Zain, ezer espero gabe
Zain esperoan, ezer espero gabe –
Des-atxikimendu guztizkoaren alde, denarekikoa bezainbat ezertxorekikoa ere ez izatea beharko lukeen horren alde egiteaz… horretaz jardun nuen aurrekoan. Bizi emale kasik bezain ezin gauzatuzkoa dugu itxura batean bederen. Pixkaka joan naiz arian-araian, azken artikulutuz artikulu, eta, hasiera batean honekiko edo beste horrekiko desiratik askatzerakin eman bazezakeen ere aldeztutako des-atxikitze molde hau, azkenerako, potolo, ezinago potolo geratu zaigu; are errrealitatea honelako edo halakotzat jotzetik beretik ere askatzea du eskakizun… edo areago ere, eta guk geuk etorkizun batean honelatsuko edo horrelatsuko izan nahi izatetik aske eta libre izatea ere barne hartzen du. Jarrera guztizko horrek zabalduko ligukeen paisaia psikoki berri bezain ezezaguna honetara-edo lerroburutu genezake: “Pasio handiz izan zaitez pasiogabea; hori baino ez da” (NISARDAGATTA, Yo soy Eso, 165 or).
Errealitateari, gertakariei, beroien gainean izan genitzakeen usteei, beroein ezagutzari, beroiei egin geniezaiekeen harrera on zein txarrei, beroiek tarteko izan genitzakeen zaletasunei, apetei, desira zein aldaketa-desirei, gorrotoei, gogaitei, nazkei…horiei guztioriei, “ezezko bat” eta “baiezko bat” eman beharko genieke bateratsu. Heideggerrek “zain egote” moduan hartzen du aintzat jarrera hau, “baietz” esatea eta “ezetz” esatearen arteko atergabeko oreka zailskoan irautea baino ez den “zain egote” moduan alegia.
“Baiezkoak” onartzearekin du zerikusirik, etsitzearekin, dena delako hori onartu eta zeure burua asetzat jotzearekin. Horrek, hurren, den eta dagoen horrekiko geure zabaltze guztizkoa ekarriko digu, edo, bestera esan, guk geuk jada baden horri harrera on egingo diogu guztiz. Eskuarki, eta gizakiak garen aldetik, gure esperientziak eta gure bizipen-sentipenak hautatu, galbahetu, sailkatu eta balioesten ditugu; hori dugu hain justu berenez dugun izaera objektibista. Aurrez, hasteko eta bat, gu geu garen hori, geure burua bera den hori, ondo definituta-zehaztuta izan ohi dugu; hori dugu abiagune. Gerora, hortik abiatuta, behin geure burua definitu dugularik, berorrentzat errealitatetik eskainka zer dugun positibo eta zer negatibo ebatzi ohi dugu, zer datorkigun ondo eta zer gaiziki geure buruaz eraiki dugun profil objekktibatu eta jada ezarri hori aberaste-osatze aldera. Galbahetzen dugu den-dena, ondo ebatzita zerk indatzen-sendotzen duen gure pertsona (gure pertsonaren irudikapena) eta zeri, aldiz, deritzogun mehatxu.
“Jainkoaren ikusian den guzti-guztia da ona, zuzena eta ederra. Gizakiek, aldiz, gauza batzuei on eta bestezuei txar deritzete” (HERAKLITO, 106. zatia).
Atergabean aurrez eraikitako norbere “niarekin” idendifikatzeari, bat egiteari, egin lekioke aurre, zera eginez, geure “nia”, definozioz, izaeraz, ezerez dela, objektiboki ezerez dela ondo jakinda. Horrekin dago estuki lotuta aldezten den “baiezkoaren” alde egite hori. “Baietzaren” bizipen “supra-objektiboaren” bitartez bestez ez dugu aurreko ni objektibista hori gaindituko. Hortik hara, aurrerantzean, ni berriak ez du zer defendaturik izango, ez zeri loturik, bere burua berez jada baden hori izan ahal izateko. Barne hutsune handi bat sentituko dugu geure baitan hasiera batean, nahiz-eta ezin gaindituzko intimitatea sentituko dugun hurren. Guzti-guztiaz haraindi senti dezake nork bere burua, guztitik aske bere burua, eta guztiarekiko harremanetik aske. Ekuanimitateak, neutraltasunak, inpartzialtasunak hartuta sentituko du nork bere burua, den guztiari emandako errotiko baiezkotik eratoriak.
Besteko, bigarrenik eta gorago esanda moduan, “ezezkoari” ere zor gatzaizkio. Ezezkoa bigarrenik dator derrigor, bigarrenik hain justu ere norberak ez duelako aurrez onartu duen horrekin bat egiten inondik. Baiezkoa eman zion, noski, baina halarik ere baiezko horri ez zaio lotzen inolaz. Eskuarki, ni objektibista arrunt eta egunerokoak gatazkatsu oso leritzoke onartzeari eta gaitzesteari bere burua batera lotzeari. Egoera berri honetan baina ez dago ezein gatazkarik ez dagoelako ezein hautaketarik, hain justu ere norberak den horrekin, den modu-moduan, bat egiten duelako. “Hor dagoen horrekin” bat egitea da, baina dagoen horrekin norberak bat egiten du “dagoen hori” berez, iraunkorki, ez delako “ezer”, edota, bestera esan, norbera ez dagoelako den “hori” dagoen mailadian. Den ezerk ezin du “ni supra-objektiboarekin”, ez ezerez esentzialekin talka egin.
“Baiezko eta ezezkoaren” arteko aipatu jarrera “zain egote” heideggerriarrek hartzen du bere gain oso era egokian. Beraren “zain egotea” ez dugu zain egote objektiboa, inondik ere. Ez du berenez ezertxo ere espero. Izanez ere, zertxobaiten esperoan egotea aldez aurretiko egindako irudikatze batetik segitzen da; izanez ere, zehazgarri den zerbaiten esperoan gaudenero, sakon-sakonean jada ez gaude “zain”. Zain egon modu hau guztiz etsitzetik ernatu ohi da,hau da, honekikoan, horrekikoan, edota den bezalakotzat burutan darabilkegun edozertxorekikoan etsitze sakonetik.
“Zein da erabateko des-atxikitzearen helburu edo zertarakoa? Ez hau, ez harako hura, ezerez ezin biluziagoan baitatza” (ECKHART, Tratados y semornes, 248. or.).
Ez du “ezer” espero “zain dagoen” horrek. Izanez ere, zer edo zer espero izango balu, espero izandako horren parean jarriko luke bere burua. Eta horregatik esaten zaio “ezetz”. Finean eta buruan, “baiezko” eta “ezezko” bateratu horiek zin-zinez ez dira gizakiaren ahotik ateratzen, edo agian bai, baina betiere bere burua gizaki izaeraz haragokotzat jo ahal izateko duen dimentsioa tarteko.
“Ez ezazu famaren esekileku bilaka zeure burua. Ez ezazu egitasmoen artxibategi bilaka zeure burua… Baztergaberekin bat egiten eta berorretan zeure burua murgiltzen saia zaitez. Arrastorik utzi gabe ibil zaitez. Zeure baitan ezereza babesten bestetan ez zaitez ahalegingu. Gizakiaren bihotzak ispilu baten antza du; inor ez du hartzen, inor ez du agurtzen; islatzen du, baina ez du ezertxo ere artxibatzen. Horrela hain justu ere gailentzen zaie gauzei beraiengandik minik batere hartu gabe” (CHUANG TZU, c.7, 6, p. 59.)
Igor Goitia