“Datozen lau urteetan euskararen normalizazioari bultzada eman behar diote arduradun politikoek”

agerraldia-donostia-Paul-eta-Inaki

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Hego Euskal Herrian joan den igandean egindako hauteskundeen emaitzak ezagutu ondoren hausnarketa egin eta horren berri eman du Donostian egindako agerraldian. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok herritarrek hautatu berri dituzten ordezkari politikoei arduraz joka dezaten dei egin die eta heldu den legegintzaldian euskararen normalizazioari bultzada emateko eskatu.

Kontseiluak azken hilabeteotan udalen hizkuntza-politiken azterketa aurkeztu du. Aipatu neurketa, 2006an egin zuen Kontseiluak lehen aldiz 66 herritan eta 2010ean egin da bigarren aldiz, ziklo politiko osoa igaro ondoren. 2010ean 116 herritan egin da azterketa, alegia, Euskal Herriko biztanleriaren %80arengan eragina duten hizkuntza-politikak aztertu dira. Otsailaren erdialdean aurkeztu zen lana Donostiako Akuarioan egindako ekitaldian.

Ondoren Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta hainbat herritan aurkezpenak egin ditu Kontseiluak. Aurrera begira ere aurkezpen gehiago egingo ditu Kontseiluak, ekainean Baionan aurkeztuko da, bai eta hainbat herritan ere, herritarrek berek egindako eskaerei erantzun asmoz. Azalpen eta datuen gizarteratze prozesu hori oso positiboki baloratzen du Kontseiluak.

Neurketek emandako emaitzak aipatu ditu Iñaki Lasa ildo politiko-instituzionaleko arduradunak, “Udalen hizkuntza-politiken neurketak emandako datuek agerian utzi dute alderdiek ez dutela irizpide homogeneorik hizkuntza-politikak diseinatzeko orduan. Alderdi berdinak kudeatzen dituen herri desberdinetan oso puntuazio desberdinak topa baititzakegu”, esan du. Hizkuntza-politikak ezagutza tasen baitan definitzen direla adierazi du eta honek dituen ondorioez ere hitz egin du Lasak.

Nafarroari dagokionez, “Aurten 25 urte eginen dituen Vascuencearen legea bera da euskara normalizatu nahi duten udalentzat oztopoa. Herritar guztiok gara hizkuntza-eskubideen jabe. Bizi zaren tokiaren arabera eskubideak aitortzea etikoki eta politikoki zitala da. Izan ere, euskara ezagutzen duen herritarrak berau erabiltzeko eskubidea duen bezalaxe, ezagutzen ez duenak berau ikasteko eskubidea ere badu. Eta lege horrek herritarra bizi den tokiaren arabera, horretarako debekua ezartzen du” gaineratu du Lasak. Gogoan izan behar da Vascuencearen legeak 25 urte hauetan ez duela aldaketa kualitatiborik izan, Nafarroako Parlamentuan egindako aldaketak zonifikazioari eutsita eremu mistoan herri gehiago txertatzera mugatu direla.

“EAEri dagokionez, alde batetik, hizkuntza-politikak ezagutzaren arabera diseinatzeak, Nafarroako Vascuencearen legeak duen oztopo nagusia EAEn praktikan gertatzea dakar. Alegia, zonifikazio estali bati erantzuten diote hizkuntza-politikek, ezagutza tasek definitzen baitituzte hauek. Euskararen legeak herritar orori euskaraz aritzeko duen eskubidea aitortzen badio ere, lege horren garapenerako plangintzetan lanpostuen Hizkuntza-eskakizunak herritarren ezagutza tasaren arabera definitzen dira, esate baterako. Bestalde, egun dagoen errealitate demolinguistikoari erantzuten dioten politikak dira eta euskararen normalizazioak hizkuntza-politika eraldatzaileak behar ditu, egoera iraultzera joko dutenak”.

Paul Bilbaok, Kontseiluak berak egindako neurketa aintzat hartuta batetik, eta igandeko hauteskundeen ondotik sortutako egoera kontuan hartuz, bestetik, “Kontseiluak eskua luzatu nahi die alkate eta udal talde berriei hizkuntza-politika berri eragingarria abiatzeko lanetan laguntzeko”, esan du. Ildo honetan, gogoratu du Kontseiluak definitua duela euskara normalizatzeko Hizkuntza-Politika Berri Eragingarria eta hori politikari guztien esku jarri nahi du. “2015ean hirugarren neurketaren emaitzak aurkezten direnean, udal guztietan emaitza onak izatea nahi du Kontseiluak, baina horretarako orain hasi behar da lanean, elkarlanean”.

Nafarroan, Parlamenturako hauteskundeak izan direnez, Nafarroako egoerari erreferentzia egin nahi izan dio Bilbaok, gainera, aurtengo abenduan 25 urte beteko ditu Vascuencearen legeak. Lege hori errotik aldatzeko beharra azpimarratu du. “Hauteskunde garaian aldaketa proposatzen zuten alderdi guztiak batu daitezen dei egin nahi diegu.  Euskararen normalizazioan urrats eraginkorrak eman behar dira eta horretarako indarrak batu behar dira. Nafarroako herritarrek aldaketa hori eskatu dutela uste dugu”.

Honen harira argi hitz egin du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok: “Errotiko aldaketa behar da lege honekin. Euskalgintza eta nafar jendartea nekaezin aritu da hau salatzen eta aldaketa exijitzen. Orain politikarien garaia da eta herritarrek eta euskalgintzak egindako eskaerari erantzuna eman behar diote”.

Ildo honetan, hauteskunde kanpainan Kontseiluak Nafarroako alderdi nagusietako hautagaiak elkarrizketatu zituen, hauen iritzia zuzenean ezagutzeko. Emaitzak bideo desberdinetan jaso zituen Kontseiluak, www.kontseilua.org webgunean. Hiru egunetan 2.000 bisita izan dituzte bideoek eta Kontseiluak positibotzat jo du. Jakin-min hori herritarrek gaiarekiko duten kontzientziaren adierazlea da.

Paul Bilbaok, arduradun politikoei elkarlanean aritzeko deia egitearekin batera, herritarrei ere eskaera bat luzatu die: “Euskaraz bizi nahi dugun herritarron garaia da. Egunerokoan pentsamendu horri jarraituz kontsekuente jokatzeko eskatu nahi die Kontseiluak herritarrei;  bai eta indar politiko zein  gizarte eragileei ere”.

Udal berriak osatu bezain pronto, bilerak egingo ditu Kontseiluak udal-talde berriekin hizkuntza-politikan eman beharreko aldaketei buruz hitz egiteko

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.