Almudena Cid: “Apurka, ilusino barriak deskubritzen nabil”
Durango ezagutzen duzu? Zer erakustaldi eskainiko duzu?
Behin baino gehiagotan egon naiz Durangon. Erakustaldian lau bat minutuko koreografia eskainiko dut, Ortzi Acostagaz batera. Ortzi bost urtean Circo del Sol ikuskizunean ibili da.
Irailean urtebete bete zen erretiroa iragarri zenuenetik. Zertan aldatu da zure bizitza?
Gimnasia alde batera utzita, neure buruaren bila jardun dut urte honetan. Hile gogorrak izan dira, nire bizitzan inportanteenetakoa zen zera falta zitzaidalako: nire lanbidea; gimnasia erritmikoa. Hala ere, apurka-apurka ilusio berriak izan daitezkeenak aurkitzen nabilela uste dut. Luzaroan nire dedikazioa erabatekoa izan dela konturatu naiz; orain, esaterako, askorentzako ohiko diren gauzak egiteko denbora daukat: eguerdietan kafea hartzeko denpora, esaterako. Eta deskubrimenduak balira legez disfrutatzen ditut.
Gimnasta profesional zinenean, helburuak beti finkatuta zenituen. Kostatu egiten da erronka eta helburu berriak aurkitzea?
Bai. Gimnasia utzi aurreko urtean erretiro ondorena prestatzen ibili nintzen, baina gehien kezkatzen ninduena gimnasia nire ibilbide profesionaleko unerik onenean uztea zen. Orain, gimnasiak bete nauen beste beteko nauen zerbiten bila nabil. Ez dut uste maila bereko ordezkorik aurkituko dudanik, baina badaude erakartzen nauten gauzak: antzezpena, esaterako. Orain film labur batean sartuta nago, eta klaseak hartzen nabil, formakuntza osatzen. Ez dut presarik, urratsak ondo eman gura ditut.
Aspertzeko denborarik, behintzat, ez duzu eduki. Telebistako programetan ikusi zaitugu.
Nire buruari buruzko alderdi berriak ezagutu nituen ‘El Hormiguero’n. ‘Guerra de sesos’ saioan, kalean erreportajeak egitea zer lan zaila den deskubritu nuen, baina ezin naiz kexatu, jendea ondo portatu zen.
Gimnasta legez zeneukan egunerokotasuna faltan botatzen duzu?
Ez. Nire kirol ibilbidearekin oso asebeteta sentitzen naiz. Areago: batzuetan, goizetan esnatzean entrenatzera joan behar dudala uste izaten dut; ezetz konturatzean, “Uf, ze ondo, gaur ez dut minik edukiko gorputza behartzen ibilita”, pentsatzen dut. Sentitzen dudan bakarra hutsunea da, barru-barruan, asumitu beste erremediorik ez daukadana. Zulo hori ez du gimnasiak beteko, baina bai beste gauza batzuek. Biharko erakustaldiak publikoarekin berriro hartu-emanetan ipintzeko balioko dit, eta hori asko gustatzen zait!
Gazte gaztetatik gogor entrenatu duzu. Ez duzu ohiko nerabezaroa izan.
Nerabezaro diferentea izan da, inork inposatzen ez dizuna, norberak aukeratzen duena, nahiz eta oso gaztea izan. Gogoan daukat behin paperak nituela ere entrenatzera joan nahi nuela, entrenatzailea nitaz harro sentitu zedin gura nuelako.
Lorpenak perspektibaz begiratuta baloratzen ei dira ondoen. Zure lorpenen jabe zara?
Bai. Baietz uste dut, asko kostatu zaidan arren. Egia esanda, bide zaila izan da. Urrats berri bat ematen nuenean banekien askoren erreferente izango nintzela. Norbera izanez, nire modukoa izatea gura zuten gaztetxo denena.
Euskadik harrobi ona dauka gimnasia erritmikoan?
Hori bihar ikusiko dut Euskalgym-en!
Luzaroan entrenatzaile izan duzun Iratxe Aurrekoetxea barik, lortu dozuna lortuko zenuen?
Ez. Nire bizitzako une askotan behar-beharrezko izan dut. Onena hauxe da: ibilbidearen azkenean, biok sentitu dugu gimnasta independientea izatea lortzea, hori… gure lanbideko heldutasunera heltzea izan dela.
Esan egia: gorputzeko hezurrek igartzen dute erretiroa?
Ez pentsatu. Utzi aurretik ere kexatzen ziren!
Durangaldeari buruz gehiago jakiteko: www.anboto.org