Aberria ala hil

Aberria ala hil –

Aberriaz mintzo gara egunotan. Nortasunaz, arimaz, senaz, etorkizunaz. Gai potoloak, existentzialak. Zilegi al da norbaitek aberriaren izenean hiltzea? Merezi ote aberriagatik bizia ematea?

Beatriz Artolazabalek garbi dauka: «ETAren indarkeriaren sorrera, diktadura frankistaren aurkako erreakzio gisa, ez zen saihetsezina izan. ETA akats bat izan zen sortu zenetik, alde guztiei mina eta sufrimendua baino eragin ez diena». Oraingo talaiatik iraganeko kontuak hain modu biribil eta absolutuan epaitzea… arriskutsua da.

Har dezagun —adibidez— duela mende erdiko Aberri Eguna, 1973koa. Ostegun Santuan Espainiako Poliziak, segada batean, ETAko buruzagi karismatiko Eustakio Mendizabal Txikia, Algortan erail zuen. Hilketak sekulako oihartzuna izan zuen. Euskal Herri antifrankista lutoz jantzi zen. Aberri Eguna bera bertan behera gelditu zen. Zer esan zuen orduan EAJk? Orduko erbesteko lehendakari eta Artolazabalen alderdikide historiko Jesus Mari Leizaolak mezua zabaldu zuen, gaztelaniaz eta euskaraz. Buenos Airesen argitaratzen zen Eusko Lurra aldizkarian, 1973ko maiatzean, 203. zenbakian agertutako erreferentzian, Leizaolak ez zuen Txikiaren borroka deslegitimatu. Aho bilorik gabe idatzi zuen. Jatorriz gaztelaniaz zegoen mezuan, Leizaolak «diktadore frankistak Euzkadiren gainean ezartzen duen terrorismo errepresiboa» gaitzetsi zuen eta, nolabait, justifikatu zuen Txikiaren ibilbidea, haren aipamena beren-beregi egin gabe: «Erregimen frankistaren indarkeria instituzionalizatu, primario eta zahar horrek beste bat ekarri du, Madrilen hainbeste eskandalu sortzen duen Erresistentziarena». Horrela idatzi zuen berak, letra larriz: Erresistentzia.

Euskarazko bertsioan, antzeko. Euzko-erritarrei zuzendutako oharrean, Leizaolak hainbat sektore hartu zituen gogoan (presoak, erbesteratuak…), baita «Madrid’en ezin aramana» pizten duen «Erresiztentziya» ere. Horrela, letra larriz, berriro ere. Amaieran «euzkotar guziyei» dei sutsua egin zien «Euzkadi askatzearen gogoa agerraztera».

Ez dakit Beatriz Artolazabalek duela mende erdiko prentsa klandestinoa irakurtzeko ohiturarik duen edota, hau irakurrita, berdin-berdin pentsatuko duen. Ez dakit. Seguru asko ez du bere iritzia aldatuko, ezta EAJk ere.

Dena den, Beatriz Artolazabalek gertukoago izan beharko luke memorian polizia frankistaren oroimena, bera Gasteizen enblematiko den auzo batean jaio, hazi eta hezi egin baita, Zaramagan hain zuzen ere; gris uniformedunek, 1976an, utzitako odolaren usaina oraindik ere bizi-bizi arnasten den langileen auzunean, alegia. Gurasoek lotura handia izan dute Zaramagarekin, bertoko batzokiaren kudeatzaile izan baitziren urte askoan. Egun batzokia joko-areto bihurtu da (horratx alderdiaren eboluzioa ilustratzen duen metafora gordina). Bada, batzoki izan zen horretatik oso gertu jazo zen Martxoaren 3ko sarraskia, San Frantzisko Asiskoaren elizan. Orduan, Poliziak —Txikia erail zuen berberak— bost langile akabatu zituen. Beatrizek ia 6 urte zituen orduan. Ez da gogoratuko. Ez zen bertan egongo, noski. Gerora, zerbait entzungo zuen, ezta?

Hurrengo urteko Aberri Eguna, 1977koa, Gasteizen izan zen. Hura izan zen legez kanpo antolatu zen azkena. Martin Villak debekatu eta gero, EAJk Loiolan antolatzea erabaki zuen. Haiena legezkoa izan zen; bestea, ez. Gasteizkora, gerora Herri Batasuna osatuko zuten alderdiek deitu zuten, hiri setiatu batean. Kanpotik etorritako 1.500 poliziek hartu zuten hiria. Martxoak 10 zituen orduan. Egun kaotikoa, nahasia eta istiluz betea izan zen. Martxoaren 3ko biktimen garrasia oso presente zegoen. Beruna zen nagusi. Zeruan bezala lurrean ere. Boladaka, elur-busti erauntsiak. Uneka, aurpegi suminduen agerraldiak. Ipar haizea nagusi. Grisak non, oihuak han —zuek faxistak…— sirenak, manifestarien agerpen esporadikoak —ehunka batzuetan, milaka ahal zenetan— kolpeak, atxilotuak, ukabilak airean —zuek faxistak…—. Beatrizek 7 urte baino ez zituen. Ez da gogoratuko. Ez zen bertan egongo, noski. Gerora, zerbait entzungo zuen, ezta?

Orduko Gasteiz hartatik oraingora gauzak asko aldatu dira. Egun, arabarren jatorri aniztasuna inoizko handiena da. Alea astekariak gogorarazi berri digunez, ehun baino gehiago dira lurraldean presentzia duten munduko herrialdeak. Aberri asko eremu txiki batean. Baina nor garen, zer garen eta etorkizunean zer izan nahi dugun oraindik ere ezin erabaki jarraitzen dugu. Ez Txikia hil zuten urtean, ezta oraingoan ere. 50 urte joan zaizkigu.

Martxoaren 30ean Eusko Legebiltzarrak, enegarrenez, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria egin zuen. Errepublika eta erabakitzeko eskubidea uztartzen dituen ez legezko proposamena onartu zuen EAJren, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen babesarekin. Eta? Nola gauzatuko da erabaki hori? Zer egiteko kapaz gara hori lortzeko?, nolatan?, norekin?, noiz?

Independentzia ez dago modan. Inkesta guztietan ageri da: independentziaren aldeko jarrera apaldu eta epeldu egin da. Garai batean ardatz eta erdigune zena egun biribilgune bilakatu da. Eta hor gabiltza bueltaka, Gasteizen hain famatu egin diren biribilgune horietako batean kateatuta. Eta, jakina, eremu horietan ezin da abiadura handian joan, biribilgunearen irteera topatu artean bederen.

Baina, zer da gaur egun aberria? Gabriel Rufianek, orain dela gutxi, Madrilgo kongresuan galdera hori egin zuen: «Zer da gaur egun aberria? Armada bat?, futbol-talde bat?, himno bat?, errege bat?, zer da? Hori guztia izan daiteke. PP, Vox eta PSOEko zenbait jenderentzat aberria bandera bat da. Baina, zer gertatzen da bandera hori altxatzen duen jendearekin? Horixe baita benetan ardura duena. Aberria bestea da, eta, batik bat, jende hori nola bizi den».

Joseba Sarrionandiak berak aspaldi idatzi zuen bezala, aberria, oraindik ere, «betetzeke eta betetzeko» dagoen zerbait da. Horretan datza erronka. Egun, gero eta gutxiago entzuten da Fidel Castrok, duela 60 urte baino gehiago, zabaldu zuen «aberria ala hil» lelo anti-inperialista hura. Aberriaren kontzeptua etengabe aldatzen, osatzen eta berritzen ari den zerbait da. Baina, edozein kasutan, etengabeko eraikitze-lan horretan memoria —eta ez desmemoria— izan beharko genuke lagun.

Aberria ala hil

berriarentzat egindako kolaborazioa

Kazetaritzan doktorea eta gizarte komunikazioan ikertzailea, EHU

2 pentsamendu “Aberria ala hil”-ri buruz

  • Barkaidazu, baina Aberria EDO hil. Ala baztertzailea baita eta ez da Euskal Herria osoan usatzen. Zer nahi duzu, kafea ala tea? Kafea Edo tea? Ez dira bergauza. Herriko Tabernarekin afera bera dugu, asmatu zutenek Herriaren Taberna esan nahi zuten, baina ez zuten asmatu.

  • Txema Ramirez de la Piscina 2023-04-16 11:44

    Kaixo Nagore:
    “Ala” baztertzailea ez dut nik auzaz aukeratu.
    Historikoki Castroren leloa horrela itzuli izan da:
    Aberria ala hil; ez Aberria edo hil.
    Mila esker iruzkinagatik.
    Txema.