2014an baino beranduago eta pobreago hartzen dugu erretiroa
2014an baino beranduago eta pobreago hartzen dugu erretiroa –
Horrek esan nahi du, pentsioak gehiegi hazten ari direla dioen diskurtso ofizial eta mediatikoaren kontrara, jubilatuek erosteko ahalmena galtzen ari direla; nabarmen, gainera. Zehazki, zortzi urtean 4,5 puntuko galera izan dute (inflazioa pentsio berrien zenbatekoa baino 4,5 puntu gehiago hazi denean). Adinari dagokionez, 2022an erretiroa hartutakoek, batez beste, 2014an jubilatutakoek baino ia urte eta erdi beranduago hartu zuten erretiroa. Horretan ere bada aldea.
Horren kausa nagusia da Zapaterok onartu eta CCOOk eta UGTk adostutako pentsio erreforma, 2013an pixkanaka aplikatzen hasi zena. Jakina denez, erreformarekin pentsioa kalkulatzeko 25 urte zenbatzera pasa zen (aurrekoa baino hamar urte gehiago), erretiro aurreratuak murriztu ziren eta erretiro adina 65 urtetik 67ra atzeratu zen (ziur aski Macron presidente frantsesak inbidiaz begiratuko die halako sindikatuei, hain zuzen ere, frantziar estatuan grebarako motibo diren neurriak begi onez ikusten dituztelako).
Izan ere, erreforma hori indarrean sartu zenetik, pentsio berrien erosteko ahalmena txikiagotzen hasi zen. Horrek erakusten du erasoaren larritasuna, pentsioa kalkulatzeko kontuan hartzen den urte kopurua handitzea dakarrelako. Eta orain, areago: 25 urtetik 30era pasa nahi dute pentsioak kalkulatzeko epea. Eragina neutroa izango dela diote, baina garbi dago ez dela hala izango. Adibide garbia da epea 15 urtetik 25era pasa zenean gertatutakoa.
Gogora dezagun bizi baldintzak, neurri handi batean, ditugun diru sarreren araberakoak direla, eta politika publikoek pobretze orokortuari laguntzen ari dioten honetan, pentsioetan gertatzen ari dena politika horren parte ere badela. Ez da kasualitatea erretiro pentsio berriak orain duela zortzi urte baino erosahalmen txikiagoa izatea. Eta are eskandalagarriagoa da erretiroa hartzen duten emakumeek hilean gizonek baino 488 euro gutxiago kobratzea, batez beste (erretiroa hartzen duten emakumeen hasierako pentsioa 1.403 eurokoa da, eta gizonena, berriz, hilean 1.891 eurokoa). Pobreziak bereziki harrapatzen ditu emakumeak, alegia.
Beraz, beste pentsioen erreforma baten mehatxupean gauden honetan, norabidez aldatzea ezinbestekoa da: beharrezkoa da murrizketetan atzera egitea, 1.260 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea eta genero arrakala amaitzea. Planteatzen ari denaren guztiz kontrakoa da eskatzen duguna, jubilatuko diren pertsonak pobretzeko beste urrats bat egin nahi baitute. Onargaitza da hori, eta pentsio politiketan ziaboga beharrezkoa da, pobretzea geldiarazteko.
Baina, horretarako, EBn aplikatzen ari diren politiken baldintzekin hautsi egin behar da. ELAk bere garaian salatu zuen bezala, Europako Funtsak jasotzeak murrizketak ezartzea eskatzen zuen. Eta hala izan da: ez zen lan erreforma indargabetu, eta orain Espainiako Gobernuak Bruselarekin adostuta du pentsioen kalkulurako urteak handitzea. Europako Funtsak ez dira iragarritako pagotxa. Multinazional handien irabaziak gizentzera bideratuko dira, eta murrizketa sozialak eskatzen dituzte, baita pentsioetan ere. Adi egon behar dugu, eta erantzun.