60ko sumendi ideologikoan, Arizmendiarrieta gidari

60ko sumendi ideologikoan, Arizmendiarrieta gidari –

Arizmendiarrietak garatutako espiritu kooperatiboa zerbait baldin bada, gaur egun arte dirauen praxi sozial ezin arrakastatsuago batean gauzatutako espiritua da, aurreko eguneko artikuluan adierazi nahi izan nuen moduan. Arizmendiarrietaren eredu kooperatiboa bizitza erdigunean duen ekonomia eredu arrakastatsuetariko bat-edo izan liteke, nioen aurrekoan. Bada, esan nuen hori esanda, Arizmendiarrietaren ereduaren  zer-nolakoan murgildu ez ezik, batere aldeko ez zituen harako frankismo garai horiek tarteko, ekimenari zer-nola ekin ahal izan zion jakiteko gogo bizia ere izan dut. Abiatutako jakinmin bide horretan, zerekin eta gai horretan ezin interesekoago iritzi diodan Jose Antonio Rekondoren Matxinada contra azolan liburuarekin egin dut topo. Ederra gero, nire ustetan, Rekondoren liburu honek ezin bikainago jasotzen digun guztia. 60ko hamarraldiko garari sozial eta politiko ezin latzago horretan, Arizmendiarrietaren eskutik betidaniko auzonanaren espirituak zer-nola eman zion segida espiritu koooperatiboari trinko bezainbat maisukiro jaso digu Rekondok. “Lana eta batasuna” ikur hartu zuen kooperatibismo solidario horren kontrastean, garai horretan bertan ere gaur egun “Euskal Matxinada” delakorekin lotuko genukeen iraultza-bide azkarrari ekin nahi izan zioten guztiz bestelako sektoreak zeuden gori-gori. Rekondok ondo asko adierazten duen moduan, sumendi idelogikotzat jo genezake, jo, 60ko hamarraldiaren bigarren edi aldera elkarren artean talka egiten zuten bi paradigma aurkakotu horiek sorturiko giroa. Nolanahi ere den, bi eredu horien arteko talkari erreparatu baino lehen, hobe, aurrena, 60ko urte horietako testuinguruari begiratzetik hasi.

60ko urte horietan boterez guztiz gabetua zegoen Euskal Herria. Politikoki egoera latz horri buelta ematea ere pentsaezina zen artean. Alabaina, kontuak horrela ere, sozialki ere latz ezin latzagoa zen egoera hori eraldatzeko ez zen aitzakiarik bilatu. Gertakariei so, ezin inondik ukatu orduan koperatibismoak urratutakoari indar demokratiko baztergabe bat zerionik, gerora berpizte sozial bati bide emango ziona, eta 70eko hamarraldiaren bukaeratik aurrerako berreraikitze poltikorako ezinbestekoa izan zena. (REKONDO, J., Matxinada contra auzolan, cfr. 15. or.)

Gustoko ez zituen gertakari eta egoera horren  aurrean, euskal gizarteak, denbora alperrik galdu ez, bere bide historiko urratzeari ekin, eta interes eta behar sozial handietako gizarte guneetan jardun zuen jo eta ke. Ekintzailetza ezin handiagoko garai horretan, bi ekimen ditugu bereziki aintzat hartzekoak, ikastolen sorrera bateko, eta kooperatibismoarena, besteko. Biak ala biak behetik, herritik beretik sortuak, zinezko herrigintzaren ikur, eta euskal gizarteari darion humanismo praktikoaren erakusgarri. Erregimenaren zama ezin gainetik kenduzkoa hor zegoela ere, eutsitako diskrezioak ez zuen  borrokaren garra inondik ere apaldu. 

Kooperatibismoak lortuak lortuta, euskal paradigma zibiko hau  urte luzeetan ez da denon gustukoa izan; ezin uka euskal gizartearen sektore batek gaizki ikusi duenik (edo are gaitzetsi ere), euskal gizarte zibilaren kontzientziarekin mesfidati agertu den sektoreak, euskal gizartea betidanik bere burua ber-antolatzeko duen gaitasuna ezbaian izan duen gizarte sektoreak. Konfiantza horren faltaz-edo, ETA ere sortu zen garai horretan, bortxazko ibilbideari ekingo ziona guztiz uste eta sinetsita zerabilen egia ideologikoak zilegitua zegoela. 

Luze joko luke baina  elkarren artean guzitz aurkako diren bi paradigma hauen gaineko gaiak. Sarreratxo moduan-edo besterik ez bada, gera bedi momentuz honaino esandakoa. Dena den, bi paradigmen arteko enfretamendu-giro horren erakusgarri, onena, Arizmendiarrietaren beraren hausnarketei erreparatzea. Honatx berauek lerro hauei buru emate aldera:

“Polemika horietan guztietan, Arizmendiarrietak beti bere asmoari eutsiko zion. Bortxazko iraultzaren aurrez aurre, bere arrisku larriak salatu zituen beti… Eraldaketa sozialerako, beti prozesu baketsu eta demokratikoen alde egin zuen, horietan eta beren ahalbidean guztiz uste eta sinetsita egonda. Helburu kooperatiboa horrekin hain justu lotua dagoela sinetsita dago Arizmendiarrieta. Berdinzale guztiz utopikoei kooperatiben esperientziarako oztopo eta traba iritzi zien, ezen, nahiz-eta maiz bere idealetan bat egin beraiekin, errealismoaren legea jarriko diete beti mahai gainean” (AZURMENDI, J., El hombre cooperativo, 735. or)

Igor Goitia

60ko sumendi ideologikoan, Arizmendiarrieta gidari

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

2 pentsamendu “60ko sumendi ideologikoan, Arizmendiarrieta gidari”-ri buruz

  • Nik ere irakurri berri dut Rekondoren liburua. Igor Goitiaren komentarioa oso ondo dago eta Joxe Azurmendiren azken zita ezin biribilagoa.

    Euskal Herrian 60 hainbat ekimen zibiko gertatzen ari ziren, heien artean ikastolak, euskal editorialak, kooperatibak… ETAkoak ere azaldu ziren baina ezaugarri bat zuten diferente: beraien ustez beste bakezko iniziatiba horiek “sistema” indartzen zuten. Ordea, beraiek ziren “sistema” suntsitu zezaketen bakarrak.

    Mako artean jartzen dut “sistema” hitza ez baita bakarrik sistema frankista baina batez ere sistema kapitalista eta parlamentarioa, gerora ETAk jarraituko baizuen.

    Orain Sortuko kideek beste historia bat kontatu nahi digute. Historia bat non eta kooperatibak eta ETA gauza konplementarioak ziren. Baina, Rekondok ondo erakusten duen bezala, ETA kooperatiben izpiritua eta praktikaren kontrakoa zen.

    Ez diezagutela historia aldatu borroka armatuaren desastre politiko-morala justifikatzeko. Eta era berean laudatu dezagun Arizmendiarrieta bezalako pertsona eraikitzailea. Bere obrak orain arte irauten du eta harro egoteko modukoa da.

  • Oso interesgarria diozun hori Uztarroz…
    Gaur Igor Goitiak berriz ere publikatutakoak diozuna berresten du.
    Ziria sartu nahi digute, baina , ehun Praile, berrehun potro. Ezin bestela izan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude