15 urtez munduko ondare, Ekain

15 urtez munduko ondare, Ekain –

Euskal kulturaren mundu mailako kultur adierazpen gorena izaten jarraitzen du.

15 urtez munduko ondare, EkainEkain koba, Gipuzkoan izendatu den Munduko Ondare bakarra da, Altxerrirekin batera. 2008ko uztailaren 7an UNESCOk ospatutako konferentzian, Ekain koba eta bere artea Munduko Ondare izendatu zuten, erlaitz Kantabriarreko labar-artearen beste 17 santutegirekin batera; Euskal Herriko Altxerri eta Santimamiñe, besteak beste. Eusko Jaurlaritzak liderturiko prozesua izan zen. Euskal kulturaren mundu mailako kultur adierazpen gorena izaten jarraitzen du Ekainek, bisitagarria den bakarra Gipuzkoan, Ekainberriren bitartez.

Ekain kobak zuen garrantziaz oharturik, Ekain Fundazioa sortu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritza eta Zestoako Udalak. Ekain Kobaren garrantzia gizarteratzea du helburu Ekain Fundazioak, eta Ekainberri, Ekain kobaren erreplika eraiki zuten, koba babestu eta bisitagarri egiteko. Ekain Fundazioak, UNESCOren Munduko Ondare aitortza esanguratsu honen urteurrena ospatzeko, Munduko Ondare ikurra kokatu du Ekainberrin.

Ekain Fundazioko patronoen ordezkari direnek, gogoan izan dute urteurrena. Mertxe Urteaga, Gipuzkoako Foru Aldundiko arkeologoak adierazi duenez, Ekain koba Gipuzkoan topatu izanak poza eta erantzukizuna suposatzen dio lurraldeari “ondare oso garrantzitsua da, ondo kontserbatu behar da, eta modu egoki batetan gizarteratzera behartzen gaitu, horretarako Ekainberri tresna paregabea da”. Era berean, Mikel Arregi Zestoako alkatearen hitzetan, “harrotasun handi bat da zestoar guztiontzat Ekaingo koba hemen izatea, izan ere, Zestoa eta inguruko herrietan eragin sozioekonomikoa izateaz gain, Euskal Herriko ondare arkeologiko garrantzitsuenetako bat dugu” adierazi du.

Dagoeneko 54 urte igaro dira 1969an Ekain koba aurkitu zutenetik Zestoako herrigunetik kilometro batera, Debako lurretan, Antxieta taldeko Rafael Rezabal eta Andoni Albizurik. Duela 14.000 urte margotutako margoak ziren eta mundua liluratu zuten eta berdin liluratzen jarraitzen dute gaur egun ere, batez ere zaldiak, baita hartz eta oreinak ere erakusten dituzte Ekaingo kobako hormek, beste zenbait animalien artean. Guztira 70 animali-irudi daude, kontserbazio egoera ezin hobean, horietatik 64 margotuak eta beste 6 grabatuak. 54 urte hauetan aipagarriak dira Aranzadi Zientziak Elkarteak eginiko ikerketa lanak, zabalkunderako ezin besteko ikerketak, zehaztasun zientifiko handiz eginak, On Jose Migel Barandiaran eta Jesus Altuna ikerlariak nabarmenduz beste hainbaten artean. 

Ekaingo zaldi-multzoa arte franko-kantabriarraren irudirik eder eta aberatsenetakoa kontsideratzen da, horma-mihise hoberena. André Leroi-Gourhan etnologo, arkeologo eta historialari frantziar ospetsuak honela deskribatu zuen: “zaldi multzorik bikainena Kuaternarioko arte guztian”.

.

Ekainberri, Ekain bisitatzeko paregabeko aukera

Ekainberri Ekaingo haitzuloaren erreplika eta museoa da. Zestoatik oinez iristen da bertara, Sastarrain bailara ikusgarrian zehar egiten den ibilaldi batean. Ekainberrin, euskal kostaldeko labar-pinturarik ikusgarrienak ikus daitezke, zentzumenen bidaia batean barrena Euskal Herriko kulturaren jatorriraino. Bisita, duela 14.000 urte leku horretan bizi ziren gizakiak nola bizi ziren, nola ehizatzen zuten edo nola sua lortzen zuten sentitu araziko dizun jarduerarekin osatzea gomendatzen da.

15 urtez munduko ondare, Ekain