Zahar
Zahar –
Karmele Jaiok deia egunkarian.
“Zaharra naiz”, esan dit lagunak, irmo, elkarrekin zerbait hartzen ari garela aspaldiko partez. Barre egin dut, ezetz erantzun diot, eta adin batetik aurrera elkarri animoak emateko esaten dizkiogun gauza horiek guztiak esan dizkiot, primeran dagoela eta abar… “Ez, ez, ez –erantzun dit–, nik badakit azalaren biguntasun honek, zimurrek, ile zuriek, sabel inguruko lodierak eta horiek guztiek ez dutela erremediorik, ez didazu animorik eman behar. Esan nahi dut zaharra naizela azkenik, eta horri esker orain dena askoz argiago ikusten dudala”. Une batez adin eta jakinduriaren pulpitura igotzen imajinatu dut eta munduari handik goitik begiratzen, garaile.
Barrara hurbildu eta esan dit bera ez dagoela jada zuritoak edalontzian edateko moduan: “Zuk ere kopan hartuko duzu?”. Eta gauza bera gertatzen zaiola bizitzako beste gauza askorekin: “Jada ez nago prest bizitzan zehar irentsi behar izan ditudan gauza asko irensten jarraitzeko; zahartzaroak dituen bentajetako bat da, zeure buruari halako autoritate bat ematen diozula hau nahi dut eta hau ez esateko”. Kontatu dit aspalditik konbentzitu dela zenbait gauza merezi dituela eta goza di-tzakeela horregatik barkamena eskatu beharrik gabe: “Iragarkian bezala, porque tú lo vales, edo ez?”. Hain konbentzituta dio, nola esan ezetz. Gaineratu du bizitzan zaila izaten dela jakitea zer nahi duzun, baina bera horretan lanean dabilela, work in progress ari dela, eta dagoeneko gutxienez badakiela argi eta garbi zer ez duen nahi. Eta ez dela gutxi.
“Badakizu zer gustatzen zaidan gehien zahartzeaz? –esan dit–. Gainetik kendu dudala mundu guztiari egiten dudanari edo egiten ez dudanari buruz azalpenak emateko obligazioa. Manta zahar eta astun bat gainetik kentzea bezala izan da”.
Tabernatik irtetean, eta lagunaren speech-a oraindik buruan, pentsatu dut aurrerantzean zuritoak kopan eskatzea aterako zaidala, nahitaez. Eta batek daki, agian halako batean kopa zerurantz altxatuko dudala, garaile, esku artean Champions Leagueko kopa izango banu bezala. “Porque tú lo vales, edo ez?”.
Zahar