Abertzaleak, belarritakoak eta erriñonerak?
Lokatzetara noa, aspaldian ez bezalaxe. Dabisat. Hiru egunetan irentsi dut Víctor Lenore kazetariak plazaratu berri duen saiakera, jada, arrakastatsua: ‘Indies, Hipsters y gafapastas. Crónica de una dominación cultural’, dio izenburuak. Garoa Kultur Labeko apaletatik ale guztiak dira desagertu, zirt edo zart (eskatu ditugu berriak). Lenorek ez du hipster/indie/gafapasta bat bera ere burua samagainean duela utzi. ‘Eusnob’ abestian Mursegok aipatutako guztiak erori dira, eta baita Beñat Sarasolaren Euscool Herriko biztanleak ere. Denak. Kultur kontsumo eta sorkuntza eredu kapitalista, indibidualista, arrazista eta, funtsean, klasista bat bezala irudikatzen du hipsterismoa Lenorek. Bere tesiari heltzeko argudio gisa, egia mingarri asko eta anekdota, zein, adibide ugari kontatuz. Zirkulo dabadabianoan eta kutxakulturrianoan arrunt diren jarrera eta poseak zartatuz, bide batez. Zure banda, aldizkari edo eta liburu-denda kuttuna ere ez dira libratu kamarada. Modernoen kontzientziaren dianan bete betean jo du idazleak. Baina, liburua kontatzen hasi baino, nahiago nuke erosiko bazenute. Ez baitzinatekete egiazko indie hipster gafapasta izanen, ale hau irakurri gabe. Ez al da hala?
Liburua probokatiboa da. Lenoreren tesiek ez naute batere komodo sentitu arazi. Konturatu bainaiz ni ere ‘hipster zantar’ bat naizela bere irudiko, eta pasarteak pasa ahala arrazoia aitortzen diodan era berean, ‘hipster alaena’ izatearena ezin izan dudala irentsi. Bera deshipstertizatua omen, ‘azpikultura’ honen definizio oso zehatz eta kritikoa egin du. Justua ote baina diana modernoengan (soilik) jartzea? Noraino iristen dira Lenorek aipatu balio hain gaitzesgarrien garroak?
Anekdotaz eta egoeraz josita dago saiakera, hasi eta buka. Ezagun izango zaizkigunak asko, enpatizatu araziko digutenak. Guztiak, bere tesia erori ez dadin, zoru bat erakitzeko erabili ditu autoreak. Thomas Frankek The Conquest of Cool (‘La conquista de lo cool‘, Alpha Decay, 2011) liburuan 60. hamarkadako amerikar kontrakulturaren asimilazioa kontatu bezalaxe, egiten du Lenorek. Asimilatuta jaiotako azpikultura da hipsterismoa bere hitzetan, Movida Madrileñaren kalkoa baloreei erreparatuta. Esaldi batean: “Etorkizuneko yuppieak beren buruari hipster izena jarriko diote”, Wiston Churchill. Kultura eskuindarra. Arrazista. Klasista eta kapitalista zeharo. ‘Akabatu behar dugu honekin’, dio funtsean. Eta bestelako korronteak aipatzen ditu eredu gisa; “Rock Radikal Vasco” delakoa edo eta latindar kutsuko musika -Manu Chao esaterako-. Demasa probokatibo izateko-edo, poligonoetako kultura txoni eta cania ere aipatzen ditu(erdi mailako izakiok asmatutako adiera klasistak bi hauek). Hipsterismoak hauek maila baxuagokoak izanagatik erdeinatzea kritikatzen du, berauen balioak goraipatuz. Konpromezu politikoa (“RRV”, Manu Chao), izaera herrikoa (“RRV”, Latindar musika, poligonoetako musika) etab…
15M-aren ondorio da segurki Lenoreren saiakera. Birpolitizazio eta autokritika baten ondorio. Baina nago, hipsterismoa baino, ‘azpikultura’ bat baino, belaunaldi oso bat dela kritikatzen duena. Inor ez dela salbu idazlearen egurretik. Ziur naiz ni ez naizela hipsterra, baina barneratuta ditut aipatzen dituen balioetarik asko. Musika latindarra maite dut, baita “RRV” deitua ere, baina, niri ere Wilco gustatzen zait, eta dirutza ordaindu izan dut antzoki superberri eta cool batean, jende coolarekin Wilco entzuteko. Nik ere 100 eurotik gora ordaindu nituen Tom Waits entzuteko Kursaalean, eta ni bezain pozik zen Euscool Herriko jende asko agurtu nuen sarreran. Iruditzen zait -eta honekin amaituko dut- lasai asko idatzi daitekeela liburu honen oso antzekoa, titulu gisa ‘Abertzaleak, belarritakoak eta erriñonerak’ edo ‘Heavyak, koletak eta bideo-jokoak’ jarrita.