen dute sariketa:
Dibulgazio-artikuluak. Euskaraz sortutako dibulgazio-lanak aurkeztuko dira, zientzia eta teknologiaren arlokoak.
• Orokorrak: edozein zientzia- edota teknologia-gairi buruzko dibulgazio-artikuluak.
• Norberaren ikerketan oinarritutako artikuluak: zientziako edota teknologiako norberaren tesietan oinarritutako dibulgazio-lanak edota norbere ikerketari buruzko artikuluak aurkeztuko dira.
Saria: 2.000 euro, oroigarri bat eta Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza.
Zientzia-kazetaritza. Kategoria honetan, argitaratutako kazetaritza-lanak aurkeztuko dira, bi formatutakoak.
• Idatzizkoak: euskarazko hedabide batean argitaratutako zientzia-kazetaritzako artikuluak.
• Audioak: zientzia eta teknologiako gaiak gizarteratzeko irrati-piezak edo podcast-audioak, euskaraz sortuak.
Saria: 1.000 euro, oroigarri bat eta Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza.
Argazkilaritza-lanak. Kategoria berri honetara, zientziarekin edota teknologiarekin lotura duten argazkiak aurkeztuko dira. Bi azpikategoria egongo dira:
• Helduak: 18 urtetik gorakoentzat.
Saria: 2.000 euro, oroigarria eta Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza.
• Gazteak: 14-18 artekoentzat.
Saria: zientzia edota teknologiarekin zerikusia duen esperientzia bat gozatzeko aukera (1.000 euro inguruko balioa) eta Elhuyar aldizkariaren urtebeteko harpidetza.
Horietaz gain, NEIKER saria emango zaio lehen sektoreari lotutako artikulu onenari; 2.000 euro, oroigarri bat eta Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza jasoko ditu saridunak, eta sari hau bateragarria da beste sariekin.
Lanak 2025eko uztailaren 1era bitartean aurkez daitezke, helbide honetan: cafelhuyarsariak.elhuyar.eus