Udara heldu da

Kuriosoa egiten zait, poesiak, kantagintzak eta literaturak, oro har, urtaroez egiten duten erabilera.

Tristezia, arimaren iluntasunak, malenkonia eta antzerako sentsazioak eta sentimenduak neguarekin lotzen dituzte. Bizi-poza, itxaropena, maitasuna, eta horrelakoak, aldiz, udaberriarekin eta udararekin.

Egia da, izaki bizidun askoren zikloa urtaro horien arabera doala. Neguan lozorroa eta hibernazioa, hostoen erorketa, etabarrak;  udaberrian, aldiz,  loratzea, ernalkuntza, bizitza berriak sortzeko sasoia. Baina gizakiaren kasuan, ez dut uste beti horrela denik.

Gizakiok, gure bizitza geure nahiera egokitzeko gaitasuna daukagu, eta neguan, egunen luzera eta eguraldia direla medio, ordu gehiago igarotzen ditugu etxean, ziurrenik. Udaran, berriz, oporrak direla, giroa dela, ordu gehiago egiten ditugu kalean. Baina bakarrik dauden pertsonek, zer egiten dute? Ez al da gogorragoa etxean geratzea gehienak kalean dabiltzala jakitean? Ez al da hori tristurarako arrazoi bortitzagoa? Ez al da orduan azaleratzen norberaren benetako egoera?

Udazkenak eta neguak malenkonia eragiten badidate ere, une ilun gehienak beti udaran bizi izan ditut, denbora libre gehiago izan dudan mementoetan. Neure bizitza kudeatzeko arazoak orduan azaleratu ohi dira, besteak zerbaitetan dabiltzala jakinik, edo pentsatuz, norberak zer egin ez dakien une horietan.

Udara heldu da eta animoso hartu diot aurre, baina ez lozorrotik eta iluntasunetik atera nauelako. Gizakiontzat, bizitza honetan,  ez dago urtarorik: edozein egun izan daiteke goibel, edozein egun izan daiteke alai. Egunean egunekoaz gozatzen ikasten dugun unean, orduan, soilik, izango gara zoriontsu.

 

 

JOXEPAREN KAIERA