Zuhaitz hauteskundeak: Altzoko pagoa
Altzoko pagoa
Horrelakorik entzun gabekoa nintzen. Kalabaza handienaren lehiaketa bai, entzuna nuen noiz edo noiz, parrandaren batean irabazitakoa ere banaiz (ez ez da, kalabaza hartu, etxera joan eta purea egin). Marihuana txapelketak ere aspaldiko kontua dira. Guinnes liburuan munduko zelebrekeri handienak topa daitezke. Baina sekula ez nuen pentsatuko zuhaitz lehiaketarik bazenik.
Ez dakit zergatik egiten zaidan hain arraroa. Gizon zuri europarra naiz, eta zuhaitzen inguruan lehiaketa bat planteatze hutsa oso gizon zuri europarrena iruditu zait. “Kontinente zaharreko” (ez ukatu kontzeptu honi darion kiratsa) zuhaitz lehiaketa egingo du Europar Batasunak, eta ez, dirudienez lehen aldiz.
2017ko zuhaitz berezienen artean egongo da Altzoko pago bat. Herriko Imaz bertsolariak (gizon zuri europear batek) duela 180 urte inguru landatu zuen. Pago motz honek Eusko Jaurlaritzaren zuhaitz bereziaren izendapena jaso zuen 1997 urtean, eta oraingoan EAEn dauden beste 30 zuhaitz artetik izan da hautatua. Baina Europa guztiarekin lehiatu ahal izateko zuhaitzekin zerikusirik ez daukan filtro bat pasa behar da, politikarena, mugena, eta Altzoko pagoa hauteskunde kanpaina bete-betean aurkitzen da une honetan, beste bederatzi zuhaitzekin lehia bizian. Eremu honetan inoiz ez da egon bipartidismorik.
Zuhaitza bada aski berezia, ateratzen dituen bozak ateratzen dituela. Hautagaiak irudikatu ditut prentsaurrean adierazpenak emanez hauteskunde gauean: “oso gustura gaude jasotako fruituekin”, “Extremadurako gorostia eta Gaztelako urkia egur bereko ezpala dira”, “demokraziak, beste behin, adarra jo digu”, “geure feudoetan indartsu mantendu gara (Aralar, Irati, Pagoeta…) baina eskas samar gabiltza Arabar Errioxan eta Erriberan”, “ezin da ukatu urtetik urtera hazten goazenik”, “gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak”, “zu haitza, gu zuhaitza”, “emaitzek zur eta lur utzi gaituzte”, “horrela jarraituz gero UPyD baino okerrago amaituko dugu, koaderno batean, edo tximini batean, edo komuneko paperean…”, “winter is coming”, “non gogoa, han pagoa”, “lortu ditugun emaitzak sekulako pagotxa dira”, “har hitza eta bozkatu haritza”, “pinua Ebrotik behera eta Atturritik gora, Alde Hemendik”, eta abar luze bat.
Altzoko pagoa