Zahartzearen zailtasunez

Zahartzearen zailtasunez –

Urteak betetzen dituzu, urtero bezala, urtero hil beraren egun berean. Errepikapenaren ilusioa. Ezer ez da berdin baina. Horrexegatik ospatzen duzu agian, aurrekoak gogoratu nahian, oroitzapen lanbrotuak errepikapen-egitasmo bihurtzeko jolasean sinetsiko bazenu bezala. Edonola ere, lanbroaren kontzientzia eta jolasean aritzearen susmoa gero eta gordinagoak dira, ezkutaezinagoak.

Haatik, jolasean jarrai dezakezu tarteka bederen, adiskideak dauden bitartean, bidaideak elkartu ditzakezunean ospatzeko, zer-den-ondo-ez-dakizun-hori ospatzeko, bermatuko balizute bezala berriz ere gertatuko dela errepikapenean fedea jartzen duzun neurrian. Hobe «urte askoan» esan, «adio» baino. Oraindik hemen gaude, bizi gara, ospa dezagun. Urteurrenak seinale dira, bideko mugarriek bezala distantzia bat bete dela gogorarazten dizute. Urtemugak. Betetako distantziaren dimentsio misteriotsu horretan sarrarazten zaituzte, horri begirarazten dizute, lauso baina zuzen, aurrez-aurre, eta bereziki sentibera jartzen zaituzte, bereziki bigun. Beste inoiz baino bortitzago egiten dizute oroitzapenek eraso. Seinalearen konkrezioak oroitzapen batzuena balekar bezala datozkizu amonarekin egondako denda, aspaldiko amorante harekin egindako parranda, amarekin izandago eztabaida bat, adiskide hura azkenekoz agurtu zenuenekoa.

Momentu horietako bakoitzetik hona igarotako denbora oso luzea bada ere, laburtu egiten da, urtu egin balira bezala urteak bata bestearen gainean pilatuta, atzo bertan gertatu balitzaizu bezala gaur guztiz ezinezko zaizuna. Ez da posible. Bizipen berpiztuan agertu zaizkizunen heriotzak galerazten dizu, edo hondatutako harremanek, galdutako ohiturek… alferrik pasa ez den denborak azken batean. Bizirik iraun ahala lekuak ere hustuz doazkizu. Loturarik gabe, aingurarik gabe, erreferentziarik gabe uzten zaituzte dendek eta tabernek, aldatu egin direlako edo itxi egin direlako eta desagertu, edo han agurtzen zenuen lagunak erretiroa hartu duelako.

Gauzak horrela, pentsatzen duzu, balirudike urteak bete ahala goxatu eta samurtu egin behar genukeela. Erraztu elkarri erraz daitekeena, urteek erakutsi bide digutelako zein hauskor garen eta zein ahul, nola min emateak ez duen merezi, nola gaztetako axolagabekeriaz egin eta hartu genuen min beharrik gabe, nola badakarren bizitzak berez aski oinaze… Arindu egin behar genituzke burubihotzak, gorputza arindu ez daitekeenez. Elkarri harrera on egin eta ez eraso, utzi lekua besteari, gero eta argiago baitakusagu denok barku berean goazela. Ezinbestean amildegirantz doan barkuan.

Oso-oso gutxitan da hala ordea. Gutxitan aurkitzen duzu kidekoengan abegi ona, goxotasuna eta bakea. Oker bide zabiltza erraztearen esperantza horretan. Bizirik dirautenek sarri gogortu egiten dute tratua, zaildu harremana, ez dizkiote besteei gauza atseginak esaten, txantxa iraingarriak baizik, handikeriak kontatzen dituzte ia eten gabe beren buruez, beren seme-alabez, bilobez, bidaiez, etxeez, aukera politikoez, jaten dutenez eta edaten dutenez… amildegirako barkuan ez baleude bezala besteok bezalaxe, zorte kaxkarragoa izan dutenak bezalaxe, hain bidaia erakusgarriak egin ez dituztenak bezalaxe, osasun ahulxeagoa dutenak bezalaxe, txiroago direnak bezalaxe, bilobarik ez dutenak bezalaxe, politikoki bestela pentsatzen dutenak bezalaxe.

Edo horrexegatik ote? Amildegirantzako barkuan egotearen ezagutza dutelako barren-barrenean, barren erdi-ezkuturen batean? Beldurrak bihurtzen ote gaitu harroputz eta erasokor, handinahi eta exhibizionista, geurekoi, gaizto. Horrela heriotzaren mehatxuari ezikusi egiten al zaio? Edo haserrea ote, hain poliki eta hain laster doalako dena, inondik ere kontrolatzen ez dugun erritmoan. Hori nahi ote dugu gezurtatu gure handikeria eta geurekoikeriekin?

Bai, amorrua, beharbada, hori ere libre baita. Irribarrez eta itxurakeriaz mozorrotutako amorrua. Asko dira beldur direnean eraso egiten duten animaliak. Guk ere berdin egiten dugu nonbait itxura zibilizatuen hegalpean. Ez digute zahartzen irakasten eta, dirudienez, ez dugu geure kabuz asko ikasten.

Galde 41 Uda/2023

Zahartzearen zailtasunez