Errusofobia lehen eta orain (eta II)

Errusofobia lehen eta orain (eta II)Errusofobia lehen eta orain (eta II)

Lehen atalean, Glenn Diesen analista politiko norvegiarrak errusofobia XIX. mendearen hasieran sortu zela azaldu digu, liberal britainiarrek Asian kolonia berriak konkistatzeko garaian errusiarrekin izan zituzten arazoak zirela eta. Bigarren atal honetan, gaur egun errusofobiak hartu dituen itxura eta ezaugarrietan sakontzen du.

Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. 2002an segurtasun kontzeptua oso argia da eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBen menpe daude. Gainerako herrialdeek menpeko izan behar dute. Hala ere, Nazio Batuen Erakundearen arabera, nazioarteko zuzenbidea nazioen berdintasunean oinarritzen da. Mundu ordena botere-oreka da, botere-zentro anitz duelarik. Beraz, orain bi arau-multzo dago: NBErena, “mundu multipolar” gisa ezagutzen dena, eta AEBena, “arauetan oinarritutakoa”, praktikan estatubatuarrek une bakoitzean asmatzen duena. Eredua aukera dezakezu, baina multipolarraren alde egiten baduzu, errusiarren alde zaudela dirudi. Horren aurrean, jende gehiena narratiba ofizialarekiko leial mantentzen da, errusiarren alde dagoen norbait bezala ikusia izatea saihestu nahirik.

Gaur egun, Errusia herrialde itxurako gasolindegia bezala deskribatzen da baina, aldi berean, Europa osoa irents lezakeen indar izugarri gisa. Errusiako herriari barre egiten zaio, Ukrainan pala eskutan hartuta borrokatzen ari direla esanez eta, era berean, haien arma hipersonikoek gure sateliteak mehatxatzen dituztela azpimarratuz. Halaber, Errusiak Ukrainako herri txikiak ezin dituela hartu baina, horrekin batera, Europa osoa hartzeko gai dela. Hauek guztiek ez dute zentzurik. Helburua beldurra eta gorrotoa elikatzea da. Sistemak gorrotatzeko zerbait bilatzen du kanpoan, bere baitan batasuna eta kohesioak areagotzeko. Horra hor errusofobiaren esanahia.

Mendebaldeko europarrok zibilizatuak garela uste dugu; haiek, aldiz, basati gisa ikusten ditugu. Gu moderno, eta haiek atzeratu. Gu liberal, haiek autokratiko. Gu zintzo, haiek gaizto. Lehen, komunismo atzerakoia kapitalismo aurrerakoiaren aurka zen talkaren itxura. Orain autoritarismoa versus demokrazia.

Fobia terminoak beldur irrazionala adierazten du. Gure beldurra irrazionaltasunean oinarritzen bada, ez dugu modu arrazionalean jokatuko eta ekintza arrazionalik gabe ezin dugu gure interes nazionalen alde zuzen jokatu. Errusofobia terminoak beldurra nabarmentzen du, baina beldur hori maiz oinarrian gorrotoa duen arazo batetik dator. Beste era batera esanda, beldurra faltsua da, lehenago zabaldutako gorrotoak sortua.

Lehen, errusiarrak maila baxuagoko populazio gisa aurkezten zizkiguten, esklabo bihur zitezkeenak. Orain vodka edaleak dira, mundu osoan zabaldutako mafia, zibilizazioa errespetatzen ez duten basatiak, komunista maltzurrak, arazo sortzaileak, autoritarioak, zikinak, eroak… Hori dela eta, sei mila zigor ekonomiko baino gehiago ezarri diegu, Olinpiar Jokoetan parte hartzea debekatu diegu —Hitler bera ez zen horrelakorik egitera ausartu—, errusiar komunikabideetara sarbidea debekatu dugu, geure buruari haien pentsamendura iristea eragotziz… Errusiako kulturari ere ateak itxi dizkiogu, besteak beste munduko onenetakoa den Bolshoi ballet klasikoaren ikuskizunaz gozatzeko aukerak galduta, edota Txaikovskiren Zisneen Aintzira, edota Anna Netrebko soprano bikaina, eta abar.

Errusiarrekiko beldurren aurrean, Errusiaren interesak eta sortzen duten talka aztertuko beharko lirateke. Beldurra irrazionala denean, eta gorrotoak bultzatua, ez ditugu haien interes errealak eztabaidatzen. Ez ditugu Errusiaren benetako interesak jorratzen. Horren ordez, klixeez hitz egiten dugu, beti espantsionismoa bilatzen duen herrialde inperialista eta maltzurra dela ziurtatuz. Hori da gaur egun nazioarteko politikan dagoen arazo nagusia. Azterketa egokia egiteko, bi aldeek segurtasuneko mehatxuak nola identifikatzen dituzten eta mehatxuak gainditzeko zein neurri hartzen dituzten hartu beharko genituzke aintzat.

Zoritxarrez, ia ezinezkoa da Errusiaren segurtasun legitimoaren kezkak aztertzen dituen egunkari edo albistegirik aurkitzea. Horren ordez, Errusiak egiten duen guztia asmo gaiztoz egina dela ziurtatzen dugu eta berarekin bakea ezinezkotzat jotzen dugu definizioz. 1990eko hamarkadan, Errusiak mendebaldeko Europarekin lankidetzan aritzeko ahalegina egin zuelarik, ez zen onartu, positiboa izan arren. Egin zen gauza bakarra aurreko estigmak mantentzea izan zen. Ez genien mahaian gure artean lekurik eskaini.

Bideoa: www.youtube.com/watch?v=E6IfeWW9XTE
Dokumentua: es.wikipedia.org/wiki/Rusofobia

Errusofobia lehen eta orain (I)

Errusofobia lehen eta orain (eta II)  Errusofobia lehen eta orain (eta II)  Errusofobia lehen eta orain (eta II)

Irakasle erretiratua. Nafarroa Garaia.

10 pentsamendu “Errusofobia lehen eta orain (eta II)”-ri buruz

  • “multipolarraren alde egiten baduzu, errusiarren alde zaudela dirudi. Horren aurrean, jende gehiena narratiba ofizialarekiko leial mantentzen da, errusiarren alde dagoen norbait bezala ikusia izatea saihestu nahirik”.

    Kontrakoa ere gertatzen da ba, Ukraina inbaditzearen aurka zaudela badiozu, Amerikar inperialismoaren alde egoteaz akusatua zara, ala, Amerkiar inperialismoaren alde ez bazaude, Ukrainaren inbasioaren alde (barkatu, operazio bereziaren alde) egon behar duzula uste izatea.

  • Bizum Mosku 2024-10-22 20:05

    Abascalek eta zuk egun berean jasotzen duzue transferentzia?

  • Joan Mari Beloki Kortexarena 2024-10-22 22:23

    Bizum, artikulu hauek hasieratik arretaz irakurtzea komeni da. Irakurri duzun guztia Glenn Diesen analista politiko norvegiarrak esana da, ez nik. Beraz, galdera berari egin beharko diozu. Norvegiako unibertsitatean egiten du lan.

  • Mikel Haranburu 2024-10-23 13:58

    Hiperbole garaian bizi gara, duda gabe. Fobiak dira horren erakusle bat; dena da fobia. Kanpotarrak herrian eta egokitu gabe nahi ez izatea fobia bilakatu da. Edozein txorakeria sareetan zabaldu eta hura arrakasta omen da (“arrasa en las redes sociales”). Pilotako finalak aspaldi handian “Final Handiak” dira, finalak izatea aski ez balitz ere. Dena da ikaragarria…
    Errusiaren salbaiakerien aurrean tinko aurka agertzea Errusofobia bide da, eta Israelen basatikerien aurrean hori egitea Israelfobia (antisemitismo) bide da.
    Ongi da fobia definitzea, artikuluan egiten den bezala, baina ez du balio beldur irrazionala aipatu eta besterik gabe, beldur hori irrazionala dela egiatzat hartzeak. Esan gabe Errusiaren aurka egiteak edo mintzatzeak ez duela zertan izan beldur kontua.
    Egunotan BRICS taldea eta lagunak elkartu dira Kazanen, Errusian. Errusiak mundu multipolar baten alde egiten omen du, eta elkarte hori elkarren onurak bilatzen dituena, eta ez beste inoren aurka egitekoa, baina bere lagun batek, Irango presidente Pezeshkianek hain zuzen, AEBren hegemoniaren aurkako erakundea dela baieztatu du bertan. Kontraesana argia da; BRICS bera antolatzea eta herrialde gehiago batzea, guztiz mundu multipolar baten aurkako ideia da, batez ere AEB aipatuta, honek hegemonia sekula sekulorum mantendu nahi baitu.
    https://www.eitb.eus/eu/albisteak/mundua/osoa/9610658/buruzagien-bilera-informal-bat-eta-aldebiko-batzarrak-brics-taldeko-xvi-goibileraren-hasieran/

  • Joan Mari Beloki Kortexarena 2024-10-23 15:07

    Mikel, mundu multipolarra zentzu zabalean baino estuan hartu behar dela esanen nuke. Egungo -eta aspaldiko- AEBen hegemoniari aurre eginen dion mugimenduak sortzen duen egoera multipolartzat hartu behar da, nire ustez. Bi polo bakarrik badira ere. Guda Hotzaren garaiaren antzeko egoera eman badaiteke ere. Hau da, yankiak eta lagunak alde batetik eta BRICS bestetik.
    Kontutan hartu behar da BRICSen elkartean herrialde bakoitza polo bat dela. Denek errespetatzen baitute gainerakoen barne dinamika.
    Estatubatuarrek beren arauak inposatzen dituzte beren esparruan, baina BRICSen ez da inposaketarik, borondatezko atxikimendua baizik.

  • Mikel Haranburu 2024-10-23 19:35

    Hala bedi; ikuskizun dago Errusiak zer behar asetu nahi dituen bikura horretan. Ea Iranekiko gaiak bideratu nahi dituen baina Palestina hondatzen jarraitu, esaterako. Bera baita anfitrioia oraingoan, Putin Errusiatik atera eta atxilotu lezakete…
    BRICS zentzu zabalean… helburu argia da, eta ni ados: AEBren hegemonia puskatu. Alabaina, uneotan elkarte ekonomikoa delarik, eta atxekimenduak jasotzen hasia delarik, bazkidetu gabeko saila ere bertaratu baita, ikuskizun dago halaber BRICS inoiz maila militarrera iritsiko den… ekonomia gaiak eta gerrak elkarren eskutik joan ohi dira… Palestinan bezala…

  • Joan Mari Beloki Kortexarena 2024-10-23 21:48

    Mikel, Errusiak ez dio kalterik egin Palestinari. Horretarako, Israel ederki moldatzen da bakar-bakarrik. Hortaz gain, Palestinak sarrera eskatu du BRICSen eta, ongi dakizun bezala, pauso hori ez da ematen aurretik ongi lotuta izan gabe. Beraz, Errusia eta Palestina aliatuak izanen dira aurrerantzean.

  • Mikel Haranburu Atzo

    Berriro ere, Errusiak esaten duena gauza bat da eta egiten duena beste bat. Artikulu txar honetan (ez zait iruditzen oso landua, hala ere) https://www.bbc.com/mundo/articles/c07nnyrr04jo , irakur daiteke zein diren ingurumari horren komenientziak, trikimailuak eta jukutriak. Ez dira denak egia izanen, ziuraski, baina zerbait antzeman daiteke. Alegia, Errusia eta Palestina aurrerantzean aliatuak izanen direla baieztatzeak arriskuak ditu…
    Esku batez (Espainiak dagien bezala) Palestinaren aitortza egitea eta beste eskuaz armak Israeli helaraztea… Zer interesatzen zaio Moskuri? Hamasek (Erresistentzia Islamikoak) Israel garaitzea? Guztiekin harreman “onak” izatea? Milioi eta erdi kolono Errusiar jatorrikoak badira, horiek denak akabatzen utziko diote Erresistentziari? Zein Palestinak eskatu du BRICSen sartzea, Hamasenak ala Abbasenak?

  • Mikel Haranburu Atzo

    Horren beste erakusgarri bat duzu: Turkiako presidente Erdogan ere BRICSen bilkurara azaldu da, bere herrialde Turkia NATOko kide izanik ere.

  • Joan Mari Beloki Kortexarena Atzo

    Mikel, gogoan izan BRICS elkargoan aliatu diren herrialdeek guztiz errespetatzen dituztela besteen sistema politikoak. Hor sistema kapitalistak, sozialistak, komunistak, autokrata musulmanak… aurkituko dituzu. Baina oso garbi dute zertarako aliatu diren: dolarrak inposatzen dien menpekotasuna gainditzeko, alde guztientzat mesedegarri izanen diren merkataritza-harremanak estutzeko, zigorrik gabeko aliantzak iruteko… Azken batez, AEBek eraiki zuten sistema hegemonikotik aparteko injerentziarik gabeko sistema alternatiboa abiarazteko. Planeta honetan bizi garen herritar arrunt guztientzako sistema egokia sortzeko, alegia. Zorioneko proiektu berria da eta ongietorri beroa merezi duena, uste dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude