7 asteazken 7 lanuzte ekimenarekin jarraitzen dugu!
7 asteazken 7 lanuzte ekimenarekin jarraitzen dugu! –
Irakasleak ez gaude geldi eta gaur, hirugarrenez, “Publikoaren alde-Muévete por la Pública” kanpainaren barruan bi orduko lanuzte deialdia aurrera eraman dugu: Altsasu, Irurtzun eta Leitzan elkarretaratzeak egin ondoren, asanbladatan bildu gara elkarrekin hezkuntzaren egoera aztertu eta zonaldeko irakasleon egoera eta ekintza proposamenak partekatzeko asmoz. Batzar aretoak bete ditugu eta irakasleek hitza hartu dute.
Gaurko batzarretan hainbat gai atera dira: landa eskolen egoera, gela unitarioek duten zailtasunaz gain baztertuak sentitzen baitira; bajen kudeaketen arazoak, hainbat plaza ordeztu gabe geratzen direlako denbora luzeegian; PT eta orientatzaileek dituzten ratio altuak, kalitatezko arreta ematea asko zailtzen dutenak; inklusioaren izenean irakasleoi eskatzen zaizkigun tresna berrien inplementazioa, -IDUaren modukoak- dagoeneko lan kargaz lepo gaudenean, etab. Honek guztiak irakasleon bakardadea eragiten du eta indar kolektiboa kentzen digu. Honen jakitun batzar hauek probesten ari gara denon artean kezkak partekatu eta erabakiak hartzeko.
Ekimen honen iraupena 7 astekoa izango da eta lau geratzen zaizkigu. Beste behin ere, gaur jasotakoaren berri emango diogu Hezkuntza Departamentuari eta, aldi berean, negoziatzeko borondateari eutsiko diogu. Bitartean, irakasleok ikastetxeetan eta kalean antolatzen jarraituko dugu.
Datorren martxoaren 19an, Zangoza eta Pirinio zonaldean batuko ditugu indarrak. Bertako irakasle eta hezkuntza komunitate osoa gonbidatzen dugu bat egitera eta egun horretan 9:00etatik 11:00etara Zangotza, Agoitz eta Garraldan egingo diren elkarretaratze eta batzarretan parte hartzera.
Irakasle borrokak aurrera darrai, lortzera goaz!