Abenduaren 6an ez dugu ezer ospatzeko

Abenduaren 6an ez dugu ezer ospatzeko –

Abenduaren 6an ez dugu ezer ospatzeko

Joan zen abenduaren 6an ospatu zuten espainiarrek, ohi bezala, haien Konstituzioaren eguna. Euskaldunontzat, aldiz, zorigaiztoko data horrek gure menpekotasun politikoa gogorarazten digu. Gure nazioaren sektore eta gizabanako batzuek egun horretan lan egin arren, euskal langile gehienentzat abenduaren 6a zubi luze baten lehenengo jai-eguna da, parentesi ludiko baten ataria. Lan-egutegi propio baten alde ez jardutea gure espainiar asimilazioaren beste zantzu bat da, estatu zapaltzailearen alde jokatzen duena.

Euskaldunok ez dugu ezer ospatzeko abenduaren 6an. Lehenik eta behin, espainolak ez garelako. Bigarrenik, ez dagoelako bere esklabotzaren eguna ospatzen duen esklaborik. Ez dagoelako bere kartzelatzearen eguna ospatzen duen presorik. Espainiako Konstituzioa euskaldunon kaiola da, gure eskubide nazionalak ukatzen dituen lege-markoa eta politika-markoa,  euskaldunoi inposatu zaiguna. Izan ere, historia-oroimenaz hainbeste hitz egiten den une honetan, amnesiari aurre egin behar diogu eta gogorarazi euskaldunok, duela 45 urte, Konstituzio arrotz hori errefusatu egin genuela. 1978an, erreferendumera eraman zenean, Hego Euskal Herriko hautesleen herenak besterik ez zuela babestu. Espainiarrek eman zioten harrera beroa ez genion eman euskaldunok eta, horrenbestez, zilegitasun-gabezia nabarmena dauka Konstituzio horrek Euskal Herrian. Era berean, gogorarazi beharrean gaude eskuin zein ezker abertzaleek ez zutela 1978an Espainiako Konstituzioa babestu.

Gizarte- eta politika-arloko arbuio handi horren atzean taxuzko arrazoiak zeuden, garai hartako abertzaleek argi ikusi zituztenak, eta gaur egun ere zutik dirautenak. Hau da Konstituzioan agertzen den gure eskubide nazionalen ukapenen zerrenda:

  1. 1978ko Konstituzioak Espainiako batasuna aldarrikatzen du. Ez dago batasun hori modu demokratikoan desegiteko aukerarik. Batasun horren defentsa armadari dagokio.
  2. Ez du Euskal Herriaren nazio-izaera onartzen. Nazio bakarra Espainia da.
  3. Espainiar hizkuntzaren hegemonia eta nagusitasuna azpimarratzen ditu: estatu espainiarreko herritar guztiek espainiera ezagutu behar dute. Ez da gauza bera gertatzen Hego Euskal Herrian gure hizkuntzarekin.
  4. Espainiar nazionalitatea inposatzen digu Hego Euskal Herriko herritar guztiei.
  5. Hego Euskal Herriaren zatiketa politikoari atea irekitzen dio.

Estatu espainiarrak Euskal Herrian duen zilegitasun-gabezia historiako arrazoietan ez ezik, oinarrizko arrazoi politiko batean datza: euskaldunok ez genuen 1978an onartu espainiarrek inposatu ziguten marko politikoa. Horrek zilegitasun osoa ematen digu nazioarteko auzitegietan estatu espainiarraren jarrera salatzeko. Ezetza eman genielako inposatutako Espainiako batasunari, monarkiari, espainiar hizkuntzaren hegemoniari, derrigorrezko espainiar naziotasunari, Hego Euskal Herriaren zatiketari… Indarrez ezarri ziguten haien politika-markoa, eta armadari eta epaileei hura babesteko agindua eman. Disidentzia politikoa espetxearekin zigortzen da, euskaldunok eta katalanek ongi dakigunez. Espainiar konstituzioaren mende gauden bitartean ez dago demokraziarik guretzat.

Ez da, hala ere, arbuiatzen dugun lehen konstituzio espainiarra. Lehenengoa ere gaitzetsi egin genuen euskaldunok, gure jatorrizko Konstituzioa baliogabetzen zuelako, hain zuzen. Cadizko 1812ko konstituzio famatuak nazio espainola aldarrikatu zuen, hemisferio bietako espainiarrak batzen zituena. Bide batez, Nafarroako erreinua desagerrarazi egin zuen 1841ean, eta Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Foru-sistema ezabatu 1876an. Are gehiago, XIX. mendeko absolutismoa euskaldunon askatasunaren etsai handia izan bazen ere, Cadizko lege nagusiak lotsagabeki baliogabetu zituen foru-erakundeak, nazio espainiarraren eta berdintasunaren izenean. Gero, Castaños jenerala bidali zieten gure orduko ordezkariei ezarritako testua zin egin zezaten.

Zoritxarreko konstituzio hura, arma mehatxupean onartarazi ziguten bezala, gaur indarrean dagoena ere armadak bermatzen du, beti gure borondatearen gainetik, lege bien erdian bizi izan ditugun odoluste itzelak ahaztu barik. Zeren, izan absolutistak edo liberalak, izan eskuindarrak nahiz ezkertiarrak, espainiarrak beti gailendu baitzaizkigu armen poderioz, mehatxuz edo gerra gordinaren bitartez.

Dena denkonstituzio hark aipatzen zituen beste hemisferioko espainiar ohiek, uztarri inperialetik euren buruak libratu zituzten bezala, gu ere askatuko gara konstituzioaren morrontzatik, geure nazioa sendotzen badugu.

Beraz, abenduaren 6a, jaiegun arrotza, gure menpekotasuna ospatzera behartzen gaituena, bilaka dezagun astegun buruzuri, eta hortik has gaitezen geure egutegi propioa aldarrikatzen Euskal Herri osorako. Gauden tokian gaudela eta ahal dugun neurrian, sala dezagun konstituzio hau eta adieraz dezagun publikoki, bertako alderdi politikoek eta erakundeek entzuteko moduan, guk geure konstituzioa nahi dugula eta badela garaia gai hau politikaren erdigunera ekartzeko.

Abenduaren 6an ez dugu ezer ospatzeko

Euskal kontzientzia nazionala lantzen duen taldea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude