1996ko Tour hura

1996ko Tour hura

1996ko Tour hura
cc-by-inkjetprinter

1996ko uztaila. Bizitza txokolate eta yogurt zaporeko izozki bat bezain gustagarria zen artean. Aznarrek Felipe Gonzalez garaitu zuen hauteskundeetan, Deep Blue superordenagailuak Gary Kasparov xakean eta Dolly izeneko ardi bat klonatu berri zuten Inglaterran, baina guri bost. Herriko festak etxean estudiatzen pasa ondoren, azterketak bukatu eta gauza bakarra genuen buruan: gure sufrikario guztiak San Fermini ordainaraztea, kalimotxoetan.

Burundesa hartuta, hiru lagunek jo genuen Iruñara. Kamiseta zuria, galtza motzak eta zapi gorria. Hanka lurrean ipini orduko, udaletxeko balkoitik etxaferoa nola, ilusio eta presa beraz hartu genuen alde zaharrerako bidea. Esan beharrik ez dago. Ez genuen San Fermin topatu. Elizaren batean ezkutatuko zen guk ez aurkitzeko. Baina, hori bai, bilatu taberna guztietan bilatu genuen. Eta, bidean, -uztailean Iruñan bero ikaragarria egiten du- trago bat edo beste ere eztarriratu genuen. Ardo beltz korrikalaria. Gure gibelari Mihurenak baino adar zorrotzagoak sartzen zizkiona.

Eguerdi partean, tragoari tregua. Jan ere egin beharko zela zerbait erabaki genuen. Erdi aldetik apur bat urrundu eta Donibane auzoko taberna batera zuzendu ginen. Alai, kantari, mozkor. Irudi topikoa erabiliz, elefanteak kristal-denda batean bezala sartu ginen tabernara. Egundoko zarata eraginez.

Tabernan, aldiz, jende guztia mutu zegoen. Mutu eta telebistan begiak iltzatuta. Begiak estutu eta lepoa okertu genuen guk ere. Zer arraio gertatzen zen han. Indurain. Hasperen egin nuen. Kokoteraino nengoen. Futbola bukatuta ere, bakerik ez. Betiko tourrada. Eta gainera, emoziorik ere ez zegoen. Miguelonek bost maillot hori irabaziak zituen ordurako, eta seigarrena ere nafarrarentzat jotzen zuten. Horregatik pasatzen zen, hain zuzen, urte hartan Tourra Iruñatik. Txapelduna etxean luzitzeko.

Portzulotara luzimenduak eta portzulotara Indurain. Ez nuen gure txapelduna oso gustuko. Handia eta gexa zen, piperrik gabea. Eta ia oharkabean, erasorik apenas jota irabazten zuen gehienetan. L’Equipe -frantziar Marcak- l’extraterrestre bataiatu zuen, hain zuzen ere, markaz gorako bere dohainak medio (Armstrong l’armstrongnaute bakarrik iritsiko zen, gerora, nafarra bezain paregabea izatera, baina, jakina, pare gabe).

Kontuak kontu, extraterrestreak harrokeri gutxi zuen egun hartan. Hiru solomo otarteko eskatu eta pantailako irudiari isilik begiratu genion geuk ere. Kriptonita-edo emango zioten Induraini, lurtarra bihurtu baitzen kolpera. Eta lur jota zegoen. Aldapa igo ezinik, kalbarioko bidean baino herio beltzagoa zeraman Atarrabiako txirrindulariak. Rijs izeneko daniar (niretzat) ezezagun bat ari zen dantzaren doinua ipintzen. Eta fandango hura arinegia zen Indurainentzat antza.

Joño. Horregatik tabernakoen aurpegi luzeak. Horregatik isiltasun ezohiko hura. Lutoagatik. Hil zen idoloa. Hiltzen ari zen. Eta, gloriazkoa behar zuen Tourrean, sinestu ezinik begiratzen zuten fededunek euren jainko txikiaren gurutz-bidea.

Indurainek zuenarekin eta ez zuenarekin eusten zion pedalen zamari ordea. Porrota saihestezina ikusi arren, duintasunez sufrituz. Hortzak estututa, baina agurraren lezioa irentsiz. Sekula baino Miguelonago.

Hala iruditu zitzaigun guri behintzat. Eta solomoaren osteko patxarana altzatuz, bere omenez hasi ginen kantari. Una piedra en el camino me enseñó que mi destino era rodar y rodar. Mahaietakoek kopetilun begiratzen ziguten. Después me dijo el arriero, que no hay que llegar primero, si no hay que saber llegar. Tabernariak kontua atera zigun.

Aurki isildu ginen. Gintuzten. IN-DU-RAIN, IN-DU-RAIN marruka, denak batera, koro haserrean. Jendeak ez zuen abesti zaharren herri-jakintzarik nahi. Aukeran, maiteagoa zuten herri-idoloa. Eta kalbarioa pasatuagatik, hirugarren etapara berpiztuko zela sinesten zuen agian.

Ordaindu eta kalera irten ginen. Triste, alai. Jainko bihurtu zuten txirrindulari isilarekin adiskidetuta. Egun horretan, geuk ere hortzak estututa pedalaren zama eutsi ezinik bukatuko genuela susmatuz. Baina zer axola zion. Indurainen izenean egin genuen topa handik aurrerako taberna guztietan. No tengo trono ni reina, ni nadie que me comprenda, pero sigo siendo el rey. Bizitza txokolate eta yogurt zaporeko izozki bat bezain gustagarria zen oraindik.

1996ko Tour hura

(Zarautz, Gipuzkoa, 1974) Idazle zarauztarra.