Txorroskileroa

Txorroskileroa –

Rikardo Arregi, Noticiasen.


Txorroskileroa entzun nuen astelehen goizean Gasteizen. Ez begiratu hiztegian, txorroskileroa da, zen, kalez kale labanak eta aiztoak zorrozten dabilena, zebilena, motozikleta gainean gehienbat, txilibitu edo txirula moduko baten bitartez soinu oso berezia jotzen duena, zuena, jendeari iristen ari zela abisatzeko. Beato Tomás de Zumarraga kaleak Gasteizko Hiribidearekin egiten duen bidegurutze zabalean nengoela, argi berdearen zain, iruditu zitzaidan soinu berezi hori aditzen zela trafikoak leku horretan sortzen duen burrunba gainetik. Une batez denboraren makina batek orain dela urte asko bizi izan nuen Gasteizera eraman ninduela pentsatu nuen. Azken finean kanpaiak bezala txorroskileroaren txilibituak nire soinu-paisaiaren osagarriak dira, ziren.

Txorroskileroa
Txorroskileroa, Artzeniegan.

Hiribidearen beste aldean ikusi nuen, eta semaforoak baimena eman zidan bezain laster, haren atzetik hartu nuen Beato kalean ibiltzen zuen espaloitik, musika zoragarri hura gertuagotik entzuteko asmoz, bera Hamelingo txirularia izango balitz bezala, eta ni arratoia edo haurra. Errukarria begitandu zitzaidan. Zein etxetatik entzun ahal izango litzateke soinu hori, hainbeste automobilen artean, zortzi solairuetako eraikuntzek osatzen duten amildegi sakon horretan? Zeinek jakingo zuen nor zen gizon hori eta zertan zebilen? Jende adinduak soilik, jakina.

Haren parera iritsi eta hizketan hasi nintzaion totelka. Soinuaz hitz egin nion. Bai, jende askok esaten dit haurtzaroa gogorarazten diola. Etxetik gertu egongo banintz emango nizuke labanaren bat zorrozteko. Non bizi zara. Azkenik, helbidea eta telefonoa idatzi nion paper batean. Bihar edo etzi pasatuko naiz, ez naiz hemengoa baina aurkituko dut. Negozioa egiteko aukera aprobetxatzeari ondo iritzi nion. Nostalgiak ez du fakturarik ordaintzen.

Ez dakit zenbat kobratuko didan. Beharbada merkeagoa aterako litzaidake laban berriak erostea, baina erriturako prestatzen ari naiz. Hilobian loreak jartzea bezalakoa izango da, otoitz moduko bat gurasoentzat eta galdu den bizimoduarentzat. Ez zuen txilibiturik, soilik bozgorailu txiki bat eskulekuaren gainean.

Txorroskileroa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude