Laburbira 2024

Laburbira 2024 –

  • 8 film laburrez osatutako bilduma eskainiko du, bere XXI.edizioan, 2024ko LABURBIRAk, euskaraz ekoitzitako film laburren zirkuituak.
  • 2024ko LABURBIRA apirilaren 12tik maiatzaren 12ra bitartean egingo da Euskal Herri osoan, eta Durangoko Zugaza zineman egingo den aurre-estreinaldiak irekiko du, apirilaren 11an.
  • Jada zabaldu dute emanaldi bat antolatzeko eskari-epea. Laburbiraren webgunean egin daiteke.
  • Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute aurtengo edizioan.

Laburbira 2024

Ermuan, 2024ko martxoaren 4an.

LABURBIRA, euskaraz sortu eta ekoitzitako film laburren zirkuitua da eta aurten bere 21.edizioa beteko du. 2 helburu nagusi ditu LABURBIRAK: euskal zinemagintza hauspotzea batetik, zinemagileoi zuen lanak erakusteko aukera emanaz, eta herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea, bestetik.

20 urteotan bide arrakastatsua egin du LABURBIRAK: euskal zinemagintzaren erakusleiho erreferentziala bihurtu da, eta zirkuito egonkor eta zabal bat eskaintzen duen neurrian, industria osoaren pizgarri moduan ere eragiten du.

Aurtengo ediziora 22 lan aurkeztu dira eta horietarik, 8 film hautatu dira herriz herri ikusi ahal daitezen. Orotara, 87 minututako film-labur sorta ikusgarria osatu da ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena eskaini asmoz. Denetariko lanak aurkitu daitezke bertan, eduki zein estiloz, horietako asko jada zenbait zine jaialditan saritutako lanak.

Hauxek, hurrenez hurren, aurtengo edizioan ikusgai izango diren film-laburrak:

  • DENA ASMATUTA DAGO (Jone Arriola)
  • KATALINAREN ZORIA (Guillermo Ordás)
  • ERRO (Amaia Lejarreta)
  • BABESA (Ander Iruretagoyena)
  • MUNDU BERRI BAT (Mikel Alvarez)
  • ZIRRARA (Ane Cuesta)
  • TALKAK (Ilune Diaz eta Jordi Nuet)
  • BETIZU BURU (Ander Iriarte)

Laburbiraren aurtengo edizioak Durangoko Zugaza zineman apirilaren 11an egingo den aurre-estreinaldiarekin hasiko du bere ibilbidea.

Emanaldiak antolatzeko eskaerak

Laburbira edozein herritan antolatu daiteke, eta elkarte zein udalen izen-ematea zabalik dago webgunean martxoaren amaiera arte. Bertan aukeratu dezakete antolatzaileek apirilaren 12tik maiatzaren 12ra bitartean zein egunetan eta non antolatu nahi duten emanaldia. Horretaz gain, sortzaile eta ikusleen arteko harremana erraztu eta sendotu asmoz, zuzendariekin solasaldiak antolatzeko aukera ere badago proiekzioaren barruan.

Laburbira 2024

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude