Aberria balkoi batean
Aberria balkoi batean –
Herenegun hauteskunde eguna izan behar zen EAEn, eta igande honetan Aberri Eguna ospatu behar zen Iruñean. Lehena ez dugu ikusiko, oraingoz; bigarrena denboran mantendu da, baina ez espazioan. Euskal Herria Batera ekimenak eguna balkoietan ospatzera deitu du, hainbat pertsona ezagunen sustenguarekin.
Badira urte batzuk balkoiak guduzelai bihurtu zirela, hamaika aferen borroka eremu: presoen sakabanaketaren aurkakoa, arrazoi ezberdinak tarteko ikurriña jartzekoa (krespoi beltzarekin maiz), Nafar bandera errepublikarra eta bandera Navarra koroduna eskegitzekoa, zabor poltsa eta birziklapenaren aldeko ikurrak ipintzekoa, Athletickeko banderak (jo eta fuego, alde guztietan, erruz!)… gaur osasun sistema publikoaren aldeko izara zuriak jartzekoa; bihar, ziur aski, osasun sistema publikoak jasango dituen murrizketak salatzeko guraizeak jartzekoa.
Konfinamendu garaiotan sare sozialetan eta balkoietan daukagu gure plaza publiko txikia. Bazterreko plaza, periferikoa, gazteok ezagutu dugun Aberri Egun gogorrenetako batean.
- Nazionalismo espainiarra gandorra jarrita dabil. Autonomia zaplasteko batekin utzi dute konorte gabe. Kaleak militarrez eta poliziz josi dizkigute, haien pipar potoak bistan eta haien hitzik gabeko ereserkia bolumen altuan jarrita. Militarrek eta tortura ahalbidetu zuen barne ministro batek zuzentzen dute birzentralizazioaren karga, eta sirenak eta ez direnak entzun beharko ditugu haien ahotik.
- Euskal langile ugari ezinbestekoak ez diren lanetara joatea derrigortu dituzte. Aldiz, derrigorrezkoak diren zenbait lanetan jarduten dutenei ez zaizkie beharrezkoak ziren gutxieneko segurtasun bermeak eman. Azken urtetan sortu den aberastasuna esku gutxi batzuen esku geratu da; orain, ordea, galerak sozializatu egingo dira eta eremu publikoaren bizkar jarri. Kapitala bizitzaren gainetik jarri da.
- Hizkuntza txikiek ez badute axola, are gutxiago salbuespen egoeretan.
- Azken asteetan koronabirusaren ondorioz hil diren herritar guztien oroimena.
- Eskubide zibil eta politikoak, merkatal gune handien ordutegia luzatu eta ekoizle txikiei saltzea debekatu, presoak bisita gabe eta gaixorik daudenak eta 70 urte baino gehiago dauzkatenak barruan, elektrika eta telefono konpainia handien jokabidea…
Guzti horren aurrean ezingo gara kalera irten. Balkoia bihurtu da gure aberri, eta “Txoriak txori” abestuko beharko dugu gure kaiolatxoaren baitan. Kaiolatik kaiolara abestuz “Euskal komunitateko kide sentitzen garen guztioi erabakimena, garapen kolektibo eusgarria eta berdinzalea emango ligukeen Euskal Herria aldarrikatzea. Zinez sinesten dugulako, eskubide guztien jabe izango den gure nazioa eraikitzean, mundua hobetzen ari garela guri dagokigun partean».
Naomi Klainek dio historiak erakusten digula botereak shock egoerak baliatzen dituela beste egoera batean hartuko ez lituzken erabakiak hartzeko. Inoiz baino beharrezkoagoa da independentismoak abagune honetatik sortuko den inpotentziari eta etorkizun hurbilean etorriko den krisi ekonomikoak sortuko duen amorruari bide eta estrategia bat eskaintzea, eta testuinguru horretan koka genezake Aberri Egun hau.
Oso ondo, iritzi honekin ados nago.
Balkoia bihurtu dute gure kartzela: txoriok ezin dugu abestu esplotatzen eta zapaltzen gaituztenekin batera. Ez hori bakarrik. Ez da onargarria eta serioa batzuek (deitzaileen zerrenda bainio ez da ikusi behar) egun batean “mal menor” delakoaren alde egin, eta, hurrengoan kontraesan guztiak kanta batean urtu nahi izatea. Balkoian, txikia bada ere, noraezean ibil gaitezke ere.
Aranismoaren jarraitzale-proselitista askok aurkitzen ditugu oraindik han gure Amerri maitean, Nondik atera duzue data hau “Aberri” eguna moduan deitzeko?
JEL eguna ospatzea besterik ez dela eta.
Euskaldunok Amerri eguna Abuztuaren 15a dugu. 778an gure Estatuaren enbrioia eta 824an beren sorrera. Data haietan indarrez -politikak behartzen duen bezala- ezarri genuen gure subiranotasuna, gure burujabetza, inposizioaren bitartez, legez den bezala.
Abuztuaren 15ean jende guztia oporretan da, aberritik ihesi atzerriko edozein lurretan.