2013ko uzta bikaina
2013 urtea joan da. Une egokia azken 12 hilabeteetako balantzea egiteko. Hondakinen kudeaketaren arloan, atzera begira jarrita, askok, urte zalapartatsua izan delako irudipena izango dute. Gure osasunaren eta ingurumenaren kontura bestelako etekinak atera nahian dabilenik ez da falta, eta, ezin uka, hautsa harrotzea lortu dutenik. Burrunba mediatiko handia eragitea lortu dute bederen, inork gaia kezkaz eta larritasunez ikusteko moduko zalaparta.
Baina azterketa serio bat egingo badugu, harrotutako hautsa bere lekura itzultzen utzi, eguneroko aztoramendutik aldendu, eta aldaketa zehatz eta neurgarriei erreparatu beharko diegu. Horrela, 2013 urtea, Gipuzkoan, Zero Zabor bidean urrats handiak egin diren urtea izan dela ikus dezakegu. Ona hemen esandakoa berresteko zenbait datu.
3 herritik 1 +70 herrien taldera
2013 urtea hasi zenean, hondakinen %70etik gora gaika biltzen zuten 5 udalerri besterik ez zeuden Gipuzkoan. 2013a bukatzerako 27 dira, urte hasieran zegoen halako 5. Gipuzkoak 89 udalerri dituela kontuan izanda, 3 udalerritik 1ek hondakinen %70 baino gehiago gaika biltzen ditu honezkero, hoietatik askok %80tik gorako gaikako bilketa daukatelarik. 2013 urtean, gaikako bilketan lorturiko emaitzen eraginak udalerri mailakoa izateari utzi dio, eta jadanik, mankomunitateen datuetan ere islatzen hasi da. Sasieta mankomunitatea dugu horren adibide. Saiseta buru jarri da hondakinen erdia baino gehiago gaika biltzera helduz.
Ez da makala datua. Baina lorpen handiak ez dira horretara mugatzen. 2013 urtea hasi zenean, hondakin organiko guztia herrian bertan ongarri bihurtzen zuen herri bakarra zegoen Gipuzkoan, Orendain, eta, hau ere, hasi berria zen hortan. 2013 urtea amaitzerako 8 udalerri dira jada hondakin organikoa zabortegietan usteltzera bidaltzeari utzi, eta, den dena, herrian bertan konpostatzen dutenak, gainerako hondakin birziklagarri guztiak gaika bilduz. Herri txikiek hondakinak kudeatzeko bide merke eta jasangarri hori kontsolidatuz doa, eta etor daitezkeen beste mordo bati bidea erakutsi dio.
Hondakin organikoa konpostazen duten herritarren kopurua %50 hazi da urtean zehar. Lurrik ez daukaten herritarrei hondakin organikoa konpostatzeko aukera ematen dien formula, auzokonpostarena, 8 herritatik 39tara zabaldu da, ia 5 aldiz biderkatu da beraz, eta, auzokonpostatzaile kopurua 6 aldiz hazi da.
Aurrerapen ideologikoa
2013 urtean erdietsitako lorpenak ez dira hondakinen bilketan lortutako emaitzetara mugatu. Zero zabor errealitatea eraikitzen doan neurrian eutsi ezinak dira, lehen, aurrera egitea oztopatzeko erabiltzen ziren hainbat eta hainbat gezur eta sasiargudio.
Gipuzkoan, lehen ez bezala, gaur egun inor gutxik defendatzen du publikoki kutsatzeko eskubidea, hondakinekin sudur puntan jartzen zaiguna egiteko eskubidea daukagula alegia. Hondakin birziklagarriak gaika bildu behar direla diote eragile ia guzti-guztiek.
Bestalde, atez ateko bilketa eraginkorra zeukaten herriak zikinkeriz eta arratoiz beteta zeudela ziotenek, orain, pertzepzio hori “subjektiboa” dela esatera pasa behar izan dute, Izan ere, errealitatea handiegia egin zaie gezurrekin estaltzen segitu ahal izateko.
Bilketa sistemen arteko eztabaidan ere urratsak egin dira. 5 edukiontziko sistemak “birziklatzeko” balio ez duela gero eta agerikoagoa da, bilketa datuek nabarmen uzten baitute hori. Emaitza ziurrak ematen dituen atez ateko bilketa ezarri nahi ez bada, beste zer edo zer asmatu beharra dagoela entzutera pasa gara 2013an zehar sistema honen aurkakoen ahotik. Beste sistema hoiek definitu eta hoien balioa frogatzeke badago ere, porrot ziurraren bidea zein den garbi edukitzea aurrerapen handia da.
Errausketaren arotik zero zabor arora
2013 urteko lorpenak aipatzerakoan ezin dugu ahaztu azken hamaika urteetan Gipuzkoarrak mehatxatu gaituen mamutzarraren amaiera. 2013ko azaroan GHK-k eta errauste planta eraiki behar zuten enpresen artean akordioa lorturik, bertan behera gelditu zen proiektu toxiko eta garestia.
Horrekin batera, errausketaren eta zaborraren aroari amaiera eman zaio Gipuzkoan, eta zero zabor aroan barneratzen hasi gara, hondakinak arazo eta kutsadura iturri bihurtu beharrean, baliabide bezala kudeatzeko aroan.
2014 urterako erronkak
Zero Zabor eredua eraikitzen hasi besterik ez gara egin. Ikaragarri aurreratu dugu, eta, hala ere, hobekuntza tarte handia dago oraindik. Zero Zabor bidean lortzeke dauzkagunak asko dira. Zabortegi kutsakorrak ixtea, hondakinak tratatzeko azpiegitura berriak eraikitzea, errefusari toxikoak ez diren tratamenduak ematea, gaikako bilketa eraginkorra herri guztietara zabaltzea…
Oztopoak jarri dizkigute eta oztopoak jarriko dizkigute, zenbaitzuk, herritarren osasuna eta ingurumenaz oso bestelako interesak lehenesten dituztelako, baina aurrera egin dugu eta aurrera egingo dugu, Gipuzkoa Zero Zabor lurralde izango dela erabaki baitugu. Gure xedea lortuko badugu, oztopatzaileek zer egiten duten begira egotea baino, gure bidean aurrera jarraitzea da garrantzitsua. Segi dezagun lanean bada. 2013 urteko lorpenak aurrera egiteko pizgarri apartak dira.