60ko sumendi ideologikoan, Arizmendiarrieta marxismoaren aurrean
60ko sumendi ideologikoan, Arizmendiarrieta marxismoaren aurrean –
60ko hamarrraldian politikoki eta sozialki Euskal Herriak bizi zuen egoeraren larriak, bateko, zein, jada berori ezin eramanezko izateak gori-gori jarri zuen idologikoki giroa, aurreko artikuluan aditzera ematen saiatu nintzenez. Bada, esanda moduan, ideologikoki sumenditzat jo zitekeen giro horretan, nagusiki bi paradigma zeuden elkarren aurka; bateko, Arizmendiarrietak urratzen hasi berri zuen kooperatibismoa, eta, besteko, Azurmendik deituriko “ezker berri” horiek eta beroien giroan sortu berri zen ETA.
Bada, kanpotik, Erregimen frankista tarteko, zein, barrutik, euskal gizarteari zegokionean, harako urte haietako urduritasuna tarteko, Arizmendiarrieta izan zenari arreta guztia eman eman nahi izan diot. Eta zergatik iritzi hain garrantzizko Arizmendiarrietari? Bada, gerra ostean, elkarren kontrakoak ziren euskal indar askoren ber-adiskidetze horretan, bera izan zelako, ziur asko, gehien nabarmendu daitekeen pertsona, Rekondok bere liburuan zuzen onez ohartarazten duen moduan (REKONDO, J., Matxinada contra auzolan, cfr. 23. or.). Askatasuna eta herria eraikitze aldera, euskaldunen arteko benetako batasuna izan zuen jo puntuan une oro Arizmendiarrietak.
“Susperraldi garaia” deituriko horretan, Arizmendiarrietaren eskutik sortu zen esperierientzia kooperatiboa dugu, ezbairik gabe, gertakaririk nagusiena, aipagarrienetarikoa. Hastapeneko esperientzia horretatik oso sistematikoki eta koherentzia handiz jorratutako diskurtso bat heldu zaigu, egun arte ere dirauena. Botere aldaketa gogotsu irrikatzen zuen sukar iraultzailearen aurrez aurre, horren kontra, kooperaziotik egin behar zen guztiz kontrako bidea aldeztu zuen sutsu Arizmendiarrietak. Eta, Rekondok azpimarrantzen duenez, bere biografo nagusia izan zen Joxe Azurmendik zera ikusi zuen ezin argiago Arizmendiarrietarengan eta bere kooperatiba-pentsamenduan: euskal herriaren espiritu sekularraren adierazpenik argiena. Halaber, Arizmendiarrietak zera ikusi eta azpimarratu zuen euskal gizartearen izaera-nortasunean; “lanerako gaitasun handia, elkartasunerako joera indartsua, zentzuzko eta oso prakmatikoa izatea, …, eta, oroz gain, denetariko helburuak zituzten erakundetze handi zein txikiak sortu izana” (REKONDO, cfr.23,. or).
Aipatu espiritu horren indarrak adoreturik hasi zuen kooperatibismoak bere ibilbidea. Hasierako orduko horretan, mugimendu kooperatiboa Azurmendik deituriko “ezker berriak” direlakoekin artean talka egin gabea zen. Gerora etorriko zen aipatu talka, behin ETAk 60ko hamarraldiaren erdi aldera ageriki marxismoarekin bat eginda, hortik segitu ziren elkarren jarraiko barne zatiketak eman zirelarik (REKONDO, cfr.24,. or). Marxisten sozialismoaren ereduarekin ez zuela bat egiten argi eta klar esan zuen Arizmendiarrietak: “Zera esan behar da lehenik eta behin, gizartearen eta historiaren bilakaera aztertzen duen teoria bat dela marxismoa, baina, betiere mugatu eta motz geratzen den teoria bat, denboraren errebisioetatik derrigor beti galbahetu beharrekoa, eta beren dogmatismo aldaezinek asko-askotan zapuzten dutena (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo, cfr. 614. or.). Nolanahi ere den, pertsona eta taldearen arteko egon beharreko orekak, boterean betiere behetik eta ez goitik ernaturik izan beharrak, merkaturako balizko lekuak, pertsonaren edigunetasunak, zein, oro har, humanismoarekin guztiz talka egiten zuten ezin konta ahala kontuk urundu zuten guztiz Arizmendiarrieta ETAren postulatuetatik, are indar armatua hasi baino lehen ere:
“Mugimendu kooperatiboa, izaeraz eta esentziaz guztiz demokratikoa, bestelako formulak egotea onartu, onartu egiten du, baldin-eta superestruktura instituzionalak joku demokratikoaren menpe badaude, halako moldez, non “plataforma politikotik” sorturiko dena delako mugimendu horrek berdintasunean baliabide finantzarioak zein bestelako baliabideak eskura izango dituen. Horrekin batera, pertsona erdi-erdigunean izango duen antolaketa-eredu bat lortze aldera, estrukturak eraldatzeko elkarlanari nor bakoitza aske eta libre bat lotu ahal izatea ezin garrantzitsuagoa da. Pertsona dugu beti ere aktore nagusia, bere lanaren elkartasunez jarduten duen pertsona. Hitz bitan, jarraiko eslogan hau bere egiten du: “ekonomian ez da demokraziarik egongo, baldin-eta maila politikoan aniztasunik ez badago” (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo, cfr. 615. or.)
Igor Goitia
60ko sumendi ideologikoan, Arizmendiarrieta marxismoaren aurrean