Zenbait galdera txoro eta alferrikako
Batasuna (edo dena delakoa) PSErekin bildu zela argiatartu zenetik, badira egunak, eta bada zalaparta bazterretan. Egia esan, zarata gehiegiak, ez nau hainbeste kezkatzen, akordatzen bainaiz behin nola galdetu zioten Laura Esquivel idazleari ea zein baldintza zitzaion ezinbestekoa idazteko orduan. Eta honek, batere ezbairik gabe, “Ixiltasuna!”, esan zuen.
Orduan kazetariak galdegin zion: “Nola liteke, orduan, zuk New Yorkeko boskarren hiribidean duzun apartamendua hautatu izana zeure nobela idazteko? Munduan ez da inon zeure etxetik bezainbeste anbulantzia eta trafiko hots entzungo!”
Erantzuna: “Horixe du zarata askoak, ixiltasun bihurtzen dela. Joan zaitez, bestela, baserri isolatu batera idaztera, eta ikusiko duzu euli baten burrunbak nola distraitzen zaituen arratsalde guztirako. New Yorkeko apartamentua leku perfektua da”.
Ez dakit gure zarata mediatikoa hainbestera ailegatzen den, baina bada hasi denik esaten informazio gehiagoak bakarrik konpon lezakeela informazio gehiegia, ETA eta bakebidearen kontuetan. Ez dakit, ez dakit…
Baina ez nuke bizpahiru galdera inuzente egin gabe geratu nahi. Egia esanda, behin hasi ezkero ez nuke amaituko:
- – Batasuna (edo dena delakoa) ez bada egiazki PSErekin bildu, nola ez dute Vocento eta Noticias taldeko kazetari antagonistek mea culparik egin orain arte?
- – Batasuna (edo dena delakoak) eta PSEk adostuta bazuten bildu izan direnik ukatzea, eta hori sekula aitortzea, baldintza hori dela tarteko, zertan aldatzen ditu (benetan) gauzak bildu izanak edo bildu gabe geratzeak?
- -Batasuna (edo dena delakoak) eta PSE ez badira egiazki bildu, zer arraioren zain daude? Zertarako ditugu, ba, politikariak?
- – PPk noiz hautatuko du une zehatza, bere maitaleak beste batzuekin nola egiten duen dantza begiratzeari utzi, lekutik jaiki eta ganorazko zaplasteko bat emateko dantzalekuaren erdian?
- – Patxi Lopezen “marra gorrria” zer da Predictorren arabera, haurdun dagoela ala ez dagoela haurdun?
- – Etc., etc.