Zahartu baino lehen, neka-neka eginda!

Zahartu baino lehen, neka-neka eginda! – 

Badirudi zaharraldiaren aurretiko aukera azkentsu bat-edo zabaltzen zaigula berrogei taka urte ingurutxoan. Zentzu ezkor-negatibo edo antzu-elkorretik begiraturik, “berrogeietako krisialdiaren” izen-etiketa horrek azal dezaken guzti eta gutxian ainguraturik gera gintezke. Krisi guztiek dute bere azaletiko eta bere sakon-barrukoa. Azaletik bestetik heldu ezean, azaleko ere irakurketa eta azalekoak ere neurri hartu beharrekoak. Onenean, bizimodu osasungarrixeago eraman aldera egin, elikadura zaindu, gimnasiorakoa maiztu… txarrenean baina, delirio kognitibo ezin ukatuzkora bete-betean lerratu, eta temosoki berez zaren moduko hori ez (on)hartu eta, gaztetu nahi inozoan setaturik, gaztetu bainoago umetandu, eta naturaren ubidez kanpo, heldugabetu, agian are tonto-tontotzera arteraino ere, zeinek jakin!

Hala ere, berrogeitako krisialdiaren delako etiketa honek badu bere esatekorik asko, ezin uka; izanez ere, fisikoki zein psikoki orduratsu arteko gaztetasun sasoikoa zein bere azkengabeko energia bere berean edo bere osoan zinez jada sumatu ez, eta, halere, oraindik bere arrastoa guztiz galdu gabe, etendura bat, soilgune bat zabaltzen zaigu. Eskasiaren kudeaketa efizientea omen da ekonomiaren zergatiko eta zertarakoa. Bizitzaren gaineko ekonomi moduko zer edo zertsuri buruz hitz egiterik bagenu, orduantxe, berrogeikoetan legoke zinez bere berezko aldia, eta ez inolaz eskola eta unibertsitate garaiko hezte (adoktrinatze) hasierako urte horietan. Orduan, etorkizuneko “probetxuzko” gizon-emakume izate alderako ari zaizkizu bultza eta bultza, hau eta beste buru belarri ikas dezagun, hemendik eta handik abia gaitezen, eta mundu “ordenatu” honetan beste “ordenatuetatiko” bat (ordena ondo asko betetzen dituzten beste horietatiko bat) izan gaitezen otzan eta formal. Orduan baina, ziurrenean deus askoz ez gara ohartzen; agian onenean, sumaz edo, pairatzen ari garen otzantze eta desjabetze prozesu horren nolabaiteko susmoa izan genezake, izatekotan.

Sakonetik begiratuta, dena den, geldiunetxo bat egiteko deia ere beharko luke berrogeietakoak. Nahikotxo jada ordura artean ibilitakoa, gutxi baina estrukturalki eta errotik ber-bideragarria, eta halere, dexentekoa, ustez, oraindik ere urratu behar izatekoa. Birjaiotzeko jada oso berandu, baina bateratsu aurrera egiten jarraitu ahal izateko nolabait-edo besteko indar edo zentzu falta, edo gutxienez hori aurkitu edo sendotu beharra. Behar den unean ailegatzen zaigu biografikoki zein biologikoki berrogeietako delako krisialdia; astuntxoa dugulako, edo zaigulako, motxilaren astuna; zabaldu orduko, zenbait eta zenbait gauzari diegu irizten zinez alferriko jada, eta zenbat zirtzilkeria gutiziatutako eta lortutako helburuen artetik! Jakin izan bagenu aurretiaz, bestela prestatuko ginatekeen, besterik zatekeen geure gazteetako plana. Hala eta guztiz ere, aieru baino ez dugu irudipen hori ere eta, hortaz, alperrik ere horretan gehiegi luzatze eta tematzea.

Zahartu baino lehen neka-nekaOso teoriatik planteaturiko eskemetatik bideratu ditugu gure bizitzak sarri askotan. Geuretik ezer gutxi,edo batere ez, zeukaten kanpo planteamenduetatik. Gerora, ibiliaren ibiliaz, gure funtzionamendua ez da espero izatekoa zen hura izan inondik, edo agian bai, baina, halaxe izanda ere, desgogora, eta nolabaiteko gero eta arroztasun sentipen handiagoz. Ezarri zitzaizkigun eskema horien arabera, geure portaera, gure funtzionamendua ez dira itxura batean, gizakiak garen aldetik, espero izatekoak zirenak. ltxura batean, ontasuna maitatzeko, edertasuna miresteko, lagunartea atsegingarri egiteko, elkarri zoriontsu bizitzen laguntzeko eta, garela esan daiteke. Baina ez, desbideratu egin gara nahikotxo eta sortutako sentipen kontraesankor horrek utzitakoaren pilaketak gainezka egin digu jada. Hortik dator, ziurrenik, espiritualtasun tradizio zenbaitetik, gure “barne umetxoa” berreskuratze, azaleratze, alderako aldarri eta deia; izanez ere, nori ez zaio, adin tarte horretan murgilduta, neskatilatxo-mutiltxoak, jolasean ala geldi, edota zenbaitetan jardun beharraren beharrez mila bihurrikeria okergabekoetan ikustea liluragarri egiten? Eta nork ez ditu ikusten gustura edo kultu hala moduzko adoratzaile batez? Nola ez aitortu adoragarri eta harrigarri zaizkigula? Helduon artean, umoon artean, jakitez, edo, agian hobeki esan, desengainuz, nori ez diote sortzen begiramenduzko sentimendu eta begirune adeitsurik? Sentimendu hauek zer esan askorik beharko lukete gugan. Gure sentimendu berezko hauen arabera beharko luke gure funtzionamenduak aritu. Zerk gaitu baina erasokor, gizatasunarekiko sorgor, basati, gaizto, errukigabeko eta zital bilakarazi?

Ezin baina urrutiegi ailegatu naturaren kontra; hortik hortaz berrogeietako krisialdia, horratx, bere etiologia. Krisiek eskuarki bidegurutze baten aurrean gaituzte jartzen, hemendik edo handik jo hautatu behar dugularik. Berrogeietako krisialdian beste horrenbeste gertatuko zaigu, nahiz eta gehien-gehietan ezertan hautatu beharrik sumatzen ez dugun. Gehienetan ezertxoz ere jabetu ez, eta lehengo berean jardun, oraingoan agian are temosoago ere, agian mendi-maratoietan hasita gaztetu nahian, agian gimnasioan ordu gehiago sartuaz, minbera zaigun berrogeietako motxila isilarazi nahian, berorrekikoetan sorgortu nahian… Baina total bestela aritzeko jarrera ere har genezake; eta gaurko bizimoduari begiratzen baldin badiogu, gehiengoak ulertzen eta ontzat ematen duen bizitzaren ordenamendua zinez aintzat hartzen badugu, gure oraintsu arteko aspirazio zein gurariok zoro-zorotzat jo ditzakegu.

Eta behin honez gero, gure bizimoldea, gure ogibidea, ziurrenik ezin izango ditugu aldatu. Baina ez dugu gure lanari itsuki lotuta bizi nahi izango, ez eta beste hainbat eta hainbat eginkizuni ere. Beroietan jardungo dugu orain artean bezalatsu, nola ez, eskekoak bilakatuko ez garenez, baina bestela jardungo dugu, oso bestela edo bestelako jarreraz. Hau badoa, bizitza eskuetatik badoakigu ziztuan. Hemendik hara, nire haizeari, gure arteko haizeari, bidea zabaldu behar izango genioke, kolore ederretako eta librea den eta egiten gaituen haize horri, ohiko bizi-maila, ondasun zein itxurazko baino ez diren segurtasunak agian horren ziurtzat izan gabe ere, bai baina zorion hobea eskainiko didan haize horri, neure, geure, zorotasunarekin batago etorriko den horri.

Zergatik haizea kateetan lotuz bizi? Zergatik ez eman geure burua beste modu batez are, ustez eta itxuraz, lehengo berean dihardugula eman dezaken arren.

Zahartu baino lehen, neka-neka eginda!

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.