40 urteko borroka askatasunaren alde
Stonewall-eko (New York, EEUU) gertakarien harira jaio zen Gay harrotasun eguna, duela lau hamarkada. 1969ko New Yorken homosexualak eta transexualak esetsita zeuden. Ohikoa zen poliziak gobernuaren baimenarekin LGBT kolektiboaren aurka egitea. Ekainaren 28an Stonewall tabernan sarekada baten egin zuten, itxuraz alkoholaren legez kanpoko salmeta dela eta. Baina benetan, gay, lesbiana, bisexual eta transexualen aurkako ekimena zen. Identifikatu eta atxilotu ugari egon ziren eta taberna kanpoaldean jendea haserretzen hasi zen eta denbora gutxian egoera kaotikoa bilakatu zen. Liskarren harira, lehen aldiz lesbiana, gay, bisexual eta transexualak kalera atera ziren euren eskubideen alde.
Koldobike Mujika, Gehitu-ko kidearen hitzetan “oraindik beharra dagoelako” ateratzen dira urtero urtero kalera: “Aurreratuenetakoak gara gu, baina jazarpena izugarria da munduko beste hainbat txokotan. Homosexualitatea heriotzarekin zigortzen diren estatuak badira eta horregatik beharrezkoa da kalera ateratzen jarraitzea gure eskubideen alde”.
Aurten Gehituk aukeratu duen leloa, eskoletan armairurik EZ, izan da, hezkuntzan aniztasun afektibo sexualaren alde egitea beharrezkoa dela uste baitute. Hezkuntzan homofobia desagarrarazi eta era berean, aniztasunaren alde egitea dute xede. Europako komisiak eta daphne ekimenak, irakasle eta ikasleentzako gidak kaleratu dituzte eskoletako homofobiaren arazoari aurre egiteko.
Urrea eta trapua
Ehgam elkarteak urtero askapen sexualaren prozesuan lagundu duten pertsona, elkarte edo erakundeak saritzen ditu urrezko irukia deituriko sariarekin. Laura Bugalho aktibista transexualari eman diote aurten. Joan den maiatzean polizia nazionalak dokumentuak faltsutzea leporatuta atxilotu egin zuten.
Gay eta lesbianen eskubideak zapaltzeagatik agerian uzteko eta sinbolikoki zigortzeko trapuzko espartina ere banatzen dute, eta aurtengoa Arantza Quiroga Esko Legebiltzarreko presidenteari eman diote. Aita Santuak, hiesaren arazoa kondoiak banatuz konpontzen ez zela esan zuenean, Quirogak publikoki adierazi zuen adostasuna Aita Santuak esandakoarekin. Arduragabekeria eta osasun publikoaren kontrako erasoa kontsideratzen dituzte Ehgam-ekoek adierazpenok.
Askatasunaren bidea
Beharra dagoen bitartean, beraz, ortzadarraren koloreen azpian kaleak beteko dituzte Gay, Lesbiana, Bisexual eta Transexualek. Helburua baina, eskubide guztiak bermatuta izan eta tolerantzia erabatekoa izatea da. Azken finean, Gay harrotasun egun baten beharra ez izatea.