Zuzenkeria

Zuzenkeria –

Xabier Euzkitze, Noticias de Gipuzkoan.


Aspaldi aitortu nien ingurukoei ez dakidala gaur egun bertsotan plazaz plazako ibilian asmatuko nukeen. Hogeita bost urtean asko aldatu da gizartea, orduan lasai ederrean esaten genituen hainbat gauza pentsaezinak lirateke gaurko ikuspegitik so eginik. Orain lekuz kanpoko dakuskigun hainbat arrazoiketak grazia egiten zuten orduko amitz bertsozaleren artean. Oraindik izango dira horretarako bide eman lezaketen gune oso pribatu gutxi batzuk, baina ez dut uste inoren ahotik entzungo denik halakorik. Batetik, konturatu gara esaten genituen hainbat gauza onartezinak direla berdintasunaren eta askatasunaren ikuspegitik, gehienetan oharkabean esan arren. Zerbait —ez behar beste— ikasi dugulakoan nago. Bestetik, nola uka!, inork ez du arriskatu nahiko edonork grabatu eta bost minutuan Euskal Herri osoan heda lezakeen zernahi astakeria esatera.

Umorea marra lauso eta arriskutsuz inguraturiko eremu artistikoa da. Duela hainbat urte kanta polit baten hitzak egin zituen Poxpi zenak, Azkoitiko musikari eta zirikatzaile ezagunak:

Din-don din-don din-don, orain hameikak,

din-don din-don din-don, laister hamabixek.

Don!, jo dik ordubata, din-don ordubixek,

holako erlojurik etzeukek Azpeittixek.

Kantu horren grabaketarekin egin dut topo, baina bukaera aldatua du: “holako erlojurik etzeukebe beste herrixek”.

Ukaezina da gizarte berri honi neurria hartu ezinik gabiltzala, doinu berrien konpasera egokitu ezinik, eta horrek batere kutsu gaiztorik gabeko umorea urardotzera eramaten gaitu sarri. Okertu nahi ez eta zuzenkerrian amildu.

Zuzenkeria

Zuzenkeria

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude