900 sinadura eta aurki 1000… eta gehiago
Aipatutako komunikatuak dioen bezala, Donostiako Elizbarrutiak nortasun berezia du, Vatikano II. Kontzilioari atxikia eta Gipuzkoan, Euskal Herrian sustraitutako Elizan gauzatua. Horren erreferente ditugu Setien eta Uriarte gotzainak. Azken honek, Gipuzkoako Elizbarrutiaren izaera eta nortasuna onartu ditu, bera 2000.urtean gure artera etortzerako kristau elkarteak zeukan eliz eredua, “Eliza Ebanjelioaren zerbitzura” agirian jasoa, betez eta bultzatuz.
Hori da Munillarekiko dagoen kezketako bat: urratu egingo ote duen Elizbarrutiaren ibilbidea. Irakurri ahal izan dugu egunkarietan, Munillak irratian esan duela Eliza funtsezkoa dela euskal gizartea despolitizatzeko eta horixe dela euskal lurrean egiteko dagoena, herria despolitizatzea. Nire iritziz, horrek ez dauka zerikusirik gure gotzainen orain arteko irakatsiarekin, ezta ere Elizaren Irakaspen Sozialarekin.
ETAren indarkeria gaitzetsi dute behin eta berriz Setien eta Uriarte apezpikuek, baina areago joan dira, Ebanjelioari begiratu eta herri honen errealitatearen egiari helduz: ezinbestekoa da ETAren amaiera baina hori baino gehiago da bakea gure herrian, eta bakeak eskatzen du guztion arteko eta guztiontzako akordioa egitea elkarrizketaren bidez. Hori da euskal doinuz mintzatzea, hemen errotutako gotzainen hitza, alderdikeriarik gabea eta gure herriaren egian oinarritua.
Elizako Hierarkiak Munilla Donostiako gotzain izateko egin duen ezarpenarekin, Eliz ahots eta jokaera propio hori ezabatu nahi delakoan nago. Baita fedez eta gizatasunez heldua den kristau elkartea baztertzeko saioa dela ere, laikoak bultzatu dituena pastoral erantzukizunak beren esku jarriz.
Kezka sortarazten du gure arteko ahulenekiko sentibera den kristau-elkartearen etorkizuna, azkenekoen justizia eta duintasuna bilatzea zertan geratuko den, Gipuzkoako Caritas, espetxetuekiko pastoraltza, osasun arloa, haur eta familia katekesia… eta hainbat esparruren egintza zer bilakatuko den.
(Mikel Ugalde)
Espainiako eliza gidariak doilorkeria handiaz eraso diote oraingoan Euskal Herriko eliztarrei, Gipuzkoako anai-arrebei bederen. Hori azaltzeko frankismoaren garairaiƱo edo haren ondore izan den ETA-ren jarreraino jo beharko da. Ezin daiteke bestela argitu Espainiako eleiz gidari horrek euskaldungoari dioten gorrotoa. Eta hori da euren pekatua: besten argibideak, aukerak eta jokera zuzena ezin ikusia.
Eskerrak herri zaharra garen eta etsaiaren amarruak ezagutzen ditugun. Eramanpenaz aurrera eginaz, gaindituko ditugu, bada igarria da holakoen deideen moral ahuldura eta ihesian denborak baztertuko ditu.