Zerbaiten esperoan indartsuagoak gara, zerbait eduki uste dugunean baino

Zerbaiten esperoan indartsuagoak gara –

Teologoei buruz ari zelarik, zera zioskun Tillichek; teologoak ez daude jada Jainkoaren esperoan, Berau ondo eraikitako doktrina baten baten baitan guztiz atzemanik dute-eta. Bibliaren gainean ikasienei dagokienean, beste horrenbeste, hauek ere ez daude Jainkoaren esperoan aspaldi Biblia den liburu horretan ondo ere ondo atzemanik eduki uste dutelako. Goitik beherako jende elizkoiarekikoan ere berdin, lasai asko utzi diote Jainkoaren zain egoteari, Eliza erakundean ezinago ondo baitute Jainkoa gordeta. Ezin dugu Jainkoa geuretzat eduki, horretaz zinez konbentziturik egotea uste baino zailagoa zaigu. Egiarekin antzo, ezin Jainkoa jabetza moduan gordeta eduki; Berarekikoan esperoan bestetan ezin gara egon, egotekotan.

Zerbaiten esperoan  indartsuagoak gara
Kontu honen gainean zera ere eratxiki zigun Tillichek; Jainkoa eduki uste duten kristau multzoa gainontzeko kristauei zenbaitetan gailendu izanak, eta, horren ondorioz, gertakari honek esperantza nabarmen kaltetu izanak, eragin dute sarri askotan kristauen aurka egin izana.

Tillichen hausnarketa hau hizpidera ekarri ostean, segidan, horrekin bat egin lezaketen nire aspaldiko olerkitxo honako hauek:

Iraganminez setaturik,
ezin errautsak hateman,
beldurraren beldurrez tematurik,
eduki ustetan izuz gotorturik,
ditugu jada deus ez dena goraltxatzen,
artean guztiz izan ez zena eta guztiz datekena ahanzten.

Egia aurkitu genuelakoan,
“gurea” izateko tematu ginen,
“geure egia” izan zedin,
tematu ginen ikaragarri…

Hori gorde,
Horri heldu,
Hori babestu eta zaindu
geure egia zelakoan,
geure-geurea, egia…

Eta gordetzearen gordetzez,
eta zaintzearen zaintzez,
geure baino geureago zen egia hori.
Eta halako egun batean,
ezin hobeki gorderik genueneko egun horietariko batean,
gordetuari genion begiratu,
gure egia zen horri…

… eta jada ezer ez zen hori,
Ezdeustuaren ezdeustuan ezdeus huts aspaldi jada bilakatua.
“gure egia” bilakarazi genuen Egia hori,
orain “gure” biluzik baino ez den hori.

Zerbaiten esperoan indartsuagoak gara

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

2 pentsamendu “Zerbaiten esperoan indartsuagoak gara, zerbait eduki uste dugunean baino”-ri buruz

  • Baga: Jainkorik ez dago, aspaldi zendu zen
    Biga: Hala ez bada erakutsidazu. Baina ez institutuan bezala. Bi urte eman genituen Santomasen, Kanten, honen eta haren “Jainkoaren existentziaren…..Ondorioa, garbi eta Aratz, ez dago Jainkorik.
    Ez dakit poztekoa ala beldurrezkoa den,baina ikusi dut esperoan dagoela. Hortik zer sortuko ote da, jinko ttipi bat? Eros dezala zakur bat, horixe baita umerik eduki nahi ez duten gazteek egiten dutena.

  • “Iraganminez setaturik,
    ezin errautsak hateman,
    beldurraren beldurrez tematurik,
    eduki ustetan izuz gotorturik,
    ditugu jada deus ez dena goraltxatzen,
    artean guztiz izan ez zena eta guztiz datekena ahanzten.”
    ?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude