Zaintzaz eta familia zabalaz hainbat gogoeta
Zaintzaz eta familia zabalaz hainbat gogoeta –
Arestian irakurri ditut Patxi Azparrenek bidalitako artikulua bai eta beraren inguruan hainbat irakurlek egindako iruzkinak, eta egoki iritzi diot zenbait gogoeta plazaratzeari.
Aspaldiko gizarte txikiago eta sinpleagoetan, den-dena egon ohi da araututa, A-tik Z-raino. Bizitzaren atal guztien nondik norako guztiak zurrun eta zorrotz ditu erabakita taldearen ohiturak eta ez dago bide estu horretan ezker eskuin sobera desbideratzerik. Gizarteak handiago eta konplexuago bihurtuala, zurruntasun horri ezin eutsia gero eta nabarmenago bihurtu zen apurka, eta azkenean, gaur egun, gure gizarte erraldoi globalizatuan indarrean dagoen dotrina neoliberalaren arabera, ez gara gehiegi kezkatu behar sisteman aldagai berri bat sartzeak ekar dezakeen ondorioez, sistemak berak bere kasa aurkituko baitu oreka berria.
Uste hau indar handiaz zabaldu zen eta ia orobateko onespena eskuratu, marxismoaren menpeko ekonomia planifikatuek hondoa jo zutenean, merkatu libreko ekonomiak loratzen ziren bitartean, joan den mendeko azken hamarkadan. Berlingo Harresiaren eraispenaz geroztik, mendebaldeko gobernuek ekonomia kontrolatzeko gero eta ahalegin txikiagoa egiten dute, bera bakarrik bere kasa utzita beti orekarantz jotzen duelakoan. Eta uste hori apurka-apurka, ekonomiaz harago ere zabaltzen ari da, eta jada arlo anitzetan aurkitzen dugu, planifikaziorik gabeko aldagai berriak ekuazioan sartzea, ondorioez gutxi edo batere kezkatu gabe, kasu guztietan sistemak orekarantz egingo duelakoan. Hots, zabal ditzagun belak eta utz dezagun lema jare, haizeak noranahi eramanda ere, seguru leku ona izango dela-eta.
Planteamendu neoliberal honi aurka dakiokeen bainazkoa zera da: oreka desoreka baino hobea izanik ere, oreka guztiak al dira onesgarri? Oreka batzuk ez ote dira beste batzuk baino hobeak? Eta urrats bat harago joanik, ez ote da oreka txarrik ere? Gustuko dudan adibidea erabiliz, gizateriaren hiru laurdenari gen klorofilikoa txertatu eta lurrean landatuta utziz gero, agian larpopulazio krisia eta berotze globala konponduko lirateke eta gure planetak oreka ekologiko berria erdietsiko luke, baina oreka egoera hori bistan da ez dela onargarria.
Modako dotrina neoliberalaren arabera, urteak daramatzagu sisteman aldagai berriak sartzen, horren ondorioez kezkatu gabe. Horrek batzuetan egundoko desorekan murgilduta gauzka, nolanahiko konponbideetan barrena bestetan, eta halamoduzko oreka berrietara heltzen zenbaitetan. Ekonomiaren globalizazioak eta jarduera ekonomikoaren leku-aldaketek munduaren geopolitika aldatu dute eta gu bizi garen eskualdean lan-aukerak eta enpleguaren kalitatea nabarmen murriztu dituzte. Irakaskuntza munduan ia etengabe sartu diren aldaketak, denak berritasun hobe baten izenean, badirudi, emaitzei erreparatuta, atzerabide ez ote diren izan, aurrerabide beharrean. Demografia krisi izugarriari entzungor egin diogu, lema jare utzita gauzak bere kasa konpontzen omen direlakoan, eta ateak zabaldu dizkiogu emigrazioari, hori ere inolako kontrolik ezarri gabe, inolako planifikazio edo aurre-ikuspenik gabe. Eta bitartean, norbaitek planifikatzeari inoiz utzi ez diolako, edota merkatuaren indarrek oreka horretara eraman gaituztelako, mundu berri bat sortu da: Familia bati eusteko bi soldata behar diren mundua (duela berrogeita hamar urte soldata bakarraz nahikoa zenean), korporazio handien musikaz dantzatzen duten politikari txotxongilo eredua, eta nagusiaren ahotsa bihurtu diren komunikabideak.
Hitzaurre luze honen bidez ulertarazi nahi dut, zer den Patxi Azparrenek aipatzen eta defendatzen dituen aldarrikapenei ikusten diedan koxka. Zilegi da zeharo emakume zaintzaileen errebindikazioekin bat egitea, edota Zaintza bera, bere osotasunean hartuta, osasun arreta dagoen moduan, Seguritate Sozialaren sisteman txertatu behar litzatekeela aldarrikatzea. Zeharo zilegi, esan bezala, eta areago esango nuke, plazaratu eta eztabaidatzea komeni den gaia. Oso bestelako kontua da ordea, aldarrikapen batzuen sendogarri eta apaingarri, asmakeriatan jardutea, antropologiaren nolabaiteko autoritate intelektuala baliatuta.
Familia zabala omen da zaintzarako desideratum berria. Zenbat familia zabala eredu aztertu dituzte eta horietatik zein hobesten dute hori proposatzen dutenek? Umea hazi nahi ez duten ama gazteei ume hori amari edo izeba bati entxufatzeko aukera ematen dien afrikar eredua? Ume horietako zenbaten oreka psiko-afektiboa aztertu dute proposatzaileek? Baina ez. Seguru asko hori ez da izango proposatzen den eredua. Proposatzen dena izango da aspaldiko familia zabala eredu bat, aspaldikoa denez eta inork ezagutzen ez duenez, gure gaurko fantasiaz bete eta taxutzeko balio duena. Sarritan gertatu ohi dira horrelakoak.
Zoritxarrez, badakigu zerbait aspaldiko familia zabala ereduaz, eta dakigun horrek erakusten digu ezinezkoa dela gaurko egunera horrelakorik estrapolatzea. Familia zabala eredua, norbanakoaren izatea hutsaren hurrena den garaian ematen da, hots, izate garrantzitsu bakarra talde izatea den garaian. Familia zabalak taldearen iraupena du ipar, ez zaintza, eta ez, noski, kide baten edo besteren aisialdia erraztea. Umeak hazi eta egokiro ezkonduz, aspaldiko familia zabalak, ugalketaren bidez taldearen iraupena segurtatzea du helbururik behinena. Zaintza noski, familia zabalean segurtatuta dagoen auzia da, baina familia zabalaz hitz egitea zaintza aipatuz soilik, ugalketaren aldagaia ez balego bezala, ez da azterketa antropologikoa egitea, agenda ideologiko baten gidoiari atxikitzea baizik.
Familia zabalean, norbanakoa (emakumeak barne) ez da ezer, ez da inor eta horregatik ez du apenas eskubiderik. Taldea da garrantzia duen bakarra eta bere baitan denek jarduten dute taldearen alde, taldearen beharrak norberaren erosotasunaren gainetik ipinita, dela umeak egin eta hazteko garaian, dela zahar eta gaixoak zaintzeko garaian. Tokitan gaude.
Gu ez gara garai horretakoak. Norbanakoaren eskubideak zoragarriak dira, eta gure arbasoek ez bezalako bizimodua dugu, hainbat gauza egiteko eta gozatzeko askatasunaz. Baina aurki guztiek dute bere ifrentzua eta edozein ekintzak ditu bere ondorioak. Indibidualista bihurtu bagara ez da jauntxo, errege, eliza edo kapitalismoaren erruz izan. Aski da txintxo eta gaiztoen ume-istorio merkeaz. Indibidualista bihurtu gara arrunt atseginagoa delako larunbat gauean parrandan ateratzea etxean gaixo dagoen ama zaintzen geratzea baino. Eta argi bedi ez nabilela epai moralik ematen: ez dut esaten ondo edo gaizki dagoen, baizik eta, biak batera ezin direla egin, eta, manta laburregiaren pasadizoan, burua estali nahi badugu, oinak agerian geratzen diren bezala, hemen ere, alde batetik jotzen badugu, bestea zurtz uzten dugula.
Eta honenbestez bat egingo dut lehen zatitik datorren hariarekin. Ziur nago feminismoak ez duela neoliberala izan nahi, baina urteak daramatza ekuazioan aldagai berriak sartzen, epe luzeko albo ondorioez arduratu gabe. Eta ez dago jarrera horretan bakarrik, lagun ugariz inguratua baizik, esan bezala, gizartearen maila guztietan nagusitu den jarrera delako. Auzi baten alderdi bakarrari ekin eta gero hainbat albo ondorio txar sortzen direnean haiez kexatu, edo oraingoan bezala xelebrekeriak asmatu sortu den arazo berria konponduko duelakoan.
Jakina da emakumearen egoera arrunt bidegabea izan dela familia askoren barruan, zaintza beharrak sortu direnean bereziki. Baina zaintza lanen banaketa bidezkoa sustatu beharrean, zaharrak kanporatzeko eredua hobetsi dugu, edota zaharrez soldatapeko langileak arduratzearena. Eta hori zergatik? Bada, gure gaurko gizartean gainerako arloetan bezala, gizabanakoen eskubideak eta erosotasuna, taldearenaren gainetik ipini ditugulako. Denok, feministek eta ez feministek. Eta aintzat hartzen den ikusgune bakarra baldin bada gizabanakoen eskubideena, horrek desoreka batera eramango du. Guztien gainetik eta kontrapisurik gabe jartzen badugu, gutariko bakoitzak eskubidea duela lanbidean izar bat izatera iristen saiatzeko, kosta ahala kosta ahaleginduta beste ezeren gainetik, eta hainbeste lan egin ondoren asteburuak aisialdian emateko bai eta ondo merezitako oporraldiak urtean bitan egiteko, bistan da ez dela denborarik geratzen umeak hazi edo gurasoak zaintzeko. Eta normalena da, horrelakoen familia zabala eskola berekoa izatea: osaba-izeba jubilatuak Benidormen edo Senegalen, eta ume eta nerabeak berriz, ingeles errefortzuan ez dabilena, klarinetean edo balletean izango ditugu lanpetuta. Beraz, Alzheimerrak jotako amona zakar gaiztotua, “ahaidetasun sinbolikoz” familiakide den horietako bati utziko diogu goxo eta musutruk zaintzeko.
Bromak bazter, familia zabala da familia nuklearra bezalakoa, baino oraindik askoz okerragoa taldearen pisuari eta garrantziari dagokionez. Pentsatzea zabala eta ugaria delako obligazioetatik eskakeatzeko aukera gehiago daudela, gaur egungo indibidualismotik baino sortu ez daitekeen inozokeria da. Utz dezagun, bada, familia zabalaren ipuina eta egin dezagun gogoeta, bagenuela familia nuklearra, zaintza beharrak mendeetan bikain asetu dituena (emakumeen aurkako desoreka nabarmenaz), eta arrunt ahuldu duguna ia desegiteraino, planteatzen zituen obligazioak eta sakrifizioak astunegi bihurtu zaizkigulako.
Talde-izatea ekuazioan sartzen ez den artean, gure norbanako eskubide maiteen kontrapisu (izorrantea) izateko, zaintzaren auziak gaur dagoen desoreka egoeran segituko du. Talde-izateak berarekin nahitaez dakarren sakrifikatu beharra, neurri batean ekuazioan sartzen ez den artean, gaur egun bizi dugun kinka berean iraunen dugu. Zaintza lanak soldatapeko bihurtuta, eta sindikatuek behar hainbat indar egiten badute, Seguritate Sozialak edo bestelako sektore publikoak bere gain hartuta, soldata horiek hobeak izan daitezen. Baina publikotasun horrek ez du familia zabaletik ezer izango, eta auzolanetik izango du Eusko Jaurlaritzaren propagandak duena.
Familia zabalaren aldarrikapensren atzean, eskakeo orokorra, indibidualismoaren gorazarrea!!!!