Zain ditzagun zaintzak
Zain ditzagun zaintzak –
Espainiar Estatuan lehen kasua atzeman zen urteurrenean iritsi zitzaidan niri positiboaren mezua. Senezko erreakzioari jarriki, sakeleko telefonoa hartu eta guztiei abisatzen hasi nintzen, gorputzean positiboak sorrarazten duen ikara gainean nuela.
Gaitzak bakarrik harrapatu nau etxean. Eta etxe osoa niretzako badut ere, ohetik altxatzeko indarrak behar ditut. Hasieran buruko min amaigabea zena, sukarra bihurtu da, ezinegona eta zorabioa. Gorputz atal eta hezur guztiek egiten didate min, eta kamio batek sekulako astindua eman balit bezala sentitzen naiz. Gosea joan zait eta gainera janariak zaporea galdu du. Animoz ere ez nabil sobera. Egunak hogeita lau ordu baditu hogei lo pasatzen ditut, eta gainontzeko lauak telezaborra ikusten. Ez dut deus pentsatu nahi, liburua hartu eta ez naiz bi lerro irakurtzeko gai. Pentsa, ikusita ditudan pelikulak berrikusten ari naiz trama berri batera harrapatzeko esfortzuak alferkeria ematen didalako.
Negar asko egin dut ere. Izeba medikua dut, eta bere ustez sukarragatik da. Baina denak ematen dit min, eta reality baten amaierarekin negar zotinka bukatzen dut. Eta batzuetan pentsatzen dut gaitza bakarrik pasatzeko informazio gehiegi irakurri dudala hari buruz.
Gaixo oso txarra naiz, asko kexatzen den horietakoa, eta gainera, ezer hartu nahi ez duena. Eztula egiten dudan bakoitzean ito egingo naizela ematen du eta horrekin ingurukoak kezkatzeko abilezia handia erakutsi dut.
Orain hobeto nagoela, ni zaindu nauten guztiekin gogoratzen naiz. Egunero-egunero deitu didaten pertsonekin. Nire kuadrillarekin egin ditudan bideo deiek berpiztu nauten une bakoitzarekin. Zaintzeko eskatu didaten mezuekin. Baina, esker on hauetan aipamen berezia merezi du nire bikotekideak. Madrilen lanean egonik, dei batekin nik negar egiteari uzteko gaitasuna izan zuelako, zinez, zaila zena. Bakarrik baina zaindua sentitu naiz eta ez dakit hori nola eskertu. Hemendik ateratzean gaitza pasa duen horren immunitateaz baliatuko naiz hainbeste behar ditudan besarkadak emateko.
Zaindu.