Matxinada Auzolanaren kontra, 60ko sumendi ideologikoan
Matxinada Auzolanaren kontra, 60ko sumendi ideologikoan –
“Arizmendiarrietaren gizaki eta gizatasun kontzeptuan, berekoikeriaren partea ignoratu gabe, funtsezkotzat izaera solidarioa eta kooperatiboa jotzen da. Eta gizakumearen aiurri koperatiboak, oinarriak: a) giza naturan dauzka, b) historian dauzka (euskal tradizio auzolandegietan, adbz.), c) erljioan dauzka, eta d) elkar hezkuntzan dauzka” (AZURMENDI, J., Gizabere kooperatiboaz, jakin, 2016, 135. or.).
Herri ororen baitan bere etorkizunerako gakoak daudela ondo baino hobeto zekien Arizmendiarrietak. Bide onerako, aurrebiderako ezinbesteko baldintzak, baliabideak, gakoak, herri ororen baitan daude, eskuragai, garaiko gakoak irakurtzen asmatuz gero, behinik behin. Alabaina, hori horrela ere, badago zerbait askoz garrantzitsuagoa Arizmendiarrietaren ikusian, herrien arteko aldea balioesteko orduan; herritik herrirako aldea zeratan baino ez zetzan, bere ikusian, derrigor bizi beharreko zituen zirkunstantziei, sarri askotan ez-faboragarri, zer nola, zer nolako adorez eta jarreraz ekiten zieten buru (REKONDO, J.A., Matxinada contra auzolan, cfr. 33. or.). Eta Euskal Herriak zituen aurre-baldintzei zegokienean, zein are garrantzitsuago zeritzon euskal jarrerari zegokionean ere, ezin baikorrago agertu zen hasiera-hasieratik Arizmendiarrieta. Horretan suma handiz jardun zuen Arizmendiarrietak.
“Iturri zaharretik ur berria”, hor datza herri ororen historian zeharreko aurrerabidea, iraganaldiak luzatutako jakindurian oin harturiko gerorako biderako gako berriak egoki asmatzean. Hein horrentan, suma on-onez jardun zuen Arizmendiarrietak, ordura arteko euskal legatuak eta orduko euskal ondareak zer eskainirik asko zutela oso jakitun. Guztion ona, euskal gizartearen ona iristeko biderako klabeak oro esku-eskura zeuden, are itxura guztien arabera panorama guztiz-guztiz kontrako zen horretan ere.
Herri baten tradizio guztiak ez dira enbor bereko ezpalak, ezta Euskal Herrian ere. Iraganaldiaren gaineko kontakizunak eta kontakizunak ditugu. Eta geure orainaldiaz zein iraganaldiaz elkarren guztiz kontrako errelatoak ditugu. Muturreko ezkerretik bortxazko jarrerak zuritu izan dituzteneko diskurtsoak hor egon dira beti, eta gaurko egunotara arte iraun dute.
Herri guzti-guztientan daude enbor oso ezberdinetako tradizioak. Beraiek bereiztea, eta denboran zehar beraiek nola obratu duten antzematen jakitea inportantea da. Hori azpimarratzen digu Rekondok zuzen onez bere liburuan. Erreparatu-azpimarratu ez ezik, bere liburuak berak egindako analisian aplikatu ere egingo du Rekondok. Nabarmen bereiz daitezkeen aurkakotutako bi baloreen paradgima zeuden agerian 60ko urteetako sumendi ideologikotzat jotako giro emankor bezain nahasi horretan. Bada, Rekondok aurrera egingo du, izendapen bana egokituko dio paradgima bakoitzari. Izendapen horiek hautatze aldera, buelta gehegirik inondik eman ez, esku-eskura dugun hitz-ondarea baliatuko du, eta, horretara, baita elkarren aurkatutako paradigma horiei esanahiz guztiz elkarren kontrakoak ere badiren bi euskal termino ezin egokiago aurkituko ditu. Guztion ona eraikitzerarekin hertsiki lotutako kooperatibismoaren paradigma-markoari “Auzolana”-rena deituko dio, berezko auzolanaren adiera arruntaren balore tradizionalak ere gaurkotzen dituelakoan. Eta, bestalde, beste paradigmari, ideolologikoki iraultzekin lotura duen horri, euskarazko “Matxinada” hitza egokituko dio, betiere ondo kontuan izanik zera eman nahi dela aditzera “matxinada” hitzaz: bidegabekeria objektibo zein subjektibo baten aurrean eragindako insurrekzioa.
Bi-biak azaldu daitezke euskal gizartearen tradizioan, bi-biek dute, eduki, euskal gizartean euren jatorria. Alabaina, gorago esanda moduan, kualitatiboki ez dira inondik maila berekoak. Bateko, Auzolanaren erakundetzeak euskal gizarteak duen berezko izaera kooperatiboaren berri ematen digu. Matxinada, aldiz, usantza eta tradizioei eginiko urraketen aurrean, beste biderik ezin aurkitu usteta, amorru kolektibo bizi-bizitik eragindako erantzun bortitzarekin legoke lotuta.
AUZOLANA (REKONDO, J.A., Matxinada contra auzolan, cfr. 32-40):
Auzolana terminoa atergabe hartu zuen ahotan Arizmendiarrietak bere idazkietan. “Auzoa”, batetik, zein, “lana”, bestetik, ezin adierazgarriagoak ziren euskal gizartearentzat. Orduko garai horretan enpresa eredu berri horri kontu egin nahian gabiltza. Eta, egiari zor, zin-zinez auzolana besterik da, herriari lotuta, auzoari, komunitateari, ez inondik enpresa giroari. Ezin esan hortaz gauza beraz ari garenik, tronpatuko ez bagara. Dena den, argi oso uzten du kontu hori Rekondok, horretarako kooperatibismoan aditua genuen Dionisio Aranzadiren iritzia bere lerroetara eramanaz.
Alabaina, Barandiaranen, Arizmendiarrietaren pentsamenduan guztiz erabakiorra izan zena, gogoetak baliatuko bagenitu, guztiz bestela aztertu genezake kontu hau. Bada, berorren kontsiderazioez-edo baliaturik, “morfologismo” itsua gainditu eta terminoak barne-biltzen dituen funtzioei eta oinarri duen esanahi sakonari erreparatu beharko genieke. Horrela arituz gero, eratorpenez-edo auzolana terminoaren helmen semantikoa bere osoan hartuko bagenu, orduan ulergarria litzateke oso Arizmendiarrietak termino hau baliatu izana.
Termino honen esanahi sakona baliatu nahi izan zuen Arizmendiarrietak. Pertsona eta komunitatearen arteko batasun elkartasunezko eta baketsuaren berri ematen digu ezin hobeto euskal gizarte tradizionalak hain berezko zuen auzolanak, Arizmendiarrietaren ikusian. Elkartasunezko bat egitean du oin hartzen Auzolanak, denon ongia garatze alderako bat egite delakoan, berorren kideen arteko aldeak eta aniztasuna guztiz errespetatuta, eta betiere pentsatuta taldearen onerako ezin aberasgarriagoak zirela. Horren kontrastean, ezkerretik ernatuz zihoazen bortxazko aldaera ezberdinak, denboraren denboraz, aniztasunaren kontra eginez, azkenerako komunitatearen zuztarraren beraren kaltetan arituko zirela pentsatu zuen Arizmendiarrietak:
“Nortasunik iñork galtzeke jaubetu beharrekoa da alkartasun gizaberetsua, indarkeririk oneratsi ezindakoa ta indarrik aundiena sorrerazi dagikena” (JMA. “Aurreraka. Memoria, 1973”. Archivo Arizmendiarrieta, cLP., lib 08, edición digital, 2008).
Halere, beste bidetik, Matxinada deitu izan dugun sektorekoak ere sutsu ari ziren:
“70ko urteetan bat-batean etorri zen ezker berrietatiko oholde bat Arizmendiarrietaren kontra, jo eta ke, atergabe, sutsu eta gupidagabe egin zuten bere obraren aurka, hein handi batean muturreko planteamendu utopikoetatik. Aipatu sektore ezkertiar muturreko hauek, herrialdearen erdigunetik guztiz alboratuak, gora eta gora ari ziren ezin konta ahala ekimen komunitarioren aurrean, ezin izan zuten diskurtso zinez kritiko bat artikulatu 60ko hamarralidaren bukerara arte (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo).
Hala eta guztiz ere, kooperatibismoaren arrakastari ezin izan zitzaion trabarik jarri. Areago ere, bere ezin dudatuzko arrakasta tarteko, kooperatibismoa bera gogo iraultzailearen hesi ideologiko modukotzat izan zen, Jakin aldizkarian, pena-penaturik, Ezker Abertzaleko eurodiputatu izandako Koldo Gorostiagak ezin argiago onartzen duenez:
“Kooperatibismoak ere konpetentzia egiten dio proselitismo iraultzaileari, eta horrek bere-berea duen arloan egin ere, hots, lagile multzoen artean, are mingotsagoa, beraz, konpetentzia. Izan ere, kooperatiba formularen erakar indarra bortitza da. Egitura bidezkoagodun gizartea zertzeko bidea, ekintza iraultzaile ezkutukoak berekin daraman zapalkuntza sofritu behar gabe noski, eta bidenabar bizibide erosoago bat lortzeko ere, horixe da kooperatibismoak herritar klaseei abantailaz eskaintzen diena” (Koldo Gorostiaga. “Kooperatibismoa zertarako”. Jakin, 7: 161-171, 1973).
Kooperatibismoa, ikastolen sorrerarekin batera, Auzolanetik ernatutako ekimenik arrakastatsuenak ditugu. Halere, ezin zenbatu ahala ditugu espiritu horretatik, herritik eta herrigintzaren baitan bultzatutako ekimenak. Herritik beretik sorturiko ekimenak izan dira, izaera guztietako herrikideak askeki bateratu dituztenak. Konpromiso pertsonaletik herrigintzan abiatu diren taldeak izan ditugu, ez baina goitik anulatutako jende-masa. Arizmendiarrietak euskal gizartearen antze-potentzial hau ezin argiago ikusi zuen, euskal nortasunarekin guztiz bat egindakotzat jo zuena, eta, halaber, demokratiko, liberal, pragmatiko, komunitario eta dinamiko iritzi zion.
MATXINADA:
60-70ko hamarraldi horietako sumendi ideologiko horren baitan, ETA ezberdinenak zein beren igurukoenak bere proiektuaren guztiz antitetikotzat jo zituen beti Arizmendiarrietak:
“Matxinadaz lortu oi danaz erririk ez da tikotzen. Izardiz eta lanaren bidez egin oi danagaz errien arteko artuemonak ornidu al izateko bearreko dogu lanbideak aurrera eroatea ta egunean baño egunean lanbide egokiagoak aldarri errion artean opa izatea. Gure erriak beste erriekin artuemonak onez eratu bearra izango dau berton bizi geran gizatsu bizi al izateko” (JMA. “Aurreraka. Memoria, 1973”. Archivo Arizmendiarrieta, CLP, lib. 08, edición digital, 2008).
Arizmendiarrietaren asmoez guztiz beste aldean, ENAMek eta bere sigizioak euskal gizarte masa, lehenik eta behin bere ezjakinetik askatu,eta gerora iraultzaren arrakasta estadioetara gidatzeko ardura hartu nahi izan zuten beren gain. Mounier-rek behin esanda moduan, baikortasun marxista jende-masan oinarritutako baikortasuna da, baina guztiz ezkortasun bilakatzen dena pertsonen etorkizunari dagokionean (MOUNIER, E., Manifiesto al servicio de personalismo).
Rekondok darabilen Matxinada terminoa ez da inondik ezerezetik ateratzen duen termino bat. Izanez ere, aspaldiko ENAMen sigizikoek bere egiten dute, 68koen epelean abiatutako ETAk egindakoen berri emateko. Horren adierazgarri-edo, esaterako, “La Rebelión vasca” izenburupeko liburuan Ezker Abertzalearekin guztiz bat egiten duen Andoni Olariagak darabilen “Euskal Matxinada”; edota, Sorturen 2016ko eta 2021eko ponentzietan agiriki Matxinada terminoaren zenbait aipamen.
Hortaz, ikusita moduan, bi paradigma guztiz elkar aurkakotuak. 60.etako sumendi ideologiko horren baitan, horren harira, Bernardo Estornes Lasak argiro bereizi zituen aipatu bi sektoreak:
“Bortxarena eta bakearena, atergabeko lan gogotsuan konfiantza duena, eta den-dena bat-batean eta tarteko urratsik gabe nahi duena” (ESTORNES LASA, B., Introducción al hecho moral vasco).
Igor Goitia
Matxinada Auzolanaren kontra, 60ko sumendi ideologikoan
Igor, libre zara nahi duzun bezala jokatzeko, baina eskertzekoa lutzateke iruzkinak izen bakarrarekin egingo bazenitu, bestela eztabaidak nahasgarriak suertatzen dira.
Ez bada auzolana zuk zeure buruan antolatu nahi duzula.
Baina tira, harira.
Zenbait galdera dauzkat:
Intsumisoak matxinoak dira? Ez diote herriari ekarpenik egin?
Eta gaztetxeak okupatu zituztenak eta dituztenak zertara dedikatzen ziren, auzolanera ala matxinadara, zure ustez? Gaztetxe okupatuek egin diote ekarpenik euskal kulturari? Ez?
Udalaren lokal bat okupatu zuten Jarraiko gazteak, herri olinpiadak antolatu eta hamarkada bat baino gehiagoz gazteria guztia lanean, euskaraz, mugitu zutenean, ez ziren matxinoak?
Negu Gorriak zein taldetan sartzen duzu, auzolanaren aldekoan ala matxinadaren aldekoan? Ez dio euskal kulturari ekarpenik egin? Ez du jenderik hurbildu euskarara? Ez du euskara mundura zabaldu, behialako apaiz poetak aldarrikatu zuen bezala?
Eta EAJk faxisten kontra armak hartu zituenean, auzolanean zebilen ala matxinadan?
Gure Esku Dago ekimena zer da, auzolana ala matxinada? Eta zuzendaritza kartzelaratu zuteneko Udalbiltza hura, Naziotasun Aitormena eta EHren Eskubideen Karta plazaratu zuena, ez zen matxinada?
Eta poliziaren bortxakeria, eta bortxakeria hori justifikatzen dutenak, matxinatuak dira ala auzolanean dabiltza?
Zure erantzunaren zain, adeitasunez.
Kaixo Ziriñe,
Asko estimatzeko dira zure hausnarketak. Luze joko lidake nire irtzia emateak. Horregatik, hein batean, hurrengo airtikulu batean
Nik uste, forma eta mamia bereiztea behar-beharrezkoa dela gaia gehiegi ez nahastearren. Zure erauntzunaren indarrak berak erakuste du ezin argiago bi paradigmen arteko talka ezin dela ukatu. Doala froga bezala ere, Arizmendiarrieta eta frankismoaren harira sortu den zalaparta.
Auzolan itxurapeko matxinada asko egon daiteke, alderantziz agian ez, ez dakit, igual bat.
Gai luzea da, hobe hurrengo artikuluetan.
Mila esker zure iruzkinagatik
Bai, gogoan ditut Jarraiko gazteak. Ze gauza polita olinpiadak, euskara… Eta kale borroka. Gogoan dut nola Jarraikoek erretzen zituzten kotxeak, puskatu dendak, jendea erasotu…. Bai, auzoetako pentsamenduaren polizia zen. Eta gero Jarraikoen promozioa, kaleetan altzari urbanoak erre-hondatu eta jendea jipoitu eta gero, ETAren lerroetara eta jendea hiltzera… Garapen polita. Ze matxinada ederra utzi ziguten Miguel Angel Blanco fatxista erahil zuten garai horietan!
Portzierto, EAJkoak ez ziren altxa fatxisten kontra, fatxistak altxa ziren Errepublikaren kontra, eta EAJkoak Euzko Jaurlaritza eraiki zuten, erakunde demokratiko bat, fatxistei aurre egiteko. Matiz txiki bat.
“Errudun izatetik libre denak bota dezala lehen harria”.
Mateo Txistu, kapitulo primero, bertsokulo sexto.
Denak errudun? Orduan kriminalak inozente! Noski, noski…