50 urte sindikalismotik ere nazio askapenari eta eraldaketa sozialari bidea zabaltzen
50 urte sindikalismotik –
Duela 50 urte, langile abertzale talde batek jarri zuen gaur LAB denaren hazia. Jarritako hazia ernaldu egin zen eta sustraiak bota. Sustraiei sendo eutsita, LAB hazi egin da, adarrak zabaldu. Eta haztearekin batera, ekosistema sindikala errotik aldatu du.
Bere ibilbidean zehar LABek defendatutako ideietako asko nagusi bilakatu dira euskal sindikalismoan: izaera soziopolitikoa, kontraboterea, independentismoa, sindikalismo feminista eta antirrazista. Bi estatuetakoarekin alderatuta, bestelako errealitate sindikala dugu egun Euskal Herrian.
Oztopo guztien gainetik, militantziaren txinaurri lanari esker, inoizko daturik onenekin heldu da LAB bere 50. urteurrenera: 50.000 afiliatu, ia %20ko ordezkaritza Hego Euskal Herrian eta inoizko ordezkari gehien Ipar Euskal Herrian. Alta, guretzat sindikatua tresna da eta ez helburu; gure xedea Euskal Herriaren nazio askapena eta eraldaketa soziala sustatzea da.
Nazio askapenaren ikuspegitik, herri hau desagerrarazteko estrategiak indargabetzen lagundu dugu. Tresna sozial, politiko eta instituzional propioak eratu dira eremuz eremu, besteak beste, eremu sindikalean.
«LAB da tresna horietako bat: sindikatu nazionala, inposatutako mugaren gainetik euskal langile guztien etxea eta borrokarako tresna»
Aurrera begira, nazioarte mailako krisi ekologiko eta ekonomikoari aurre egiteko, Euskal Herriak estatu tresnak behar ditu.Euskalduntze prozesuari, trantsizio energetikoari edota osasun nahiz zaintza sistemari dagokienez politika burujabeak behar ditugu. Arlo soziolaboralean ere, euskal langileen lan eta bizi baldintzak bertan erabaki ahal izateko, lan kode eta gizarte segurantza propioa behar ditugu. Euskal Herriaren prozesu eratzailea aukera eta bidea da eraldaketa sozialerako.
Honela, Lurralde antolaketaren eta nazio aitortzaren auzia eztabaidagai dagoen honetan, Euskal Herriko hiru lurraldeetan estatus juridiko-politiko berriak sustatzeko tenorea da. Sindikalismo soberanistak ekarpena egin behar du, eragile aktibo izan eztabaida horiek bultzatzen; langileen artean pedagogia soberanista eginez, langileen aldarrikapenak agendaren erdigunera ekarriz. Geure lan eta bizi baldintzei dagokienez erabakitzeko ahalmen osoa eskuratzea da estatus berri horiei LABek eskatuko diena, hots, euskal esparru sozioekonomikoa, lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa eratzea.
Eraldaketa sozialari dagokionez, geroz eta bortitzago ageri da kapitalismo heteropatriarkal eta koloniala: desberdintasun sozialen areagotzea, hondamendi ekologikoa eta gerren ugaritzea eragiten ari da. Krisi sistemikoaren aurrean, ezkerra baino, eskuin muturra da Europan indartzen ari den joera politikoa. Gure herria ere ez dago jarrera indibidualista, autoritario eta arrazisten eraginetik salbu. Hala ere, zorionez, estaturik gabeko hainbat naziotan, Irlandatik hasi eta Euskal Herriraino, ezker subiranismoa indartzen ari da alternatiba gisa.
«Hemen badago bestelako politika publikoak eskatzen dituen esparru sozial, sindikal eta politiko zabala»
Mobilizazio garrantzitsuak ematen ari dira, hala nola, eremu publikoko langileen greba eta mobilizazioak; zaintza eraldatzeko Greba Feminista Orokorra; edota bizitzaren garestitzeari eta prekarizazioari aurre egiteko borroka sindikalak. Langile jendeak agortua dagoen ziklo politikoa gainditu eta alternatibak nahi ditu.
Ezkerreko independentismoa da alternatibaren erreferentzia, lantokietan, kalean nahiz instituzioetan. Eremu bakoitzaren autonomia aintzat hartuta, eremu desberdinetatik burujabetzaren eta eraldaketa sozialaren norabidean bultza egiteko unea da. Kapitalaren interesak erdigunean dituzten bi estatuetatik askatu eta bizitza erdigunean izango duen Euskal Errepublika independentea sortzea da erronka.
Gu ez ginen jaio erresistentzia egiteko soilik, irabazteko jaio ginen. Kontraboterea egiten dugu, herri boterea eratzen laguntzeko, nazio askapenean eta eraldaketa sozialean aurrera egiteko. Eta horixe da, 50 urteren ondoren, LABen konpromisoa: langileon antolakuntza eta borrokaz, Euskal Herriaren nazio askapenerako eta eraldaketa sozialerako bidea zabaltzen jarraitzea.
…
Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo
LABeko Koordinatzaile Orokorrak