Txikigarriak

Txikigarriak –

Txikigarriak
Irudiaren kreditua: Tim Mossholder

 

Ume moko horrek galdetuko dizunean nola nahi duzun, «cortito» erantzun.

Konturatu zaitez nola tipoak, hori entzuterakoan, eskuan zeuzkan guraizeak utziz, makinila elektrikoa hartuko duela.

Damutu zaitez «cortito» esan izanaz.

Altxatu apur bat ahotsa Philipsheko burrunbaren gainean eta ausartu «pero no demasiado» esaten.

Zure aurrean daukazun ispiluan ezezagun belarriluze bat agertzen den heinean zoaz barneratzen batentzat motza dena beste inorentzat luzea izan daitekela.

Ilea larru-arras utziko dizula ikusten zoazen bitartean aprobetxatu gogoeta arin bat egiteko komunikazio prozesuaz, txikigarriek sortzen dituzten nahasteaz… «Poquito» berak arrisku handia dauka. Kontuz «dinerito»rekin ere…

Saia zaitez “arradatu” eta “moztu”ren arteko non dagoen muga zehazten.

Izan gogoan -“como siempre, Mariano”- maitasunez zure bizitza osoko ile-apaintzailea; Marianok zure familiaz galdezka, Marianok sudurreko zuloetatik azaleratzen zitzaizkizun ileak mimoz mozten…

Galdetu zeure buruari zergatik demontre Marianok -zu baino askoz gazteago dagoela- hartu behar izan duen erretiroa.

Gorrota ezazu Mariano. Hasieran pitin bat baino ez; gero, txapuza, mutiltze horrrexegatik 25 euro ordaintzen dituzularik, gogoz.

En fin

Bizirauteko jarraibideen eskuliburua

Txikigarriak

Irakaslea, idazlea; hurrenkera ez daukat batere argi.