Abaunza eta Geresta euskal presoen egoera oso larria izan daiteke
Frantziako Moulins-Yzeure kartzelako presozainek euskal presoei emandako tratu txarrak salatzeko Ander Geresta eta Jabi Abaunza presoek hasitako gose eta egarri grebaren hamaikagarren eguna da gaurkoa. GARA egunkariak gaur jakinarazi duenez, senideei atzo egindako dei batean Gerestak 15 kilo galdu dituela eta Abunzaren odoleko glukosa maila oso altua dela eta giltzurruna huts egiten hasi zaiola komunikatu zieten presoek.
Gerestaren kasuan, presoaren osasun egoera zela eta ospitalera eraman behar izan zuten baraualdiaren bosgarren egunean. Bertan, glukosa eta sueroa izan zitekeen beste produkturen bat ziztatzen zizkioten bitartean, loak hartu zuen, eta esnatu zenean besoak eta hankak esposatuta zituen. Ospitalean jarraitzekotan jarrera hartan mantenduko zutela egin zioten mehatxu bere zaintzaz arduratzen ziren poliziek eta, egoera honen aurrean, kartzelara itzultzea deliberatu zuen Gerestak.
Jabi Abaunzaren egoera are larriagoa izan daiteke. Presoaren senideek ez dakite suero edo glukosarik ziztatu diotenetz, eta jakinarazi dute ez dutela ospitalera eraman dutenik ere uste. Zenbat kilo galdu dituen ere ez dakite.
Presoen egoera dena izanda ere, Moulinsko presozainek ez dute euskal presoekiko jarrera batere aldatu. Azken egunotan biluztera behartu dute berriz ere Abaunza, eta uzki-azterketa bat egin nahi izan diote.