‘Hoy es marketing’ Madril KRONIKA: Consumerin
Hizlari asko ez ezik, publiko handia ere bazegoen. Publizitate kanpaina ona egiteak eta doan izateak lagunduta lepo egon zen gela. Antolaketa primerakoa izan zen: hiru eszenatoki bi pantaila erraldoiekin, batean hizlaria ondo ikusteko eta bestean bere aurkezpena; gosaria, bazkaria eta merienda eman ziguten; gelatik paperezko opari mordo batekin atera nintzen. Goiz osoa eman zuten krisia aipatzen baina ESIC-ek egindako ekitaldi honetan nik ez dut krisia inondik ere sumatu.
Ohikoa izaten ari den bezala, jardunaldietan ikasitakoa kontatuko dut. Lehen atal honetan hain zuzen ere ESIC zabaltzen ari den ‘consumering’ ideia azalduko dut ondoren nire iritzia emateko.
AECOC
Jardunaldiak irekitzen lehena AECOC enpresa elkarteko presidenteak hartu zuen hitza, Juan José Guibelaldek. AECOC elkartea ezaguna da barra kodea ezartzeko sortu zelako.
Lehenengoa izan zen krisia aipatzen. Bereziki merkatuan lehiatzen ari diren enpresen jarrera kritikatu zuen. “Prezio guda batean aritzea kaltegarria da”, salatu zuen. Bere aburuz, prezioaren guda honek balioaren galera bultzatzen du. Aitzitik, markaren balorea indartzeko proposamena egin zuen krisi garai honetan.
Horrekin lotuta, esan zuen zein izan behar den egoera ekonomiko honetan lehiatzeko bidearen lehen urratsak: “Marketin teknika zahartuak atzean utzi behar ditugu eta ‘consumering’ egin”. Consumering egitea zer den ez zuen azaldu, baina zertzelada bat bota zuen. Dirutan pentsatzeko gomendioa eman zigun, “errealistak izan, ROIan pentsatu”.
Nire aburuz…
Egia esan, marketinaren teknikak berritu behar dira. Asko zahartuta ditugu. Krisi garai honetan ahaleginak egiteko aukera izan beharko litzateke. Prezioarekin soilik lehiatzeak kalte egingo dio merkatuari. Oinarritik aztertu behar da egoera eta irtenbideak bilatu behar dira egiteko formak aldatuz.
ESIC
Ondoren, consumering liburuaren autoreak hitz egin zuen, Javier Rovira ESIC Busines & marketing Schooleko irakaslea da.
Kontsumitzailea ezagutzearen beharra azpimarratu zuen. Horrekin batera, publikoa ez dela segmentatu behar esan zuen, argumentuak: komunikazio irekia eginbehar da, bezeroa ezagutu behar da, parte hartzea ahalbidetu behar da… Hau guztia, markak jaso behar du.
Iritzia
Kontsumitzailea ezagutu behar da, zalantzarik gabe. Kontsumitzailean ezagutzan dago garai berriko gakoa. Halere, ezinbestekoa da segmentazioa, oso diferenteak garelako, gure komunikazioak egokitu behar direlako. Era berean, bezeroari parte-hartzea ahalbidetu behar diegu eta sortzen diren elkarrizketetatik gure komunikazioa, zerbitzuak eta produktuak hobetu.
Bukatzeko, hemen dituzue hitzaldian hartutako apunteak hemen eskuragarri (gaztelaniaz).