24 urte Aitor Zabaleta gabe, eta faxismoaren gorakada
24 urte Aitor Zabaleta gabe, eta faxismoaren gorakada –
Realak Vicente Calderonen Atletico Madrilen aurka jokatu zuen egun batean, 1998ko abenduaren 8an, Aitor Zabaleta realzalearen bizitza zapuztu egin zen. Ricardo Guerrak, Frente Atleticoren Bastion taldeko nazi batek, bihotzean labankada eman zion, eta handik ordu gutxira hil zen 28 urte besterik ez zituela.
Erailketatik 24 urte pasatu dira, eta faxismoak izugarrizko gorakada eduki du mundu mailan. Hainbat herrialdetako gobernuburuak ultraeskuindarrak dira, eta Espainiako Estatuan aurreikus daiteke indarra eta ahalmena eduki dezakeela hurrengo Espainiako Gobernua baldintzatzeko. Hainbat arrazoi egon daitezke 1990eko hamarkadatik aurrera eskuin muturrak izan duen gorakada azaltzeko.
Hasteko, sistema kapitalistak baldintzatuta, gizartearen gehiengo batek klase ertaina delakoaren pentsamendua du. Piramidearen goialdean aberats gutxi batzuk daude, eta beheko aldean bazterreko sektore batzuk, ia ikusezinak direnak. Hamarkada hauetan egon diren krisiek (2008an ekonomia krisia, 2020an COVIDaren pandemia) eragin dute klase ertainen artean erraz barneratzen den beldur sentimendua hedatzea. Gero eta lan-ziurgabetasun handiagoa dagoen testuinguruan eta hainbat krisik hondoratu dituen klase ertain eta herrikoien ezintasunari erantzuteko ezkerraren ezintasunak, lekua utzi dio eskuin muturraren hazkundeari munduan.
Eskuin klasikoa erradikala izan da politika ekonomiko suntsitzaileetan, baina zuhurra diskurtso publikoan. Eskuin muturrak, ahotsa altxatzeko lotsarik gabe, sektore askoren haserrea bideratu du, eta eskuin klasikoaren zati handi bat baldintzatzea lortu du —baita ezkerrekoa ere kasu batzuetan— agenda politikoa egiteko.
Bestetik, eskuin muturreko diskurtsoaren topiko guztiak zabaldu dira gizartean: antieuropeismoa, bertokoei lehentasuna eman, kultura-aniztasunari uko egin… Atentatu jihaidistek indartu egin dute immigrazioaren aurkako errefusa, musulmanak jomugan ipiniz. Eskuin muturrekoaren osagarri ideologikoa eliteen aurkako diskurtsoa da, eta ez diren zerbaiten gisan ager daitezke: sistemaren alternatiba gisa.
Espainiako Estatuan Voxek oraindik ez du eskuina politikoki bere osotasunean gidatzen, baina kulturalki espektro politiko horren ideien borroka irabazten ari da: Espainiako historiaren aurrean zein jarrera hartu behar den, feminismoaren eta migrazioaren aurka, ekonomian eta gai sinbolikoetan, hala nola banderaren erabileran.
Bukatzeko, eskuin muturra ez da irtenbide ekonomiko zehatzen eskaintzagatik nabarmentzen. Baina oso trebea da bere ideologia eta esloganak istorio gisaa sartzeko. Espainiako errekonkista edo Espainiako Inperioa bezalako esanahi historiko eta heroikoak «diktadura progrearen, feminismoaren, ezkerraren eta independentismoaren» aurkako borrokarako erabiltzen dira, eta herrialdeak jasaten dituen egiturazko arazoei buruzko emozioak, herritar askoren sentimenduak bideratzeko, hala nola langabezia, gazteen aukera falta, jaiotza-tasa txikia, landa-eremuen hustea edo lurraldetasun-tentsioak.
Hainbat adituk diotenez, ezkerrak albo batera utzi dituen gaiak izan dira. Beraz, hamarkada hauetan hedabide batzuen laguntzarekin sustatutako izu, beldur eta segurtasunik ezaren lelo populista eta ultranazionalistei aurre egiteko, ezkerrak eta antifaxismoak lanketa eraginkor bat egin behar du, diskurtso horiei aurre egiteko.