42 urte besterik ez
42 urte besterik ez –
Itsaso Zubiria Etxeberriak ARGIAn.
Ezagutzen zaitudanaren sentsazioa dut, eta hainbeste gauza entzunagatik, batere ezagutzen ez zaitudanarena ere bai. Ondo ezagutzen zintuen jendez inguratuta bizi izan naizelako izango da, Zeruko Argiatik ARGIAra pasatzeko bidearen, Egunkaria Sortzenen eta Euskaldunon Egunkaria-ren sorreraren historia eta azpi historiak makina bat aldiz aditutakoa naizelako, akaso.
Ezagutzen zaitut argazkietan, Txindokiko puntan ez dakit askotan, baina Larraizko oroigarriaren bueltan hamaika aldiz ibilia izango naiz, umetako garaira naraman gizon bizardun haren marrazkiari jira eta buelta. Maddi eta Jon.
Hogeita hamar urte pasa dira 1993ko urtarrilaren 12tik. Hil zinenetik. Bakarrik? Dagoeneko? Luze eta motz, begiratzen duten begien arabera. Euskarazko egunkaria arrakastaz kioskoetan utzita alde egin zenuen. Lanak eginda. Hori izan baitzen, Joxe Mari Ostolazarekin 1980. urtean kaputxinoei Zeruko Argia erosi eta ARGIA izatera pasa, talde berria sortu eta aldizkaria indartsu martxan jarri zenutenaz geroztik buruan izan zenuen proiektua…
Joxemi (1950-1993)
Elbira Zipitriaren ikasle izana, etxetik zekarren euskara eta euskal kulturarekiko maitasuna. Bartzelonan arkitektura ikasketak hasi baina bukatu gabe bi urteren buruan itzuli zen, soldadutza egin eta Ordiziako Producciones Metálicas Gaztañagan delineatzaile lanetan aritzeko. Hiru bat urteren ondoren bueltatu zen Donostiara, etxera, Fotocomposiciones Egia tailerrean diseinu eta muntaketa lanak egiteko. Zeruko Argiarentzat lan batzuk egiten zituen enpresa honek eta ordurako ezagutzen zituen kideek egin zioten aldizkarian lanean hasteko proposamena. Hasieran diseinuan eta muntaketan, geroago arduratuko zen marrazkiez eta azalaz.
Zeruko Argia ixtear zela-eta egin zieten langileek fraideei proposamena, eta beste erosle bat bazegoen ere, lortu zuten, zortzi milioi pezetako zorretan sartuta, enpresa erostea. Okendoko kaputxinoen lokaletik Egia auzora lekualdatu zen talde gaztea.
1986an egin zuen Joxemik euskarazko egunkariaren lehen proposamena eta lantalde osoa jarri zuen buru-belarri proiektuan. Erakundeetatik ahaleginak egin baziren ere delako euskarazko egunkari horrek beste bide bat har zezan, ARGIAko gazteek lanean jarraitu zuten 1990eko abenduan Euskaldunon Egunkaria martxan jarri zen arte –tartean antolatu zuten Egunkaria Sortzen lantaldea, lortu zituzten akzio erosleak eta egin zituzten diru-bilketak, diseinatu zuten enpresa oso bat, administrazio kontseilua, kazetari taldea…–.
Bi urte gehiago egin zenituen. Hamabi urte pasatxoko bizia izan zuen Egunkaria-ren lehen bi urteak ezagutu zenituen. Oinez ikusi zenuen. Eta zoritxarrak zorion txiki bat ere izan zuen, bizitzak ez baitzizun 2003an Madrilgo estoldak ezagutzeko aukerarik eman.
Eta, bitartean, esan gabe doa, ARGIAko kideok, atzokoek eta gaurkoek, ez ditugu bidean galdutako lagunak ahaztu; badakigulako nondik gatozen.
Handia Joxemi. Benetan handia.