Xiringak
Xiringak –
Behin erori izana nahikoa ei da amildegira bidean doazen denak identifikatzeko, idatzi du Nerea Ibarzabalek Bizkaiko Hitzan, menpekotasunak ahotan hartuta.
Heroinazale izandako bi pertsonaren paperean jarri zituzten kantuan Xabi Igoa eta Iñaki Viñaspre Arabako Bertsolari Txapelketako finalean. “Kezkatuta zaudete azkenaldian lurrean ikusten duzuen xiringa kopuruarekin”, edo horrelako zerbait zioen gaiak, ez ditut hitz zehatzak oroitzen. Ez dakit bat-baterako gairik errazena den, baina luze idazteko ematen du menpekotasunak gainditu osteko faseak, gerra itzali ondorengo lur erreak.
Erori eta kostata altxatu denari pausoan nabaritzen zaio. Gaiak aipatutako bi heroinazale ohiak imajinatu ditut parkean lurrera begira, mantso, jakitun amildegia norbere barruan dagoenean oso erraza dela erortzea. Amildegi horren ertzean etxe bat eraikitzea da menpekotasuna gainditzea, leihotik begiratu eta ikustea nondik ateratzea lortu zenuen. Baina amildegia hor, hala ere.
Erorialdiak publikoki onartzeak lotsa ematen du, batez ere ingurukoak zu baino lehen jabetuko zirelako arazoaz, eta zuk ukatu egingo zenuelako hasieran. Kalera pijaman atera zarela konturatzea bezala da, baina oso berandu. Batzuek inoiz ez dute nahiko gaiaz hitz egin, eta hitz egingo dutenek denbora bat beharko dute, erortzeagatik ahul sentitu ordez, ateratzeagatik indartsu sentitu arte pasatu behar den denbora, gutxi gorabehera.
Eta zer gertatzen da, gaiak planteatu bezala, zure amildegi ertzeko etxean goxo zaudela, zulorantz zuzenean doan jendea ikus badezakezu leihotik goizero? Lotsak isilik geratzera bultzatuko zintuzke, edo atetik irten eta hitz egitera ausartuko zinateke?
Igoak eta Viñasprek bertsotan azpimarratu zuten beraien esperientzia kontatzeak izan dezakeen garrantzia gainerakoei laguntzeko orduan. Eta iritzi berekoa naiz, kontaketak norbere burua sendatzen du, eta gainerakoei laguntzeak borroka batekin konprometitzen zaitu. Borroka horrek salbatuko zaitu, inork salbatzekotan, ahulguneetan.
Psikologiaz ideiarik ez daukan batek diotsue hori hala dela, behin erori izana nahikoa delako amildegira bidean doazen denak identifikatzeko. Neuk ere ikusten ditut nire xiringak lurrean. Ikusten ditut oso gaztetxoak irudiari inoiz baino gehiago erreparatzen, ikusten dut jendea dieta kronifikatuetan. Ez dut ikusten gorputz dibertsorik komunikabideetan. Ikusten ditut osasunaren izenean argaltzeko esaten dizuten lodifoboak eta jendeari lodi dagoela esanez aberastu diren enpresak. Ikusten ditut pertsonak gimnasioan udaberrian, ispiluak eta batidoak, batido asko. Ikusten ditut pisua galtzeagatik bizitza aldatu zaiela diotenak sare sozialetan, eta anorexia kasualitatezko birus bat balitz bezala azaltzen dutenak —”hau ere guri gertatu behar”-. Zorionez, ikusten dut gure gorputzak etengabe moldeatu eta suntsitu nahi dituen sistema hau, lehen ez bainuen ikusten. Eta hori etengabe ikusaraztea eta salatzea izango da nire borroka, jende gehiago erortzen den edo amildegia bera handitzen ari ote den ez dakidan honetan.