‘8 apellidos vascos’-en arrakasta 8 datutan

Euskaldun eta andaluzen estereotipoak oinarri dituen filmak berak baino arrakasta handiagoa lortu duen zerbait bada, filmari buruz idazteko joera kontrola ezina da hori.  Oraindik ikusi ez dudan arren, nik neuk ere ezin izan diot tentazioari eutsi. Nork ez dio publizitate apur bat egin nahi Telecincok ekoiztutako modako komediari?

'8 apellidos vascos'-en arrakasta 8 datutan

Ekoiztetxeak zabaldutako datuen arabera, oraingoz 4,4 milioi dira Ocho apellidos vascos ikusi duten espainiar estatuko biztanleak. 2014ko film ikusiena da, eta 10etik batek ikusi du ia. Espainieraz grabatutako inoizko espainiar film errentagarriena ere bada, hiru astetan 24,9 miloi euro eskuratuta. Filma gauzatzeak 3 milioi euroko kostua izan zuen.

EAEn 413.710 lagunek bete dituzte zinemak Vaya Semanitako gidoilarien filma ikusi ahal izateko. Horrenbestez, bost biztanletik batek ikusi du, txarteldegian 2,4 milioi euro utzita.

Emilio Lopez Lazaro zuzendariak El País-i aitortu dioenez: “ETAk hiltzen jarraitu izan balu ez genukeen filma egingo”. Espainiar zinemak ETAri eskerrak eman beharko al dizkio?

Arrakastaren ostean, diruaren hotsak erakarrita edo ez, bigarren zati bat egongo dela aurreratu dute egileek, baina ziur asko, ez da Euskal Herrian kokatuko. ‘Nueve apellidos catalanes’ aukera gisa aipatu omen zuen zuzendariak berak, baina ezin jakin iruzkin ironiatsua edo egiazko asmoa oten den. Baina nolabaiteko jarraipena izango du. Hori ziurtzat jo dezakegu.

Bigarren zatiak zein izen izango duen ez badakigu are, ez dirudi ‘Ocho apellidos catalanes’ edota ‘Ocho apellidos madrileños’ izango denik. Izan ere, José Frade ekoiztetxeak bi izenak erregistratu berri ditu. Diruaren hotsak egileak ez direnak ere mugiarazi ditu antza.

The Hollywood Reporter aldizkari estatubatuarrean ere tartea eskaini diote filmari. Ez omen dute uste Espainiatik kanpo funtzionatuko duenik, “ez bada, gidoigile batek beste herrialde batera moldatzen duelako”. Besteak beste, euskara munduko hizkuntzarik zailenetakoa dela aipatzen du kritikak. Ese idioma raro y poderoso, you know.

Ez da erraza Boyeroren ahotik hitz ederrak entzutea, baina modako filma edozein erronkari aurre egiteko gai da. “Pelikula atsegina da. Barre egin dut hiruzpalau aldiz eta irria piztu dit hainbatetan, eta eskertzekoa da hori”.

Polemika sortu du filmak, baina El Mundoko Fernando Lazarok iradokitakoak logikaren mugak gainditzen ditu. Haren arabera, Oier Eizmendi Leitzako alkatearen dimisioak harreman zuzena du filmarekin. Dioenez, Euskal Herria ustez irrigarri agertzen duen filma Leitzan grabatzeko baimena eman izanak behartu du dimisioa ematera.

‘8 apellidos vascos’-en arrakasta 8 datutan

1986-(...)

3 pentsamendu “‘8 apellidos vascos’-en arrakasta 8 datutan”-ri buruz

  • Peru Dulantz 2014-04-08 12:18

    Nik aurrejuzkuak nituen film horren kontra (Vaya Semanita eta Irrikitaun ezin ditut jasan), bina aitortu behar dut Youtuben zati batzuk ikusita gustura berre egin dudala.

  • El Mundoko artikulua filma baino dibertigarriagoa iruditu zait. Ez da harritzeko, noski.

  • Ni ere atzera botatzen ninduen filmak, baina azkenean ikustera joan nintzen eta ez dago gaizki. Iruditzen zait euskaldunon ikuspuntua iraganekoa eta aurreiritziz josia dela eta, zoritxarrez, espainiarrena gaur egun duten bera dela.