Zain, ezer espero gabe II

Zain, ezer espero gabe II – 

Zain, ezer espero gabe II

“Baiezkoak” onartzearekin duela zerikusirik nioen aurreko artikuluan, etsitzearekin, dena delako hori onartu eta zeure burua asetzat jotzearekin. Horrek, hurren, den eta dagoen horrekiko geure zabaltze guztizkoa ekarriko digu, edo, bestera esan, guk geuk jada baden horri harrera on egingo diogu guztiz. Eskuarki oso bestela aritzen garela ere eratxiki nuen hurren, errealitate oro galbahetzen dugula, eta hortik ondo ebazten dugula zerk indartzen-sendotzen duen gure pertsona (gure pertsonaren irudikapena) eta zeri, aldiz, deritzogun mehatxu.

Errealitatearen gaitzespen etengabeko hau aurrez eraiki dugun “ni objektibatu” batekin nork bere burua estuki indentifikatu izanaren ondorena baino ez dugu. Eta jada aurrekoan esan nuen moduan, “ni” delako horrek, objektiboki, bere baitan ezereza baino ez duela onartzearekin solik gainditu liteke egoera hori. Hartara, behin gainditze hori gauzatzerik izan dugularik, gure “nia” ez zaio zertan ezeri lotu, izan, badela senti dezan. Orduantxe, guzti-guztia bere intimitaterik gorenean izango zaigu, eta gu den guztiaz harago izango gara, eta den guzti-guztitik erabat aske. Ekuanimitate apasionatu bat iritsiko dugu orduantxe, den guztiari emandako “baiezko” batetik eratorritako ekuanimitatea hain justu.

Egoera berri hau “zain egotearekin”-edo lotu zuen Heideggerrek, ez helbururik ez desiratutako ezein objekturik ez duen “zain egote” hutsarekin. Maitasuna ere baliatzen du Heideggerrek errealitatearekin harremantzeko modu berri hau zer-nolakotze aldera. Izanez ere, zerbait zin-zinez maitatzea zer izango eta maite dugun hori bera berau den modu-moduan izan dadin uztea baino ez da. Onartze guztizkoak maitasunean du bere adierazpenik gorena. Amor fati delakoaren bidez deskribatzen den maitasun estoikotik gertu dago maitasun molde hau. Baita Eckhart-ek, Seneka aipatuta, honela deskribatzen duen honetatik ere:

“Halaxe eskatu izan balitu bezala, onar bitza gizakiak gauzak oro” (ECKHART, Tratados y sermones, 171. or.)

Testuinguru moral, filosofiko zein erlijioso zenbaitetan aldezten den onartze moldeak zerikusirik gutxi du hemen darabildan “onartzearekin”. Izanez ere, beste onartze hori amore ematearekin dago lotua eta honako hau ez. Onartze filosofiko erlijioso usatu hori ez da berezkoa, ezinarekin, ezintasunarekin lotuta baitago. Behin zerbaitek huts egin digula, behin aurrez aurre ezinbestea baino ez dugularik, orduan eta soilik orduan onartzen dugu dena delako hori. Egoera horrelakoetan halabeharraren patuari men egin izanarekin mozorrotzen da etsipenezko eta molde erlijioso-filosofikoko onartze mota hau. Gogamenak baliatutako amarru bat baino ez da aipatu mozorrotze hori. Onartze ohiko hau baina onartze heideggerriarraz guztiz bestelakoa da. “Hobe zatekeen bestela izan balitz, baina azkenik hala izan da” eta antzekoak esan ohi dira.

Zinezko onartzea baina ez dator ezintasunetik, eta eskatutakoarekin edo nahi izandakoarekin ez du inongo loturarik. Ez da behin nork bere mugekin talka egiten duenean sortzen den horietarikoa. Ez du nahi ezer den bezala-bezalaxe ez izaterik, baina hautu hori ez da inondik inora beste aukeretariko bat, ez da egindako hautu bat inondik. Berez-berez, “niak” ez du ezer nahi, hain justu ere den “horrekin” bat delako. Onartze molde honetan ez dago tarte ez distantziarik onartutakoaren eta onartzailearen artean. Eta, azkenerako, onartzeetan onartzerik gorena jarraiko hau izango da: ni naiz.

Igor Goitia

Zain, ezer espero gabe

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude