Alternatiba baten asmatzera bidean (2/2)

Alternatiba baten asmatzera bidean (2/2) –

Errealitate ukapena ez ote dugu iparraldean?Aurreko artikuluan [1], euskaltasunaren gainbehera deskribatu dugu eta azaldu dugu zein ziren gainbehera horren arrazoi objektibo nagusiak.

Gaur egungo egoera politiko, ekonomiko eta demografikoan, gure baliabide kulturalek, alegia ikastolek, gau eskolek eta egundainoko ahalegin gehienek, ezin dute berek bakarrik beren baitatik hizkuntz praktikaren beherakada gelditu eta are gutiago euskaltasuna mantendu. Legedi bat azken finean 1789tik etnozidak eta hark sortu duen gizarte frantsestuaren eraginak gaina hartzen diete gure ahalegin horiei guziei. Ahalegin hauek gure gain behera frenatzen badute, ezin dute euskaltasunaren agonia luzatu baizik.

Indar harreman politikoen errealitatea ikusiz, ez dago esperantzarik aurrerapen esanguratsurik lortzeko politikaren aldetik. Eneko bAtek Zuzeun zioen bezala: “Gure BERPIZKUNDEAREN hastapena ez da politika-fikzioa egitetik helduko […].” Bikain errana dena iparralderako

Errealitate horretaz jabetzen den euskalduna hautu pertsonal baten aurrean aurkitzen da:

Beti bezala asimilazioari segitu ihardokitzen baina esperantza handirik gabe edo ez-ohiko estrategia bat asmatu eta esperimentatu.

Bi aldekoek ez eiki dute aurka egin behar; aitzitik elgar laguntzen ahal dute eta behar dute absolutuki.

Anitzen ustea da, bizirauteko hizkuntza batek, baliabide eta ahalegin guziez gain, lehenik eta behin egiazko komunitate baten usaiako hizkuntza izan behar duela. Eta hizkuntza bat zinez menperatzeko gizakiak hizkuntza horretan naturalki bizi den komunitate batean bizi behar duela.

Baina gehiago ere erran dezakegu komunitate horren errolari buruz. Izan ere komunitate horrek eta haren bizinahiak dute soilik justifikatzen hizkuntzaren et kulturaren transmititzeko ahalegina edozein arrazoibide politikoren gainetik.

Izan ere, zergatik gazte batek gure hizkuntza ikasi beharko luke ez badago nunbait egiazko komunitate linguistiko bat? Eta guk zeinen arrazoiren izenean erakatsi beharko ginioke? Euskal komunitate bat bederen berrezartzeko borroka ezinbestekoa da edozein kontsiderazio politikoren gainetik.

Zer izan daiteke alabaina aipatzen dugun komunitate hori?

Definizio asko aurki daiteke baina momentuz inspiratuko gara Simone Weilen l’Enracinement testuaren espiritutik.

Harek hartzen zuen zentzu ederrenean:

Komunitate bat da giza talde bat nun gizakiek hil ala biziko funtzioak, adibidez lanaren ardura, haurren hazte eta hezkuntza eta zaharren artak, elkarrekin egikaritzen dituzten; giza talde bat nun gizakiek partekatzen duten hizkuntza eta kultura bat, batez ere historia komun baten oroitzapena baita etorkizunerako inspirazio edo asmo inportanteenak ere.

Ba ote dugu iparraldean komunitate horrekin eite  duen zerbait? Maluruski justu ez!

Izan ere, orain bagara egoera batean nun ikastetxetarik ateratzean gazteak ez diren euskal komunitate batean sartzen baizik eta iragan baten aztarna pobre batzuk dituen gizarte indibidualista eta errotik frantsestu batean.

Horregatik, beste xede eta ahalegin on barreiatu guziak antzu egon ez daitezen, orain gure obsesioak izan behar luke, egiazko euskal komunitate duin bat bederen nunbait antolatu eta biziaraztea.

Nabarmen da ekinbide ezin konplexuago eta zailagoa dela. Zernahi galderen aurrean aurkitzen gara: Nolako komunitatea? Zein akats ekidin? Zein filosofia gainean eraiki? Nola jokatu legedia hertsigarri frantsesarerekin? Norekin? Nun? Ugari dira buruhausteak. Baina bizi garen bainu ideologikoan eta gauden kinkan nola bada espero genezake bada aterabide erraz eta ebidente bat?
Zentzu horretan, zailtasunak, arrarotasuna eta arrisku horiek berak har daitezke bide onean garelako seinaletzat.

Baina nundik etorriko da zailtasun handiena?

Subjektiboa izanen da: Komunitate batean legokeen bizitzearen irudikatze erruz distopiazkoak talkatuko du, seguraz ere, gaur ohituak garen eta gustuko dugun bizimodu material erosoa. Horregatik talka horren errealitatea aztertzean eta des-dramatizatzean datza atariko eginbehar ezinbestekoa.

Zer nahi gisaz, oraingo desmobilizazio mailagatik, hasierako komunitatea ezin da biziki handia izan, ez eta behar ere. Aldiz inportantzia handia ukanen du etorkizunerako.

Batzuek deblauki erranen dute ideia absurdua dela, eta besteek aldiz ezinezkoa dela. Gauden egoeran ulergarria da horrela mintzatzea.

Egia erraiteko saiatu gabe inork ezin du aitzinetik ezer segurtatu. Praktikak soilik du auzia ebatziko; eta geldituko diren euskaldunen parte bat, espero dugu, konbentzituko.

Bizi dugun krisi existentzialaren aurrean, gure pentsatzeko ahalegina ezin da arriskutsua baizik izan eta akzioa esperimentala. 

Ontsa errana azter ezazue eta gaizki errana kritika, eta barka otoi.

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude