1937ko urtarrilak 17, ikurriña Gernikako udalean lehen aldiz

1937ko urtarrilak 17, ikurriña Gernikako udalean lehen aldiz – 

1937ko urtarrilaren 17an (aurten, 88 urte betetzen dira, beraz) Gernikako udalean ikurriña altxatu zen ofizialki, lehen aldiz. Jose Labauriak -handik gutxira, otsailaren 13an alkate izendatua eta bonbardaketa egunean herriko ordezkari-burua izandakoak- bultzatu zuen ekimena, garai aztoratu batean.

Gure ustez, egun esanguratsua eta garrantzitsua da, azpimarra berezia izatea merezi duena. Gure herriaren ikurra, euskal herritarron sinboloa, herritarrak ordezkatzen duen eraikinean zegokion/dagokion lekuan zegoelako/dagoelako, horrela.

Luzea da ikurriñak izan duen jazarpena, eta, bere bitartez, gu guztiok pairaturikoa. Ezinbesteko eztabaida sustatu beharra dago gaur egun inposaturiko ikurrek udaletxean duten lekuaz. Sinboloek garrantzia dute, zalantzarik gabe; eta bandera arrotzen derrigortasunak, demokraziaren kontra joateaz gain, existitzen diren gehiengo sozialen eskubideak urratzen ditu. Are gehiago herri libre bat izatea desio dugunontzat.

Horregatik, zera adierazi nahi dugu:

1.- Gaurdanik egun honek izan beharko lukeen herritarren ezagupena, zabalpena eta parte-hartzea sustatzen saiatuko gara.

2.- Egungo udal taldeei (are gehiago abertzaleak izanik hirurak) aktibo izatea urterik urte egun honek dagokion aitortza instituzionala izateko. Eta eskertzekoa litzateke, aho batez eta modu bateratuan egitea, gainera.

3.- Zinez, efemeride honek izan behar duen garrantziaren lekuko, denon artean adosturiko ekimena bultzatzea beharrezkoa dela deritzogu. Gure prestutasuna azaltzen dugu, horretarako, eta, udal ordezkariak partaide izatera animatzen ditugu.

Gernika-Lumon, 2025ko urtarrilean

1937ko urtarrilak 17, ikurriña Gernikako udalean lehen aldiz

Gernika-Lumoko Memoria, Kultura eta Giza Eskubideen alorretan dihardugun zenbait eragile batu gara Gernikako Bonbardaketaren Urteurrenean herriko taldeen jarduerak koordinatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude