A eredua bizirik!
Hala ere aldaketa datorren ikasturtetik aurrera nabarituko omen da, aurtengo matrikulak bideratuta baitaude jada. Gazteleraren biziraupena arriskuan ikusten zuten familia guztiak lasai har dezakete arnas, euren seme-alabek Cervantesen hizkuntza aise mintzatuko baitute. Euskaraz, zipitzik ere ez noski…
Zorionez gutxinaka A eredua desagertzen joan da EAEko ikastetxeetatik eskaera falta dela eta. Guraso batzuk, ordea, Plataforma por la Libertad de Elección Lingüística delakoa eratu zuten A ereduaren biziraupenari bultzada emateko. Gustura egongo dira orain, Celaak euren otoitzak entzun dituela baitirudi.
Izan ere, nahiko frogatua geratu da ereduetan oinarritutako hezkuntza sistemaren urte guzti hauetan D ereduarekin gazteak EAEko bi hizkuntza ofizialetan espresatzeko gai direla. Hori ez da horrela gertatzen ordea gaztelerazko ereduarekin. Batxilergoa amaitzean, A ereduan ikasi duten gutxik dakite euskaraz hitz egiten.
“Euskara eta gaztelania nahitaez sartuko dira euskal eskola publikoan gara daitezen irakaskuntza programetan, bi hizkuntzen ahozko zein idatzizko ulermena eta adierazmena benetakoa izan eta gutxienez ohizko harremanetarako eta erabilerako hizkuntza gisa erabili ahal izan daitezen”, dio Euskal Eskola Publikoaren legearen 18. artikuluak. Baina idatzita dagoenetik asko aldentzen da errealitatea. Duela urte batzuk Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren aurkako salaketa jarri zuen ikaslearen kasua ere ezagutu genuen. Ikastetxetatik at euskara ikasteko inbertitu beharreko dirua erreklamatzen zion A ereduaren aurkako gurutzadan.
Hain urrun heldu behar ez izateko ez ote litzateke hobe euskara ez jakiteko eskubideari muzin egitea? Horretarako, gure haurrak, bertako bi hizkuntzak ikasiko dituen eredu batean matrikulatu besterik ez dugu.