Xavier Zubiriren “erreligazioa” eta Nishidaren “bashoa”
Xavier Zubiriren “erreligazioa” eta Nishidaren “bashoa” –
Irudikatu al dezakegu ezer, den eta existentzia duen ezer, loturarik gabe, guztiz solte eta deslai, bere bakar eta soilean? Badirudi ezetz, existentziak koexistentzia du ezinbesteko aurrebaldintza. Are irudimen ahalegin eskerga eginez gero, eta errealiatea, unibertsoa, bere oso-osoan gogoetatu ahal izanez gero ere, alegia, errealitateak ezertxo ere kanpo utziko ez lukelako uste sendoan egonda ere, beste zerabaitekiko elkar-loturan legoke betiere eta nahitaez, hala nola eta esaterako, oro hartze ahalegin horretan ahaztu uste dugun ezerekiko harremanean, guk geuk gutiziatutako bestelako errealitate ez gauzatu batekiko harremanean, edota, eta besterik ez bada ere, irudikatutako osotasun hori, bilakaeraz, bere aurreko, bere iraganeko, osotasun jada igaro harakoarekiko erlazioan.
Dena, den-dena, zerbait den aldetik, erlazioan dago. Xehe-xehe hitz egitera, zer bakoitzak, are erreflexiboki ere, are bere buruarerekiko ere, autoerrelazio-lotura bat duela aitortu beharko genuke. Banengon jada aurraz gaingiroki mintzatuta kontu honen inguruan iragan artikulu batean. Orduko hartan, Zubirirekin esanda, zera nioen; Den guztia, txiki-txikia izanik ere, ezin zedarritu eta mugatuagoa izanik ere, bera ez den beste guztiarekiko dago zuzen onez elkarlotuta. Hondar alde txiki ñaño ezin hutsalago batek, asko, dena, barnebiltzen du bere baitan, sakon-sakonean, bera ez den gainontzeko errealitatearekin dago ezin hobeki lotu-lotua. Den-dena, nolabait edo beste, gainontzeko guztiaren eroale da. “Bere sakonean ale bat ikusteko gauza den horrek, mundu osoa, errealitate osoa ikusi du alde delako horretan” zioskun Xavier Zubirik bere errealitatearen teoria garatu bidean. Hori zen hain justu ere berak deituriko “errealigazioa”.
Zubiriren ikusian, errealitate guztiak errealigatuak daude, errealak izango badira. Halaxe da, egia aitortzera, pixkatxo batez pentsatzeari sakon ere ekiten badiogu. Ale tixikiño bat, bere ezdeus-ezdeusean, umetoki duen hondartzaren iragarle dugu, arroka zuen jatorri zaharraren iragarle, betidanik bizilagun dituen ezin konta ahala itsaso-tantatxoren lekuko, pasiatzaile hondartzazale guztien oin-azpien leungarri, beste ezin konta ahala hondar aleren artean, berauek trinkotuz eta gogortuz gero, etorkizunean balizko harrizko etxe horren hormaren parte ñimiño, haizete boladaren batean, haizearekin bat eginez, bere kasik parte, geure begi betsarera ailegatuta, berau erauzi arte nahikotxo ezinegona sor liezguekeena inoizko batean, eta, berau ezin erazuzirik, seguruena oftalmologoarengana bultza gaitzakeena,… eta delako hondar ale txikiño bezainbat erreal horretatik tira eta tira eginez gero, oraintxe puntuan nezkez imagina ditzakegun ez dakit zenbat bestelako gauza eta errealitatera arte ailegatzeraino.
Orain baina, Zubiri pixka bat bazter utzi, eta berarengandik ezin urrunagoko beste autore baten antiojoez errealitatearen antzeko ulerpen batekin egin uste dut topo. Kitaro Nishida dugu bera. Kiotoko Eskola deritzon horren sortzaile izan zen fisosofo metafisiko janponiar bat dugu Nishida, besteetan beste, Ezereza pentsatzea obragatik ezagun izan dakigukeena Mendebaldean. Bada, Nishidak badu kontzeptu bat, “basho” deritzona, guztiz itereseko izan dakigukeena erreligazio zubiriarraren parean jartzeko. Ekin diezaiondan jarraian basho dena delako kontzeptu lerro hauetara ekartzeari.
Basho-a errealitatea oinarritzen duen gertakari baten “gune” bakoitza da, gogoak (oharmenak) beretetzen dueneko “eremu” zehatza da. Bashoa, den ezerk duen “gune” oso zehatz eta egokiatu hori, ez da estatikoki eta behin betiko eran ulertu behar. “Gauzak” egokitua duen “gune” mortu bat bainoago, bashoa “eremu aktibo” bat da, zeinaren arabera hor kokaturik dagoen gauza horrek, proiekzio dinamiko batez-edo, indar bat eragiten du eremu horretan kokaturik dauden gauza horretan eta beste gauzetan.
Nishidaren ustez, basho-a ez da soil-soilik gauza batek espazioan edota kontzientzian (gogamenean) okupatzen duen lekua, bazik-eta areago, “eremu aktibo” bat ere bada basho-a , eta indar bat eragiten du jasoa izan duen objeketuan, eta, bateratsuki, bere baitan kokaturik dauden gauzei batasuna damaie. Basho-ak, kontzientzia eremua den horrek, barne indar erakarle moduan obratzen du, halako moldez, non bere baitan den ezerk kanpo aldera egin ahal izan dezan eragozten baitu guztiz, Einsteinek proposaturiko kanpo grabitzionalek nola.
Basho-a zein erreligazioa, gertakarien arteko elkarlotura eta euren arteko elkarrekiko dantza interrelazionala zientzia guztian eta zientzia guztietan daude gero eta barnatauagoak. Guztiaren ulerpenari zaio aplikagarri, den guztiari aplika dakioke, guztiz materiala baino ez dirudien horretatik hasi, eta, gure-gureak izanik ere, asko-askotan, ustez, errealak izateko kutsurik gabeko gure ametsen ideia galduekin buka.
Errealitatea dantzaldi oro-hartzaile baztergabetzat ulertu beharko genuke, non gertakari itxuraz solte bat (edota, esaterako, errelato bat, ideologia bat,…) arrunt erlatiboa, ezdeusa baita bere soilean, eta non, aldiz, errealitatea bere osoan serio baino serioago hartu behar baitugu bere amaigabeko dantzaldi korapilatsuaren eran.
Igor Goitia